Murchante
Murchante | |||
---|---|---|---|
Nafarroa Garaia, Euskal Herria | |||
Herriaren ikuspegia | |||
| |||
Kokapena | |||
Herrialdea | Euskal Herria | ||
Lurraldea | Nafarroa Garaia | ||
Merindadea | Tutera | ||
Eskualdea | Erribera | ||
Administrazioa | |||
Estatua | Espainia | ||
Erkidegoa | Nafarroa | ||
Izen ofiziala | Murchante | ||
Alkatea | Tomás Aguado Martínez (PSN) | ||
Posta kodea | 31521 | ||
INE kodea | 31176 | ||
Herritarra | murchantear | ||
Geografia | |||
Koordenatuak | 42°01′48″N 1°39′21″W / 42.03°N 1.6558333333333°W | ||
Azalera | 13,23 km² | ||
Garaiera | 322 metro | ||
Distantzia | 95 km (Iruñetik) | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 4.237 (2023: 81) | ||
Dentsitatea | 258,49 bizt/km² | ||
Zahartzea[1] | % 30 | ||
Ugalkortasuna[1] | ‰ 46 | ||
Ekonomia | |||
Jarduera[1] | % 76,1 (2011) | ||
Desberdintasuna[1] | % 9,28 (2011) | ||
Langabezia[1] | % 15,48 (2013) | ||
Euskara | |||
Euskaldunak[2][3] | % 0,30 (2018: %0) | ||
Datu gehigarriak | |||
Webgunea | https://www.murchante.es |
Murchante[4] Nafarroa Garaiko hegoaldeko udalerri bat da, Tuterako merindadekoa. Iruñea hiriburutik 95 kilometro hegoaldera dago, eta 3.761 biztanle zituen 2014. urtean.
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Murchante herriaren Murtxante gisa agertu zen 1979ko Euskaltzaindiaren Euskal Herriko Udalen Izendegian, eta TX-rekin agertu izan da idatzia euskaraz sarri harrezkero, baina forma zuzendu zuen gero Euskaltzaindiak, CH-rekin utziz araututa[5].
Etimologia argirik ez du izenak, baina erromatarren aroa baino lehenagoko sustraia del uste dute adituek. Idatzizko dokumentazioan erdiaroan Murchant gisa ageri da, eta -e paragogikoa gehitu zitzaion uneren batean (Olite eta Cascante herri izenen eboluzioan ikusten den bezala)[6][7].
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Murchante Nafarroa Garaiko hegoaldean dago, Tuterako merindadearen hegoaldeko muturrean.
Ingurune naturala eta klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erliebea nahiko laua da, eta herriak antzinako ibai-terraza bat betetzen du. Bi ibai igarotzen dira udalerritik, batetik Queiles ibaia Moncayo menditik jaisten dena, eta bestetik Lodosako ubidea, 1935. urtean eraikitako ubide artifiziala. Ubide horrek Erriberako udalerri askotara eramaten du nekazaritzak beharrezko duen ura.
Murchanteko klima Ebro ibaiaren sakonuneko berezko klima mediterraneoar-kontinentala da. Urteko batez besteko tenperatura 14 eta 16 gradu artekoa eta prezipitazioak 400 eta 450mm bitartekoak dira. Urteko egun euritsuak 50-60 izaten dira, batez ere udaberri eta udazkenean egiten du euria. Udak oso lehorrak izaten dira eta haizerik ohikoena iparreko zierzo haizea da.
Jatorrizko landaredia erabat aldatu da, gizakiaren eta nekazaritzaren eragina dela eta.
Cardeteko putzua Lodosako ubidetik etorritako ura pilatzeko erabiltzen da, ondoren, "Huertas Mayores" izeneko Tuterako gunean dauden ortuak ureztatzeko. Putzuan hegazti eta arrain espezie ugari bizi dira.
Mugakideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iparraldean eta mendebaldean Tuterarekin egiten du muga, eta hegoalde eta ekialdean Cascanterekin.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erdi Aroan bi erlijio zeuden Murchanten, kristauak eta musulmanak. Herrian meskita bat zegoen, baina musulmanak XVI. mendean kanporatu ostean, eliza bilakatu zen. Erliebea laua izan arren, herriaren gorengo tokian, gaztelu edo gotorleku moduko bat eraiki zen, erromatarren garaiko egitura baten arrastoen gainean. Jatorrizko Erdi Aroko hiribildua harresi batek inguratzen zuen. Harresi hark, zenbait ate zituen, eta ate hauetatik, inguruko herrietara ailegatzen ziren bideak hasten ziren, hala nola, Tutera, Cascante, Ablitas, Corella edo Castejónerako bideak.
Musulmanek Iberiar penintsularen inbasioa hastean, egungo Nafarroa Garaiko hegoaldea konkistatu zuten, eta Murchante musulmanen esku egon zen 1119 arte. Urte hartan Alfontso Borrokalaria erregeak konkistatu egin zuen. Ondoren, nobleziaren eta Murchantetik kanpoko jauntxoen jabetza izan zen herria. Lehenik, Azagrako Gonzalo izeneko noblearena, ondoren Tuterako deanarena, eta azkenik, Tuterako alkateak agindu zuen Murchanteko herritarrengan.
1763. urtera arte itxaron behar izan zuen Murchantek bere arau eta estatutu izan ahal izateko. Ordura arte Tuterako udalak esanikoa bete behar zuten. Azkenik, 1820. urtean, Murchante Tuteratik banatu eta udal independentea lortu zuen. 1847an Murchantek, udal ostatua eta bi eskola zituen. Mutilen eskolak 60 ikasle zituen eta 2.500 erreal urtero zuzkidura moduan. Nesken eskolak 50 ikasle zituen eta bertako maistrak 1.500 erreal irabazten zituen urtean. Herri bideak egoera onean zeuden, pattarra ekoizteko lantegia eta irina ekoizteko beste errota bat zeuden. Herriko jarduera nagusia ardoa ekoiztea eta saltzea ziren.
XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen hasiera arte, herriak hazkunde handia izan zuen, Erriberako herri askok bezala. Errepide berriez gain, burdinbidearen geltoki berria eraiki zen. 1920ko hamarkadan olioa ekoizten zuen errota, irina ekoizteko beste bi errota, pattar lantegia, eta teila eta adreiluaz ekoizteko beste bi lantegi zeuden herrian. Jatorrian zeuden bi eskola publikoez gain, Sortzez Garbiaren ordeneneko mojek, ikastetxe pribatua eraiki zuten. Murchanteko ardoek fama hartu zuten mundu osoan.
Gerra Zibila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1936ko azaroaren 20an, Murchanteko zazpi herritar hil zituzten Fustiñanan. Hildakoen gorpuak lurperatu zituzten gunea ezaguna izan arren, gorpuak berreskuratzeko eta lurperatze duin bat emateko lanak ez ziren 2007a arte egin.
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XX. mendean zehar goranzko joera izan zuen biztanle kopuruak, baina igoera txikia izan zen oro har. XXI. mendearen lehen hamarkadan, aldiz, populazio hazkunde esanguratsua gertatu zen eta % 20 inguru hazi zen.
Murchanteko biztanleria |
---|
2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko 416 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %12,07 (Nafarroako Foru Erkidegoko batezbestekoaren gainetik).
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Murchante herri nekazaria da, eta gehienbat ardogintzari lotutako jarduerak dira nagusi bertan. Herrian guztira bost upategi daude gaur egun, herriko ardoa,haren kalitatea dela eta, famatu egin dutenak. Ez bakarrik ardogintzan, zereal, olibondo eta bestelako barazkiei lotutako jardueretan ere aritzen dira bertako biztanleak. 1970eko hamarkadatik aurrera, eraikuntzak eta sektore industrialak ere garrantzia hartu dute. Horretarako, Carrilabarcako industrialdea eraiki zen. 50 bat enpresa daude herrian.
1908ko maiatzaren 28an, Nafarroa Garaiko nekazarien aurrezki kutxak sustaturiko kooperatiba sortu zen, 1958ko abenduaren 18an San Roque upategi kooperatiba, eta 1953ko irailaren 15ean, San Anton upategi kooperatiba (1971ko apirilaren 28an desagertua).
Upategiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herriko egungo bost upategiak hauek dira:
- Campos de Enanzo upategia
- Príncipe de Viana upategia
- Juan Simón upategia
- García Burgos upategia
- Luis García upategia
Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Udal hauteskundeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2007an Nafar Herriaren Batasuna alderdi politikoko Carlos Villafranca González aukeratu zuten alkate. UPNk Udaleko hamaika zinegotzietatik lau lortu zituen eta alkatetza ere bai; izan ere, GPM (4 hautetsi) eta PSN (3) ez ziren ados jarri alkatetza eskuratzeko. Baliogabeko botoak 40 izan ziren (emandako guztien %1,97) eta boto zuriak 68 (%3,41). Abstentzioa %22,26koa izan zen.
2011ko udal hauteskundeetan PSNko Tomás Aguado bihurtu zen alkate bere alderdia bozkatuena izan zelako eta beste taldeen arteko akordiorik ezean. Bere alderdiaren zerrendan GPMko kide ohi batzuk joan ziren eta 4 zinegotzi erdietsi zituen. Urte horretan sortutako Murchantearrak Murchanterako (MXM) zerrendak beste 4 lortu zituen, UPNk 2 eta PPk bakarra eta I-Ek bat ere ez.
Alderdi politikoa | 2011 | 2007 | ||
---|---|---|---|---|
Botuak% | Zinegotziak | Botuak% | Zinegotziak | |
Nafarroako Alderdi Sozialista (PSN) | %32,16 | 4 | %31,24 | 4 |
Murchantearrak Murchanterako (MXM) | %29,20 | 4 | - | - |
Nafar Herriaren Batasuna (UPN) | %21,08 | 2 | %34,67 | 4 |
Alderdi Popularra (PP) | %8,83 | 1 | - | - |
Izquierda-Ezkerra | %3,42 | 0 | - | - |
Murchanteko Talde Aurrerakoia (GPM) | - | - | 33,63% | 3 |
Alkateen zerrenda
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2011 | Tomás Aguado Martínez (PSN) |
2007 | Carlos Villafranca González (UPN) |
2003 | Jesús Aguado Simón (GPM) |
Udaletxea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Udal eraikina 1953an eraiki zen Víctor Eusa arkitektoaren diseinuari jarraituz. Udaletxea antzinako eraikina egon zen orube berean altxatu zen, eta sotoaz gain, behe, lehen eta bigarren solairuak ditu. Fatxada adreiluzkoa da eta beheko solairuan, arkudun ataria dago. Udala alkateak eta hamar zinegotzik osatzen dute.
- HELBIDEA: Cofrete Kalea, 5
Azpiegiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Murchante Nafarroa Hegoaldeko Kirol Mankomunitateko kidea da. Mankomunitateak Ablitasen du egoitza nagusia.
Garraioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alberto Elcarte autobus konpainiak Murchante Tuterarekin batzen du. Autobus lineak honako ibilbidea egiten du:
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera, Murchante eremu ez-euskalduneko udalerria da. Hori dela eta, gaztelania da hizkuntza ofizial bakarra. 2001eko erroldan, herritarren % 0,29k baino ez zekien euskaraz hitz egiten.
Jaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- San Rokeren omenezko jaiak abuztuaren 14tik abuztuaren 21era dira. Azaroan eta maiatzean, berriz, Andre Mariaren eta San Gregorioren omenezko erromeriak izaten dira: herriko biztanleek herriko kaleetan zehar ateratzen dituzte Andre Mariaren eta santuaren irudiak. Errriberako beste herri batzuetan bezala[8], paloteado dantza-ikuskizuna egin ohi zen Murchanten, baina ohitura desagertu egin zen 20. mende hasierarako. 2007an berreskuratu zuten paloteadoa, ordea, eta harrezkero urtero egiten da ikuskizuna[9].
Ondasun nabarmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jasokundeko Ama eliza: Gaur egungo eliza, 1952. urtean eraiki zen eta antzinako elizaren orube berean eraikia da. Eliza modernoak, parrokia zaharraren oinarri eta altuera antzekoak dauzka. Eraikuntza barruan, Juan de Binies egilearen Cristo de la Siembra izeneko irudia dago (1627. urtekoa). Irudiaren polikromia Iruñerriko Juanek egin zuen. Erretaula nagusia, churrigeresco estilokoa da, eta XVIII. mendearen hasierakoa da. Erretaularen erdian, San Rokeren irudia dago. Eliza barruan, Santa Barbararen irudi barrokoa eta XVII. mendearen hasierako gurutzatuaren irudia gordetzen dira.
- Basiano museoa: Herriko Jesus Basiano Martinez margolariaren lana eta bizitza erakusten dituen eraikina da.
Murchantear ospetsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jesús Basiano (1889-1966), margolaria.
- Manuel Martínez Jarauta (1912-1936), klaretar fraidea.
- Pilar García (1942-), margolaria.
- Ernesto Murillo, Simónides (1952-), komikigile eta margolaria.
- Tarsi Aguado (1994-), futbolaria.
- Iñigo Alayeto (1994-), futbolaria.
- Iñigo Sebastian, Piña (1994-), futbolaria.
- Mauro Etxegoien (2005-), futbolaria.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Belasko, Mikel. (1999). Diccionario etimológico de los nombres de los pueblos, villas y ciudades de Navarra ; Apellidos navarros. Pamiela, 309 or. ISBN 84-7681-239-6. PMC 37293769. (Noiz kontsultatua: 2020-05-13).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- ↑ Euskara ezagutza tasa. (2010) Euskal Herriari Begira (Udalbiltza), Eustat, INE, NASTAT eta Euskal Herriko Hizkuntza Adierazle Sistema (EAS).
- ↑ Nafarroako Gobernua. (2018). Nafarroako Datu Soziolinguistikoak. Euskarabidea, 48-53 or..
- ↑ Euskaltzaindia. 155. araua: Nafarroako udal izendegia. .
- ↑ «Murchante - Lekuak - EODA» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-13).
- ↑ Belasko, Mikel. (1999). Diccionario etimológico de los nombres de los pueblos, villas y ciudades de Navarra ; Apellidos navarros. Pamiela, 309 or. ISBN 84-7681-239-6. PMC 37293769. (Noiz kontsultatua: 2020-05-13).
- ↑ (Ingelesez) «Asociación Historia y Cultura de Murchante (AHCM)» es-la.facebook.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-13).
- ↑ Tubia, Iker. «Makiletan, sustraiak» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-05-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) «X Aniversario Paloteado de Murchante» Ayuntamiento Murchante (Noiz kontsultatua: 2020-05-13).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Nafarroa |
- (Gaztelaniaz) Murchanteko udalaren webgunea.
- (Gaztelaniaz) Murchanteri buruzko informazioa, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuaren webgunean.
- Murchanteko Kale Nagusiaren ikuspegia, Google Street View zerbitzuan.
- (Gaztelaniaz) Murchanteri buruzko datu estatistikoak, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuaren webgunean.
Tuteraldeko udalerri aurkibidea | ||
---|---|---|
Ablitas • Arguedas • Bardeak • Barillas • Buñuel • Cabanillas • Cascante • Castejón • Cintruénigo • Corella • Cortes • Fitero |