Edukira joan

Karlos Linazasoro Izagirre

Wikipedia, Entziklopedia askea
Karlos Linazasoro Izagirre

Bizitza
JaiotzaTolosa1962ko azaroaren 4a (62 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Familia
AitaIñaki Linazasoro
Hezkuntza
HeziketaDeustuko Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta poeta
Jasotako sariak

Literaturaren Zubitegia: 222
Artikulu hau idazleari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Karlos Linazasoro».

Karlos Linazasoro Izagirre (Tolosa, Gipuzkoa, 1962ko azaroaren 4a) euskal idazlea da. Euskal filologian lizentziatua Deustuko Unibertsitatean, 1987. urteaz geroztik, Tolosako Udal Liburutegian egiten du lan.[1] Hainbat literatur-genero landu ditu: poesia, narrazio laburra, haurrentzako ipuingintza, antzerkia eta iritzi artikulugintza. 90ko hamarkadaren erdialdetik asteroko zutabea idazten du Diario Vasco egunkarian.[2] Iñaki Linazasoro idazlearen semea da.

Literatur ibilbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idazle oparoa da Linazasoro, genero gehienak landu dituena baina batez ere narrazioan eta poesian aritutakoa. Irakurle helduei zuzenduta idazten du, baina oso luzea haur eta gazteei zuzendutako bere lanen zerrenda.

Besterik gabe, Albina (Ibaizabal, 1991) eleberri errealistarekin zuzendu zitzaien gazteei lehenengo aldiz, zahar-etxe bateko komediak kontatuz. Harrezkero, hainbat izenburu argitaratu ditu haur eta gazte literaturan.

Aipatzekoak dira Juan Kruz Igerabiderekin lau eskutara idatzitako bi obra, Igerasoro ezizena erabiliz: Gau, gau, gau (SM, 1997) ipuina, 1997ko Bapore saria jaso zuena, eta Kartapazioko poemak (Ibaizabal, 1998), nerabe eta gazteek karpeta bazterretan idatzi ohi dituzten poesia, esaldi eta burutazioen gisakoak jasoz.

Bota gorriak (Anaya Haritza) ipuinarekin, 2001eko Euskadi Literatura Saria irabazi zuen haur eta gazteentzako literatura alorrean. Irudimenez betetako istorio surrealista horretan, Hamabi titare (Aizkorri, 1999) poesia liburuan argitara emandako haiku erako poema batzuk ere txertatzen dira.

Oro har, lan narratiboetan umore, absurdo eta egoera surrealistekin jokatzen du, bai haurrei zuzentzen zaienean, Matteomigliako sailean adibidez, Franti (Giltza, 2002), Lau ipuin matteomigliar (Elkar, 2005) eta Nuvolari Plaza (Erein, 2011) lanetan, bai gazteei zuzentzen zaienean, Urperatze handia (Elkar, 2009) eta Udalbatza bahituaren kasu pollita (Elkar, 2011) lanetan. Dena den, beste erregistro batzuk erabiltzeko gai ere bada, hala nola, genero poliziakoa, Mendekuaren graziaz (Erein, 2004) liburuan bezala.

Era berean, gaiak eskatzen badio, sentsibilitate handia erakusten du Linazasorok errealitatea modu xaloan islatzeko, adibidez, Etzi (Elkar, 2007) lanean: hor, mutiko batek Down sindromedun anaia Brunoren berri ematen du.

Poesian ari denean, jostari ageri da: lehenengo urratsak Hamabi titare (Aizkorri, 1999) liburuarekin eman zituen, haiku erako poema laburrekin, haurrak hizkuntzarekin jolastera gonbidatuz. Gazteei zuzentzen zaienean, amodioa du hizpide nagusi, Zein beste mundukoa (Elkar, 2008) poesia bildumak erakusten duen moduan. Txori kantariak poeta hegalariak (Elkar, 2003) eta Zaldiko-maldikoan (Aizkorri, 2003) lan kolektiboetan ere argitaratu ditu poemak.

Bat-batean, krispetak (Alberdania, 2011) liburuan, aldiz, ipuinaz gain, aforismoak eta neurri desberdinetako poema eta koplak ere eskaintzen ditu, adin desberdinetako haur eta gazteen gozamenerako.[3]

Linazasororen poesia eta narratiba, idazlearen beraren eskuek eginak izanagatik, gaien, erreferentzien zein adierazpideen aldetik oso bereiz doazen ibilbide luzeko bi ubide nagusi dira. Tolosarraren narrazio laburrek absurdoa ustiatzen dute maiz, umore eta (auto)ironia gordinez, mundu- ikuskera etsitua agertzen du, indarkeriak, heriotzak, krudelkeriak eta arrazionaltasun ezak inguratua. Umorera, ironiara jo izan du Linazasoro narratzaileak mundu eta bizitza mingotsaren adierazpideen leungarri. Bestelakoak dira, baina, Linazasoro poetaren hizkuntza literarioa eta gaiak zein bizitzaren eta heriotzaren gaineko gogoetak. Absurdotik, umoretik, esperpentutik urrun, maitasunaren gorazarrea dago poesía horren funtsean, heriotzari aurre egiteko bide bakar gisa, salbazio gisa.[4]

Fantasiaren inguruko ikuspegia[5]

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Linazasororen ustetan, fantasia eta errealitatea ez dira txanpon beraren bi aurpegiak. Bere fantastikozaletasuna Jorge Luis Borges idazleari zor dio. Hark uko egiten omen dio fikzio psikologiko edo errealistari, faltsua eta engainagarria iruditzen zaiolako. Aldiz, fikzio fantastikoaren alde egiten du, egiazkoagotzat jotzen duelako.

Errealismoaz aritzean, errealismo mota bat aukeratu beharko balu, gehien interesatuko litzaiokeena magikoa izango litzatekeela dio, gehiago duelako magiatik errealismotik baino.

Bere ustetan literaturak ez du mundurik aldatuko, ez du sinesten idazlearen funtzio publikoan. Idazlearen lana idaztea dela deritzo, ondo ahal bada, eta gero idazlan horrek eraginik badu, bada askoz ere hobeto. Borgesek zioen bezala, literatura fantastikoaren jomugak, berriz, apalagoak eta egiazkoagoak direla uste du; ez du helburu utopikorik, ez du ezer aldatu nahi. Literatura fantastikoak xede artistikoak ditu, soil-soilik.

Ez du, ordea, literatura errealista arbuiatzen, baina, egia esateko, erakarmen gutxi ikusten dio. Gainera, nahi gabe ere, eskola garaiak ekartzen dizkio gogora, edo, bestela esanda, irakurtzera behartzen zieten garai itsusi haiek.

Literatura fantastikoa, aldiz, askatasunarekin lotzen du, irakurtzeko plazerrarekin, atsegin goxoarekin; izan ere, idazle fantastikoak ez baitira eskolan irakurtzen, eta, ondorioz, ez diezu gorrotorik hartzen. Bere idazle kuttunen zerrenda luzea da, baina gehientsuenak Borgesenak dira, noski.

Sakontzeko, irakurri: «Zerrenda:Karlos Linazasororen lanak»

Ugaria eta askotarikoa da haren obra. Poesia, narrazioa, nobela, Haur eta Gazte Literatura, antzerkia, aforismoa... Hauek dira Haur eta Gazte Literaturan azken urteetan argitaratutako liburu batzuk:[6]

  • Oihan txiki baina txukun batean (1999, Aizkorri).
  • Hugo (2000, Aizkorri).
  • Bota gorriak (2000, Anaya-Haritza).
  • Walter Sismoley Eliseoko zelaietan (2000, Elkar).
  • Franti (2002, Edebé).
  • Lau ipuin matteomigliar (2005, Elkar): Jokin Mitxelenarekin batera.
  • Etzi (2007, Elkar).
  • Nuvolari plaza (2011, Erein).
  • A zer lau elementu! (2013, Pamiela).
  • Tripoli doktorea (2013, Elkar).

Beste hizkuntza batzuetara itzulitako lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Linazasororen obra batzuk hainbat hizkuntzatara itzuli dira: gaztelaniara, katalanera eta galizierara, esaterako. Hala nola, ondorengoak:

  • Bota gorriak (2000, Anaya-Haritza (argitaletxea):
  • 1987- Ipuin arloan Donostia Hiria saria, Tipo berezi hura fusilatu zutenekoa obragatik.
  • 1990- Poesia arloan Imagínate Euskadi saria, Desterruko erromes poesia liburuagatik.
  • 1990- Poesia arloan Lizardi saria, Udazkeneko karabana urratua poesia liburuagatik.
  • 1992- Poesia arloan Irun Hiria saria, Apunte Eta Ahanzturak poesia liburuagatik.
  • 1994- Ipuin arloan Ignacio Aldecoa saria, Punta Araucaria ipuinagatik.
  • 1996- Bapore saria, Zein den ituna ilunik gabeko eguna obrarengatik, Juan Kruz Igerabiderekin batera idatzitako obra.
  • 1997- Antzerki arloan Toribio Altzaga Saria, Burdindenda obrarengatik.
  • 1998- Ipuin arloan Donostia Hiria saria, Gret ipuinagatik.
  • 2001- Euskadi Literatura Saria, Bota gorriak obragatik.
  • 2012- Poesia arloan Xabier Lete saria, Ezer gehiago behar gabe lanagatik.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Galtzagorri Elkartea. Idazleak. (Noiz kontsultatua: 2016-3-6).
  2. Euskal Idazleen Elkartea. (Noiz kontsultatua: 2016-3-6).
  3. Arroitajauregi, Jone. (2012). «Egungo euskal haur eta gazte literatura:katalogo labur bat» Etxepare Euskal Institutua: 67-68..
  4. Egaña, Ibon. «Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)» EHUko unibertsitatea.
  5. Linazasoro, Karlos. (2001). «Fatasiaren alde» Behinola: haur eta gazte literatura aldizkaria: 15- 16..
  6. «Literaturaren zubitegia» Armiarma literaturaren sarean.

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Karlos Linazasoro Izagirre