Asteroide gerrikoa
Asteroide gerrikoa Marte eta Jupiterren orbiten artean Eguzki-sisteman dagoen disko baten izena da. Asteroide eta planeta nano izenak dituzten objektu irregular ugari daude bertan. Batzuetan, asteroide gerrikoari ere asteroide gerriko nagusia edo gerriko nagusia izena ematen zaio, Eguzki-sisteman dauden beste asteroide-populazio batzuetatik bereizteko, adibidez troiar asteroideak edo Lurretik-gertuko asteroideak. Asteroide gerrikoaren masaren erdia inguru lau asteroiderik handienetan biltzen da: Zeres, 4 Vesta, 2 Pallas eta 10 Higia[1]. Asteroide gerrikoaren masa osoa Ilargiaren %4 inguru da, edo Plutonen %22 eta bere satelite Karonteren bikoitza.
Zeres, asteroide gerrikoko planeta nano bakarra, 950 kilometroko diametroko objektua da, 4 Vesta, 2 Pallas eta 10 Higiaren diametroa 600 kilometro baino txikiagoa den bitartean[2][3][4]. Gainontzeko objektu guztiak hori baino txikiagoak dira, hauts partikula baten tamainara arte. Asteroide gerrikoaren materiala hain dago sakabanatua, ezen satelite artifizial ugari igaro diren bertatik inongo arazorik edo talkarik gabe[5]. Hala ere, asteroide handien arteko talkak gertatzen dira, eta honek ezaugarri orbital eta konposizio antzekoa duten asteroide familiak sor ditzake. Asteroide gerrikoan dauden objektuak euren espektroaren arabera sailkatzen dira. Gehienak hiru mota hauetakoak dira: karbono ugaridunak (C-mota), silikatozkoak (S-mota) eta metalikoak (M-mota).
Asteroide gerrikoa Eguzki-sistemaren sorrerako nebulosatik sortu zen, planetesimal multzo gisa. Planetesimalak dira protoplaneta baten lehen osagaiak. Marte eta Jupiterren artean, ordea, Jupiterren grabitazioaren indarrak ez zuen baimendu protoplaneta horiek sortzea, ez zuelako baimentzen akrezioa ematea planeta batean elkartuz[6][7]. Talkak energetikoegiak ziren, eta elkarrekin fusionatu beharrean euren artean talka egin eta suntsitu ziren. Ondorioz, asteroide gerrikoaren hasierako masaren %99,9 galdu zen Eguzki-sistemaren historiako lehenengo 100 milioi urtetan zehar[8]. Zati horietako batzuek bidea aurkitu zuten Eguzki-sistemaren barnealderantz, meteorito talkak sortuz planeta telurikoetan. Asteroideen orbitak oraindik ere aldatzen dira euren Eguzkiaren inguruko orbitaren periodoak orbitaren erresonantzia aurkitzen duenean Jupiterrekin. Distantzia orbital horietan, Kirkwooden hutsuneak ematen dira, asteroideak orbitaz mugitzera behartzen dituztenean[9].
Eguzki-sisteman badaude beste asteroide eskualde batzuk, adibidez Lurretik-gertuko asteroideak, zentauroak, Kuiper gerrikoa, disko sakabanatua, sednoideak eta Oorten hodeia.
2014ko urtarrilaren 22an ESAko zientzialariek lehen aldiz aurkitu zuten ur-lurruna Zeresen[10]. Herschel Space Observatoryko infragorri urrunak erabiliz egin zen aurkikuntza eta ezusteko handia izan zen, ur-lurruna kometen ezaugarria zela uste zelako. Kometa eta asteroideen arteko mugak geroz eta lausoagoak dira[11].
Behaketaren historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Titius-Boderen legea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Planeta | Titius-Bode | Benetakoa |
---|---|---|
Merkurio | 0,4 | 0,39 |
Artizarra | 0,7 | 0,72 |
Lurra | 1 | 1 |
Marte | 1,6 | 1,52 |
Zeres | 2,8 | 2,768 |
Jupiter | 5,2 | 5,2 |
Saturno | 10 | 9,54 |
Urano | 19,6 | 19,2 |
1596an Johannes Keplerrek Mysterium Cosmographicum lanean idatzi zuen "Marte eta Jupiterren artean planeta bat jartzen dut". Tycho Braheren datuak aztertzerakoan, pentsatu zuen Marte eta Jupiterren arteko orbitan tarte handiegia zegoela planetarik ez egoteko[12].
1766an Johann Daniel Titius Wittenbergekoak Charles Bonneten Contemplation de la Nature itzuli zuen[13]. Bertan, oin-ohar anonimo gisa, planeten kokapenaren inguruko patroi bat aipatu zuen. Gaur egun Titius-Boderen legea izena ematen zaion honek sekuentzia matematiko batean du oinarria: 0tik hasi eta ondoren 3 zenbakia jarrita eta bere bikoitzak hartu, 3, 6, 12, 24, 48... eta ondoren zenbaki bakoitzari 4 gehitu eta 10engatik zatituz gero, 0,4, 0,7, 1,0, 1,6, 2,8, 5,2, 10,0, 19,6, 38,8... sekuentzia eskuratuko dugu. Sekuentzia hau planeta ezagunen orbitaren erradiotik oso gertu dago unitate astronomikoetan, baina 24 zenbakian (2,8) ez dago planetarik, 1,6n Marte eta 5,2n Jupiter dagoen bitartean. Oin-ohar horretan Titiusek honakoa idatzi zuen: "Baina Jaun Arkitektoak espazio hori hutsik utzi al zuen? Ez da gutxiago ere."[14][15]. 1768an Johann Elert Bodek sekuentzia horren aipamena egin zuen bere idazkietan, baina ez zuen Titius aipatu 1784ra arte, eta horregatik askotan "Boderen legea" gisa agertzen da idatzita.
William Herschelek Urano aurkitu zuenean 1781ean, planetaren orbitak ia zehaztasunez egiten zuen bat aurreikusitako zenbakiekin, eta beraz astronomo gehienek pentsatu zuten planetaren bat egon behar zela Marte eta Jupiterren artean.
Zeresen aurkikuntza eta Zeruaren Polizia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1787an Franz Xaver von Zach astronomoak Titius-Bode legeak proposaturiko lekuan planeta bat bilatzeari ekin zion. Laster konturatu zen oso zaila izango zela pertsona bakar batek aurkitzea, eta horretarako astronomo talde bat deitzea pentsatu zuen. 1800eko abenduan von Zachek 24 behatzaileen talde bat deitu zuen, zodiakoa 24 zatitan banatu zuten eta bakoitzak 15ºko zeru-zatia izango zuen behatzeko. Talde honek bere buruari Zeruaren Polizia deitzen zion (alemanez: Himmels polizei). Bere kideen artean William Herschel, Charles Messier, Johann Elert Bode, Barnaba Oriani eta Heinrich Olbers zeuden[16].
Zeruaren poliziak Giuseppe Piazzi italiarrari gutuna bidali zion bere parte izatera gonbidatuz, baina gutuna iritsi aurretik 1801eko urtarrilaren 1ean Palermoko Unibertsitateko astronomia-burua zen Pazzik objektu txiki bat ikusi zuen mugitzen zehazki aurretik pentsatutako lekuan. "Zeres" izena eman zion, Antzinako Erromako uztaren jainkosa bezala, Siziliako patroia. Piazzik hasiera batean kometa bat zela pentsatu zuen, baina isatsik ez zuenez, planeta baten alde egin zuen[17][oh 1]. Ondorioz, Titius-Bode legeak zortzi "planeta" horien kokapena zehaztasun nahiko handiz aurreikusten zuen.
Palasen aurkikuntza: asteroideen kontzeptua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hamabost hilabete beranduago, Heinrich Olbersek beste objektu handi bat aurkitu zuen eskualde berdinean, 2 Palas. Beste planeta guztiak ez bezala, Zeres eta Palas argi-puntuak baino ez ziren teleskopiorik handienekin ere. Euren mugimendu azkarragatik ez balitz, izarrengandik ezingo lirateke bereizi. Horren ondorioz, William Herschelek 1802an proposatu zuen kategoria berri bat egitea objektu horientzat, "asteroide" izenekoa, grezierako asteroeides hitzetik "izarren antzekoak"[18]. Zeres eta Palasen behaketen ondoren, honakoa idatzi zuen[19]:
« | Ez planeten ez eta kometen izenak ezin dakizkioke eman hizkuntzaren zehaztasunez bi izar hauei (...) Izar txikiak ematen dute, eurengandik desberdintzeko oso zailak dira. Honegatik, duten izar itxuragatik [asteroidal], izen hori hartzea badagokit, deituko nituzke Asteroide; nire bururako uzten dut, hala ere, izena aldatzeko eskumena, euren naturaren bestelako adierazpenik gertatuko balitz. | » |
1807an egindako ikerketa sakonagoen ondorioz 3 Juno eta 4 Vesta aurkitu ziren[20]. Napoleondar gerratan Lilienthal erre zen, aurkikuntza gune nagusia; lehen asteroideen aurkikuntza fase hau amaitu zen honela.
Herschelen asteroide kontzeptua albo batera utzita, hainbat hamarkadatan zehar planeta hitza deitzen jarraitu zuten astronomo gehienek, eta euren aurkikuntzei zenbaki bat jartzen zioten aurretik: 1 Zeres, 2 Palas, 3 Juno, 4 Vesta... Hala ere, 1845ean astronomoek bosgarren objektua aurkitu zuten, 5 Astrea eta, ondoren, beste objektu asko abiadura geroz eta handiagoan. Planeta gehiegi ziren zerrenda batean sartzeko eta, horregatik, planeten zerrendatik kendu zituzten (Alexander von Humboldtek 1850eko hamarkadan proposatu zuen bezala) eta Herschelen hitza hartu zuten, "asteroide", identifikatzeko[13].
Asteroideen gerrikoaren aurkikuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1846an Neptuno aurkitu zuten, Titius-Bode legea nabarmen ukituz: zientzialariek ikusi zuten Neptunoren orbita ez zegoela, inondik inora, aurretik esandako posizioan. Gaur egun ez dago azalpenik lege honi buruz, eta astronomo gehienek uste dute kointzidentzia bat dela[21].
1850eko hamarkadan "asteroide gerrikoa" kontzeptua erabiltzen hasi zen, nahiz eta zaila den jakitea noiz eta nork erabili zuen lehenengoz esamoldea. 1850ean Alexander von Humboldten Cosmos lana itzuli zen ingelesera[22], eta hor bai agertzen dela "asteroid belt" kontzeptua. Robert James Mannek era hori erabili zuen bere A Guide to the Knowledge of the Heavens liburuan.
1868an jada ehun asteroide inguru ezagutzen ziren, eta 1891ean Max Wolfek astrofotografia asmatu zuenean aurkikuntzaren abiadura asko azkartu zen[23]. 1921rako 1.000 asteroide inguru aurkitu ziren[24], 1981ean 10.000[25] eta 2000. urtean 100.000[26]. Gaur egungo sistema automatikoekin asteroideak kopuru handietan aurkitzen dira.
Jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1802an Pasan aurkitu eta gero, Olbersek proposatu zion Herscheli Zeres eta Palas behinola Marte eta Jupiterren artean egon zen beste planeta baten zatiak zirela, eta planeta honek barne leherketa bat izan zuela edo kometa baten talka erraldoia milioika urte lehenago[23]. Hala ere, planeta bat suntsitzeko behar den energia kopurua, eta gerrikoan dagoen masa oso gutxi dela ikusita (Ilargiaren masaren %4 baino ez), hipotesi hau babestea zaila da. Gainera, asteroideen konposizio kimikoa oso ezberdina da, ezingo litzateke planeta beretik etorri[27]. 2018an Floridako Unibertsitateko ikerlari batzuek proposatu zuten desagertutako planeta edo planeta nano baten baino gehiagoren zatiak izan zitezkeela[28].
Asteroide gerrikoaren sorreraren hipotesi orokor bat da Eguzki sistemaren sorrera eta garapena nebulosa batetik sortu zela. Izarren-arteko hautsez eta gasez osatutako hodei bat, grabitazio-kolapsoaren bidez errotatzen hasi eta kondentsatu zen, Eguzkia eta planetak sortu arte[29]. Eguzki-sistemaren historiako lehen milioi urteetan, kolisioen bidezko akrezio prozesu batek material txikia bildu zuen eta tamainaz handitzen joan ziren etengabe. Talde horiek masa nahikoa izan zutenean beste antzeko objektu batzuekin elkartzeko aukera zuten, planetesimalak sortuz. Prozesu horren bidez, pixkanaka, planetak sortu ziren.
Asteroideen gerrikoan zeuden planetesimalek Jupiterren grabitazio-indarraren perturbazio handia zuten, eta ezin zuten elkartu planeta bat sortzeko. Horren ordez, Eguzkiaren inguruan biratzen jarraitu zuten, noizbehinka euren artean talka egiten[30]. Jupiterrek eragindako abiadura handiegia zen lekuetan, talkek suntsiketa eragin zuten, akrezio bidez elkartu eta hazi ordez[31]. Jupiterren orbitaren zatiki batean orbitatzen duten objektuek erresonantzia-orbitala dute. Jupiter eta Marteren artean dauden objektu askok orbita mota hori dute, erresonantzia ezberdinekin. Jupiter Eguzki-sistemaren barnealdera mugitu zenean Bira Handiaren Hipotesian, erresonantzia hauek asteroide-gerrikoan zehar hedatuko lirateke, eskualde ezberdinetako asteroide populazioak kitzikatuz eta euren abiadura handituz bata bestearekiko[32].
Eguzki-sistemaren historiaren lehen zatietan, asteroideak urtu ziren mailaren batean, bertan zeuden elementuak partzialki edo osoki bereiziz euren masaren arabera. Aurretik zeuden gorputzetako batzuek bolkanismoa izan zezaketen, eta magmazko ozeanoak eduki. Hala ere, gorputz horien masa erlatiboa txikia denez, urtze denbora planetatan eman zena baino askoz laburragoa izan zen eta orain dela 4.500 milio urte jada amaitu zen, planetak sortu eta hamarnaka milioi urte geroago[33]. 2007ko abuztuan, Vestatik etorri zela pentsatzen den Antartikan aurkitutako meteorito baten zirkonita kristalak aztertu ziren; pentsatzen denez, Vesta, eta luzapenez asteroide gerrikoko beste objektuak, azkar sortu ziren, Eguzki-sistemaren sorrerako lehenengo 10 milioi urtetan[34].
Eboluzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Asteroideak ez dira Eguzki-sistemaren jatorrizko arrokak. Sortu zirenetik eboluzio handia izan dute, barne beroketa barne (batez ere lehenengo 10 milioi urtetan zehar), inpaktuen ondoriozko gainazalaren urtzea, erradiazioaren ondorioz higadura eta mikrometeoritoen bonbardaketa[35][36][37]. Zientzialari batzuek meteoritoak hondar-planetesimal izendatzen dituzte[38], baina beste zientzialari batzuek ez dute termino hori erabiltzen[39].
Gaur egungo asteroide gerrikoak hasierakoaren masaren frakzio txiki bat baino ez du. Ordenagailu bidezko simulazioen bidez ikusi da jatorrizko asteroide gerrikoak Lurrak haina masa izan zezakeela[40]. Batez ere grabitazio perturbazioen ondorioz, material gehiena kanporatua izan zen sorrera eman zeneko lehenengo milioi urteetan, jatorrizko masaren %0,1 utziz bertan. Hala ere, formazioa eman zenetik, asteroide gerrikoan dauden objektuen tamainen banaketa erlatiboki egonkor mantendu da: ez da egon tamaina aldaketa nabarmenik asteroide gerrikoan dauden objektuen dimentsio tipikoa[41].
Jupiterrekiko 4:1 erresonantzia orbitala 2,06 UAko erradioan ematen da, eta hori hartzen da asteroide-gerrikoaren barne muga gisa. Jupiterrek eragiten dituen perturbazioek objektuak bidaltzen dituzte horra orbita ezegonkor batean. Tarte honen barruan sortutako gorputz gehienak Martek berak garbitu zituen, edo Eguzki-sistemaren hasierako historian egondako mugimenduek guztiz kanporatu[42]. Hungaria asteroideak 4:1 erresonantziaren orbitan baino gertuago daude, baina ez dute eragin bera jasotzen makurdura orbital oso altua dutelako[43].
Asteroide gerrikoa sortu zenean, 2,7 UA baino urrunago zeuden objektu guztiak "izozte lerroaren" beste aldean zeuden, uraren izozte tenperaturaren azpitik. Erradio hori baino urrunago sortu ziren planetesimal guztiek, beraz, izotza metatzeko aukera zuten[44][45]. 2006 iragarri zen asteroide gerrikoaren barruan eta izozte lerroa igarota kometa populazio bat aurkitu zela. Kometa mota hori izan liteke Lurreko ozeanoetako uraren parte bat ekarri zuena. Eredu batzuen arabera, Lurraren sorrera fasean ez zegoen nahikoa ur ozeagoak sortzeko, eta kanpoko iturri batetik bete behar izan ziren[46].
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Askotan irudikatzen denaren kontra, asteroide gerrikoa batez ere espazio hutsa da. Asteroideak bolumen izugarri handi batean daude sakabanatuak, eta ez da probablea ere asteroide batera iristea ez bada ondo kalkulatzen egin beharreko ibilbidea. Hala ere, ehunka mila asteroide ezagutzen ditugu, eta zenbaki erreala milioika izan daiteke, beheko tamainaren mozketaren arabera. 200 asteroide ezagutzen ditugu 100 kilometro baino handiagoak direnak[47], eta uhin infragorriekin egindako ikerketa baten arabera kilometro bateko tamaina baino handiagoak diren 700.000 eta 1.700.000 asteroide artean leudeke[48]. Asteroide ezagun gehienen itxurazko magnitudea 11 eta 19 artean dago, baina mediana 16koa da[49].
Estimazioen arabera, asteroide gerriko osoaren masa 2,8×1021 eta 3,2×1021 artean dago, gutxi gorabehera Ilargiaren masaren %4[3]. Lau objekturik handienak, Zeres, 4 Vesta, 2 Palas eta 10 Higia masa osoaren erdia dira; Zeres, bakarrik, masaren herena izango litzateke[4].
Konposizioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Asteroide gerrikoan dauden objektuak euren espektroaren arabera sailkatzen dira. Gehienak hiru mota hauetakoak dira: karbono ugaridunak (C-motako asteroideak), silikatozkoak (S-motako asteroideak) eta metalikoak (M-motako asteroideak).
C-motako asteroideek karbono asko dutenak dira. Asteroide gerrikoaren kanpo eskualdeetan gehiengoa dira[50]. Guztira, ikusten ditugun asteroideen %75 inguru izan litezke. Kolore gorriagoa dute beste asteroideek baino eta euren albedoa txikiagoa da. Euren gainazala meteorito kondritiko karbonatatuen antzekoa da. Kimikoki, euren espektroak Eguzki-sistemaren hasierako konposizioaren antza du, elementu arinak kenduta.
S-motako asteroideak ohikoagoak dira gerrikoaren barneko aldean, Eguzkitik 2,5 UA ingurura. Euren gainazaleko espektroak esaten digu silikatoz eta metal batzuez osatuta dagoela, baina ez dagoela karbonozko konposatu esanguratsurik. Honek esan nahi du bere materialak nahiko aldatu direla hasierako osaketatik, ziurrenik urtze eta berregitearen ondorioz. Albedo erlatiboki altua dute eta asteroide guztien masaren %17 inguru dira[50][51].
M-motako asteroideak populazio osoaren %10 inguru dira; euren espektroen arabera ematen du burdin-nikelezkoak direla. Uste dugunez batzuk suntsitutako planetesimalen nukleoetan sortu ziren diferentziazio bidez. Hala ere, badira silikato batzuk antzeko itxura izan dezaketenak. Adibidez, 22 Kaliope M-motako asteroide handi bat da, baina ez dirudi metala denik bere konposatu nagusia[52]. Asteroide gerrikoan zehar M-motako asteroideen kontzentraziorik handiena 2,7 UA inguruan dago[53]. Ez dago argi ea M-motako asteroide guztien konposizioa berdina edo antzekoa den, edo ea C eta S motatan sartzen ez diren meteoritoentzako sortutako etiketa bat baino ez den[54].
Asteroide gerrikoaren misterioetako bat V-motako asteroideen urritasuna da, basaltoz osatutakoak[55]. Asteroideen formazioen teoriak dio Vestaren tamaina edo handiagoa duten objektuek azala eta mantua eduki behar dutela, eta mantua arroka basaltikoz osatuta egon beharko litzatekeela; ondorioz, asteroideen erdia basalto edo olibinoz osatuta egon beharko lirateke. Behaketek, hala ere, aurre-esandako basaltoaren %99 falta dela diote. 2011ra arte, asteroide gerrikoan aurkitutako basaltozko gorputz guztiak 4 Vesta asteroidetik zetozela uste zen, eta horregatik dute V-mota izena. Hala ere, 1459 Magnya asteroidearen aurkikuntzak erakutsi zuen konposaketa kimiko ezberdin bateko asteroide basaltikoak ere badirela, jatorri ezberdina izan zitekeela pentsaraziz[56]. Hipotesi hau indartu zen 2007an kanpoko gerrikoan beste bi objektu aurkitu zirenean, 7472 Kumakiri eta (10537) 1991 RY16. Konposizio basaltikoa zuten, baina ezin zuten Vestan jatorria eduki. Gaur arte kanpo gerrikoan aurkitutako V-motako asteroide bakarrak dira bi hauek[55].
Eguzkiarekiko duten distantziaren arabera aldatzen da asteroide gerrikoan dauden gorputzen tenperatura. Gerrikoan dauden hauts partikulen tenperatura aldatzen da 200 K ingurutik 2,2 UAn 165 K ingurura 3,2 UAn. Hala ere, errotazioa dela eta, asteroide baten gainazaleko tenperatura oso aldakorra da eguzki-erradiaziora edo izarren aldera orientatzen badira[57].
Gerriko nagusiko kometak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gerriko nagusiaren kanpoko aldean hainbat objektuk kometen jarduera dutela ematen du. Euren orbitak ezin dira azaldu kometa klasikoen barneratzearen bidez, eta beraz pentsatzen da kanpoko asteroide asko izotzezkoak direla, eta izotz hori noizbehinka sublimatzen dela inpaktu txikien ondorioz. Gerriko nagusiko kometak Lurreko ozeanoaren uraren sortzaile handietako bat izan daitezke, deuterio-hidrogeno ratioa txikiegia delako kometa klasikoan ur horren iturri izateko[58].
Orbitak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Asteroide gerrikoko objektu gehienen eszentrikotasun orbitala 0,4 baino txikiagoa da, eta makurdura orbitala 30º baino txikiago. Asteroideen banaketa orbitala maximora iristen da 0,07ko eszentrikotasunean eta 4ºko makurduratik behera. Honela, asteroide tipiko batek orbita nahiko zirkularra du eta bere orbita ekliptikatik oso gertu dago, baina egon daitezke batzuk orbita oso eszentriko eta ekliptikatik oso urrun mugitzen direnak.
Batzuetan, "asteroide gerriko" terminoa bakarrik erabiltzen da zentroko eskualdean dauden asteroide "konpaktuak" izendatzeko. Eskualde hau 4:1 eta 2:1 Kirkwooden hutsuneen artean dago, 2,06 eta 3,27 UA artean, eta euren orbiten eszentrikotasuna 0,33 baino txikiagoa da; gorputz horien makurdura orbitala 20ºtik behera dago. 2006an, gune nukleo moduko honek aurkitutako asteroide guztien %93 zuen barnean[59]. JPL Small-Body Databaseak 670.000 objektu identifikatzen ditu asteroide gerriko nagusian[60].
Kirkwooden hutsuneak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kirkwooden hutsuneak Jupiter eta Marte planeten artean dagoen asteroide gerrikoko gune batzuk dira, non asteroide dentsitatea gerrikoaren batez besteko dentsitatearekiko nabarmenki murriztua den. Euren parametroek (bere erdiardatz nagusia edo modu baliokidean bere orbita periodoa) Jupiter planetaren orbitarekin arrazoi xume bat duten orbitekin bat egiten dute[61]. Esaten denez hutsune hauek Jupiterrekin duten orbita erresonantziekin bat egiten dute. Honela, adibidez, Eguzkitik 2,82 unitate astronomikora dauden asteroideak 5:2ko erresonantzian daude Jupiterrekin, hau da, Jupiterrek Eguzkiaren inguruan bi bira ematen dituen bitartean asteroide horiek bost ematen dituztela. Jupiterren periodoa 11,856525 urtekoa da x 2 = 23,71305 urte. 2,82 unitate astronomikoko distantziari 4,735585286 urte x 5 = 23,67793 urteko periodoa dagokio. Diferentzia 0,035 urtekoa baino ez dela ikus daiteke. Orbita horretan bost biratik behin doan balizko asteroide bat Jupiterrenganako gehienezko hurbiltze batekin bat letorke, orbita horretatik botatzea eragingo lukeen erakarpen erresonante bat eragingo liokeena.
Beste orbita erresonantzia batzuk Jupiterren orbita periodoarekin zatiki oso sinpleak eratzen dituzten orbita periodoekin bat datoz. Erresonantziarik ahulenek soilik asteroide huste bat eragiten dute, beste erresonantzia indartsuago batzuk kontrakoa eragiten duten bitartean, hau da, asteroide familia baten presentzia. Ospetsuena 1:1 erresonantzia da, L4 eta L5 Lagrangeren puntuetan, Jupiterren aurreko aldetik eta atzeko aldetik 60ºra asteroide troiarren presentzia eragiten duena.
Talkak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Asteroide gerrikoan dagoen objektu kopurua hain handia izanik, euren arteko talkak erlatiboki ohikoak dira, gutxienez denbora-eskala astronomikoetan. 10 kilometroko erradioa duten objektuen arteko talkak, asteroide-gerrikoaren gunean, behin 10 milioi urtetan gertatzen direla uste da[62]. Talka horrek asteroideak txikitu eta pieza txiki horiek asteroide familia berri bat sor dezake[63]. Hala ere, abiadura txikian ematen diren talketan bi asteroideak suntsitu beharrean batzen dira. 4.000 milioi urte eta gero prozesu hori ematen, orain asteroide-gerrikoan dauden objektuen izaera jatorrizko populazioaren ezberdina da.
Asteroide gorputzaz gain, asteroide gerrikoan ehun mikrometro inguruko erradioa duten hauts partikula bandak ere egon daitezke. Material fin honen sorrera, gutxienez parte batena, asteroideen arteko talkak eragiten du, eta mikrometeoritoen talkagatik asteroideetan. Poynting–Robertson efektuaren ondorioz, Eguzkiak hauts honengan eragiten duen eguzki-erradiazioak etengabe gerturatzen ditu, espiral baten ibilbidean, Eguzkira[64].
Asteroideen hautsak eta kometetatik jariatutako materialak, Eguzkiaren argia islatzean, argi zodiakala sortzen du. Aurora polarren antzeko distira hau gauez ikus daiteke, Eguzkiaren norabidean planetaren ekliptikarekiko. 40 μm baino gehiago duten hauts partikulek sortzen dute argi-zodiakaleko distira hori. Kalkuluen arabera, hauts partikula hauek 700.000 urte inguruko bizitza dute. Beraz, hauts partikula horiek mantentzeko, etengabe sortu beharko dira berriak. Hala ere, Nesvornýk eta bere taldeak egindako simulazioetan ikusi denez, argi zodiakalaren hautsaren gehiengoa Jupiterren familiako kometek sortuko lukete, kometek eta asteroideen arteko talkak baino. Gutxienez hautsaren %10a asteroideen arteko talkarena dena asumitzen da[65].
Meteoritoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Talka horren ondorioz sortutako zatietako batzuk gerrikotik urrundu eta Lurreko atmosferaraino iritsi daitezke[66]. Lurrean orain arte aurkitutako 50.000 meteoritoen artean %99,8 asteroide gerrikoan sortu direla uste da[67].
Asteroide familiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1918an Kiyotsugu Hirayama astronomo japoniarrak ikusi zuen asteroide batzuen orbitek antzeko parametroak dituztela, eta posible zela taldeak edo familiak identifikatzea[68].
Gutxi gora behera asteroide gerrikoan dauden objektuen herena asteroide familia batean sailka daiteke. Elementu orbital antzekoak partekatzen dituzte, ardatzerdi handia, eszentrikotasuna eta makurdura orbitala bezala, eta espektroan ere antzekoak dira. Elementu horiek batuta, jatorri bereko gorputzak direla uste dugu, gorputz handiago baten suntsiketatik datozenak. Elementu hauek grafikoki jartzen baditugu, asteroide gerrikoko kideek kontzentrazioak dituzte gune batzuetan, asteroide familia horretako kide direla esanez. 20 eta 30 familia artean eraiki dira, eta ia guztiak familiak direla uste da. Beste talde batzuk ere proposatu dira, baina hauek ez dira hain ziurrak. Asteroide familiak ziurta daitezke mota espektral berekoak baldin badira, adibidez[69]. Asteroide familiak baino txikiagoak diren taldekatzeei "talde" edo "kluster" izena ematen zaie.
Asteroide gerrikoko familiarik esanguratsuenak, euren ardatzerdi handiaren tamainaren arabera sailkaturik Flora familia, Eunomia familia, Koronis familia, Eos familia eta Temis familia dira. Flroa familiak 800 kide ditu, talde handienetako bat da, eta orain dela 1.000 milioi urte inguru emandako kolisio baten ondorio izan liteke[70]. Familia baten kide den asteroiderik handiena 4 Vesta da[oh 2]. Vesta familia asteroide horretan krater bat sortu zuen talkaren ondorioz sortu zela uste da. Era berean, HED meteoritoak ere talka horren ondorio izan litezke[71].
Hiru hauts banda nagusi aurkitu dira asteroide gerrikoan orain arte. Eos, Koronis eta Temis familien antzeko makurdura orbitala dute, eta baliteke talde hauekin lotuta egotea[72].
Bonbardatze Handi Berantiarraen ostean gerriko nagusiak izandako eboluzioan eragin handia izan dezakete zentauroek eta Neptunoz haraindiko objektuek. Zentauroek eta NHOak barne Eguzki-sistemara iristen direnean asteroide gerrikoan dauden objektuen orbitak alda ditzakete, baina bakarrik euren masa baldin bada 10-9 M☉ objektu bakunentzat edo pixka bat txikiagoak ere behin baino gehiagotan elkartzen badira. Hala ere, zentauroek eta NHOek ez dute aukera handirik gerriko nagusiko asteroide familiak sortzeko, baina bai familia zaharrak perturbatzeko. Gaur egun egon daitezke gerrikoaren kanpoaldean objektuak zentauro edo NHOak izan zirenak, baina euren bizitza 4 milioi urte baino txikiagoa litzateke, eta bei ere 2,8 eta 3,2 UA artean eszentrikotasun handiekin[73].
Periferia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gerrikoaren barne aldean, 1,7 eta 2 UA artean eta 1,9 UAko ardatzerdi handiarekin, Hungaria familia dago. Euren kide handienaren izena daramate, 434 Hungaria. Talde honetan 52 asteroide aurkitu dira orain arte. Hungaria taldea gorputz nagusitik bereizita dago 4:1 Kirkwooden hutsunearengatik eta euren orbitek makurdura handia dute. Asteroide hauetako batzuek Marteren orbita gurutzatzen dute, eta planetak eragindako aldaketen ondorioz, baliteke talde hau gutxitzen joatea etengabe[43].
Makurdura handiko beste asteroide familia bat Fozea familia da. Batez ere S-motako asteroideak dira, gertu duen Hungaria familian dauden batzuk E-motako asteroideak diren bitartean[74]. Fozea familiaren orbita 2,25 eta 2,5 UA artean dago.
Asteroide gerrikoaren kanpo mugaren inguruan Zibeles taldea dago, 3,3 eta 3,5 UA inguruan. 7:4 erresonantzia orbitala dute Jupiterrekin. Hilda familiak 3,5 eta 4,2 UA arteko orbitak dituzte, erlatiboki zirkularrak eta 3:2 erresonantzia orbital egonkorra Jupiterrekin. 4,2 UA baino urrunago oso asteroide gutxi daude, Jupiterren orbitan. Orbita horretan bi troiar asteroide familia aurki daitezke; kilometro bat baino handiagoak diren gorputzak asko dira bertan, asteroide-gerrikoan bezain beste[75].
Esplorazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Asteroide gerrikoa gurutzatu zuen lehenengo espazio-ontzia Pioneer 10 izan zen, 1972ko uztailaren 16tik aurrera. Garai hartan kezkak zegoen inguru horretan egon zitezkeen asteroide eta hautsak espazio-ontzia kaltetuko ote zuen, baina geroztik 12 espazio-ontzi pasa dira inongo arazorik gabe bertatik. Pioneer 11, Voyager 1, Voyager 2 eta Ulysses inongo asteroideren argazkirik gabe pasa ziren bertatik. Galileok 951 Gaspraren argazkia egin zuen 1991an eta 243 Idarena 1993an. NEARrek 253 Matilde ikusi zuen 1997an, Cassinik 2685 Masursky 2000an, Stardustek 5535 Annefrank 2002an, New Horizonsek 132524 APL 2006an eta Rosettak 2867 Šteins 2008ko irailean eta 21 Lutetia 2010eko uztailean. Dawn misioak Vesta orbitatu zuen 2011ko uztailean eta 2012ko irailean, eta Zeresen inguruan orbitatzen du martxoaren 2015etik[76]. Jupiterrera bidean, Junok ez zuen datu zientifikorik bildu[77]. Gaur egun, asteroide baten aurka talka egiteko aukerak mila milioitan bat dela kalkulatzen da[78].
Asteroideak fikzioan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Asteroideak eta asteroide gerrikoak oso ohikoak dira zientzia-fikzioan. Hainbat paper izan ditzakete literaturan: gizakiek koloniza ditzaketen lekuak dira batzuetan; mineralak ateratzeko meatzaritza guneak izaten dira besteetan; askotan, planeten arteko bidaietan oztopo bat izaten dira, eta istripuak egon daitezke talka egiterakoan; bada ere beste ildo bat, Lurraren aurkako inpaktuen ondorioz sor ditzaketen arazoak aipatzen duena.
Planeten kolonizazioaren gaia lehen aldiz sartu zenean zientzia fikzioan, asteroide gerrikoa ez zen kolonizazio hori emateko gune garrantzitsua, eta dudarik gabe Marte eta Artizarraren kolonizazioaren atzetik zeuden zerrendan. Artizarra paradisu gisa identifikatzen zen, 1960ean bere benetako izaera ezagutu genuen arte (ikus, Artizarra#Artizarra kulturan informazio gehiagorako). Horregatik, zientzia fikzio istorio eta liburu gehienetan asteroide gerrikoa gutxitan bisitatzen edo kolonizatzen den gunea da[79]..
Eguzki-sistemako planetak kolonizatzeko aukera murriztu zen bizirako hain leku onak ez zirela aurkitu ahala. Hala ere, asteroideak mineral baliotsuen meatzaritzaako gune erraldoi gisa ikusten hasi ziren, grabitate minimoko egoeran bisitagarri, eta Lurrean geroz eta murritzagoak ziren ondasun naturalak laguntzeko bide gisa. Mineral horien salmentak enpresa bideragarriak sortuko lituzkeela pentsatu zuten askok, eta 1940ko hamarkadaren ondoren asteroideen-meatzaritza generoa handitzen joan zen. Bertan sortutako gizarte industrialek domo itxurako hiriak edo kobazuloak egingo lituzkete bizirauteko, edo (zientziak babesten ez duena) atmosfera bat sortuz "grabitate artifizialarekin".
Esplotazio isolatuen ideia hau oso lotua zegoen Mendebalde Urrunaren estatubatuar estereotipoekin, eta generoan ohikoak dira lapurrak edo mentalitate independenteko norbanakoak, estatuak edo autoritateari uko egiten diotenak[80]. Ben Bovaren Asteroid Wars serieak eredu hau ikertzen du.
Asteroideak, askotan, arrisku iturri gisa irudikatu dira zientzia-fikzioan. Alde batetik, nabigaziorako arazo nagusi gisa, batez ere Lurretik Eguzki sistemara doazen espazio-ontzi guztiak bertatik pasa behar direla kontuan hartuta. Argudio nagusia izaten da erregai faltagatik ezin dutela beste bide bat hartu eta "erditik" pasa behar dela. Testuinguru honetan, asteroideek behinolako itsasontzietako eleberrietan koral arrezifeek edo ur-azpiko arrokek zuten argumentu bera eskaintzen dute. Arrisku gisa, asteroideak ere legez-kanpo daudenak ezkutatzeko leku izan daitezke. Asteroide gerrikoa fikzioan agertzen denean oso gune dentso gisa agertzen da, hainbeste inpaktua ekiditeko neurri oso zorrotzak hartu behar direla. Star Wars V. Atala: Inperioaren Kontraerasoan Hoth sistema honen adibidea da. Errealitatean egoera dramatiko hauek ez lirateke gertatuko, espazio hori hutsegia baita. 2001: A Space Odyssey filmak egoera errealista bat aurkezten dute, momentu batean bi asteroide bakartiren ingurutik pasatzen denean.
Asteroide-gerrikoarekin guztiz lotuta egon gabe, meteoritoen talkek edo asteroideen jatorria lehertutako planeta baten gisa argudio interesgarriak dira zientzia-fikzioan.
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Hasiera batean planeta gisa izendatu zuen, eta denbora luzez hala sailkatu zen. Ondoren asteroideen taldean sartu zuten. 2006an, planetaren definizioa adostu zenean, planeta nano izaerara mugitu zuten.
- ↑ Zeres eta Gefion familiaren artean ere harreman orbitala dago, baina ez dira familia berekoak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) «What is the Asteroid Belt? - Universe Today» Universe Today 2015-08-23 (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ Krasinsky, G. (2002-07). «Hidden Mass in the Asteroid Belt» Icarus 158 (1): 98–105. doi: . ISSN 0019-1035. (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ a b (Ingelesez) Pitjeva, E. V.. (2005-05). «High-Precision Ephemerides of Planets—EPM and Determination of Some Astronomical Constants» Solar System Research 39 (3): 176–186. doi: . ISSN 0038-0946. (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ a b Chamberlin, Alan. «HORIZONS System» ssd.jpl.nasa.gov (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ (Ingelesez) «Why the Asteroid Belt Doesn't Threaten Spacecraft - Universe Today» Universe Today 2014-03-12 (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ (Ingelesez) Editors. «How Did The Asteroid Belt Form? Was There A Planet There?» www.cosmosup.com (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ «Asteroid Belt: Facts & Formation» Space.com (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ (Ingelesez) «Sculpting the Asteroid Belt - Sky & Telescope» Sky & Telescope 2009-03-10 (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ (Ingelesez) J., Delgrande, John; V., Soanes, Sidney. (1943-6). «Kirkwood's Gap in the Asteroid Orbits» Journal of the Royal Astronomical Society of Canada 37 ISSN 0035-872X. (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ (Ingelesez) Küppers, Michael; O’Rourke, Laurence; Bockelée-Morvan, Dominique; Zakharov, Vladimir; Lee, Seungwon; von Allmen, Paul; Carry, Benoît; Teyssier, David et al.. (2014-01). «Localized sources of water vapour on the dwarf planet (1) Ceres» Nature 505 (7484): 525–527. doi: . ISSN 0028-0836. (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ (Ingelesez) Alexander, Sonja. (2014-01-22). «Herschel Telescope Detects Water on Dwarf Planet» NASA (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ (Ingelesez) Russell, Christopher; Raymond, Carol. (2012-07-27). The Dawn Mission to Minor Planets 4 Vesta and 1 Ceres. Springer Science & Business Media ISBN 9781461449027. (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ a b When did the asteroids become minor planets? — Naval Oceanography Portal. 2012-04-06 (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ «Dawn: Background» archive.is 2012-05-24 (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ (Italieraz) «OAPa INAF Osservatorio Astronomico – "Giuseppe Salvatore Vaiana"» www.astropa.unipa.it (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ The European scientist : symposium on the era and work of Franz Xaver von Zach (1754-1832) : proceedings of the symposium held in Budapest on September 15-17, 2004. (1st impr. argitaraldia) H. Deutsch 2004 ISBN 3817117485. PMC 60520515. (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ «Call the police! The story behind the discovery of the asteroids» Astronomy Now: 60–61..
- ↑ (Ingelesez) «asteroid | Search Online Etymology Dictionary» www.etymonline.com (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ (Ingelesez) J., Cunningham, Clifford. (1984-3). «William Herschel and the First Two Asteroids» Minor Planet Bulletin 11 (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ Dawn Mission:. 2012-02-06 (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ «Is it a coincidence that most of the planets fall within the Titius-B» Astronomy.com (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ 1769-1859., Humboldt, Alexander von,. (<1997->). Cosmos : a sketch of a physical description of the universe. Johns Hopkins Press ISBN 0801855020. PMC 35360632. (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ a b (Ingelesez) «Looking for Open2.net? - OpenLearn - Open University» www.open2.net (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ Patrick,, Moore,. Patrick Moore's data book of astronomy. ISBN 9781139040709. PMC 710974819. (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ Scott Manley. (2010-08-25). Asteroid Discovery From 1980 - 2010. (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ «MPC Archive Statistics» www.minorplanetcenter.org (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ «Ask an Astrophysicist» imagine.gsfc.nasa.gov (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ (Ingelesez) «Study reveals secret origins of asteroids and meteorites» news.ufl.edu 2018-07-02 (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ «Mysteries of the Solar Nebula» NASA/JPL (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ Petit, J. (2001-10). «The Primordial Excitation and Clearing of the Asteroid Belt» Icarus 153 (2): 338–347. doi: . ISSN 0019-1035. (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ (Ingelesez) Edgar, Richard; Artymowicz, Pawel. (2004-11). «Pumping of a planetesimal disc by a rapidly migrating planet» Monthly Notices of the Royal Astronomical Society 354 (3): 769–772. doi: . ISSN 0035-8711. (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ (Ingelesez) D., Scott, E. R.. (2006-3). Constraints on Jupiter's Age and Formation Mechanism and the Nebula Lifetime from Chondrites and Asteroids. (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ (Ingelesez) Taylor, G. Jeffrey; Keil, Klaus; McCoy, Timothy; Haack, Henning; Scott, Edward R. D.. (1993-03). «Asteroid Differentiation: Pyroclastic Volcanism to Magma Oceans» Meteoritics 28 (1): 34–52. doi: . ISSN 0026-1114. (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ (Ingelesez) «U of T researchers discover clues to early solar system» webapps.utsc.utoronto.ca (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ (Ingelesez) E., Clark, B.; B., Hapke,; C., Pieters,; D., Britt,. (2002-3). «Asteroid Space Weathering and Regolith Evolution» Asteroids III (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ Gaffey, Michael J.. (1986-06). «The spectral and physical properties of metal in meteorite assemblages: Implications for asteroid surface materials» Icarus 66 (3): 468–486. doi: . ISSN 0019-1035. (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ (Ingelesez) A., Baragiola, R.; A., Duke, C.; M., Loeffler,; A., McFadden, L.; J., Sheffield,. (2003-4). Impact of ions and micrometeorites on mineral surfaces: Reflectance changes and production of atmospheric species in airless solar system bodies. (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ (Ingelesez) Chapman, Clark R.; Williams, James G.; Hartmann, William K.. (1978-09). «The Asteroids» Annual Review of Astronomy and Astrophysics 16 (1): 33–75. doi: . ISSN 0066-4146. (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ P. Weiss, Benjamin; Elkins-Tanton, Linda. (2013-05-06). «Differentiated Planetesimals and the Parent Bodies of Chondrites» Annual Review of Earth and Planetary Sciences 41 doi: . (Noiz kontsultatua: 2018-10-17).
- ↑ Piccioni, Dr. Robert. «Newsletter:Asteroid Impacts» www.guidetothecosmos.com (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ (Ingelesez) «Asteroids Caused the Early Inner Solar System Cataclysm» UANews (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ «chapter 4» history.nasa.gov (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ a b (Ingelesez) E., Spratt, Christopher. (1990-4). «The Hungaria group of minor planets» Journal of the Royal Astronomical Society of Canada 84 ISSN 0035-872X. (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ (Ingelesez) Lecar, M.; Podolak, M.; Sasselov, D.; Chiang, E.. (2006). «On the Location of the Snow Line in a Protoplanetary Disk» The Astrophysical Journal 640 (2): 1115. doi: . ISSN 0004-637X. (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ «Main-Belt Comets May Have Been Source Of Earths Water» www.spacedaily.com (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ Discovery of a whole new kind of comet - The Planetary Society Blog | The Planetary Society. 2007-05-01 (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ Chamberlin, Alan. «HORIZONS System» ssd.jpl.nasa.gov (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ (Ingelesez) Tedesco, Edward F.; Desert, François-Xavier. (2002). «The Infrared Space Observatory Deep Asteroid Search» The Astronomical Journal 123 (4): 2070. doi: . ISSN 1538-3881. (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ «Distribution of the Minor Planets» www.minorplanetcenter.org (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ a b (Ingelesez) Wiegert, Paul; Balam, David; Moss, Andrea; Veillet, Christian; Connors, Martin; Shelton, Ian. (2007). «Evidence for a Color Dependence in the Size Distribution of Main-Belt Asteroids» The Astronomical Journal 133 (4): 1609. doi: . ISSN 1538-3881. (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ (Ingelesez) E., Clark, B.. (1996-3). New News and the Competing Views of Asteroid Belt Geology. (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ (Ingelesez) Margot, J. L.; Brown, M. E.. (2003-06-20). «A Low-Density M-type Asteroid in the Main Belt» Science 300 (5627): 1939–1942. doi: . ISSN 0036-8075. PMID 12817147. (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ «NASA's Cosmos» ase.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ (Ingelesez) M., Mueller,; W., Harris, A.; M., Delbo,; Team, MIRSI. (2005-8). 21 Lutetia and other M-types: Their sizes, albedos, and thermal properties from new IRTF measurements. (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ a b (Ingelesez) D., Duffard, R.; F., Roig,. (2008). Two New Basaltic Asteroids in the Main Belt?. ISSN 0161-5297. (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ «Strange Asteroids Baffle Scientists» Space.com (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ (Ingelesez) Low, F. J.; Beintema, D. A.; Gautier, T. N.; Gillett, F. C.; Beichman, C. A.; Neugebauer, G.; Young, E.; Aumann, H. H. et al.. (1984-3). «Infrared cirrus - New components of the extended infrared emission» The Astrophysical Journal 278: L19–L22. doi: . ISSN 0004-637X. (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ Tom Munnecke. (2007-03-18). David Jewitt. (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ «The MPC Orbit (MPCORB) Database» www.minorplanetcenter.org (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ Chamberlin, Alan. «HORIZONS System» ssd.jpl.nasa.gov (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ Fernie, J. Donald. (1999). «The American Kepler» American Scientist 87 (5): 398. doi: . ISSN 0003-0996. (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ EXTRASOLAR ZODIACAL EMISSION - NASA STUDY PANEL REPORT. 2012-03-03 (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ (Ingelesez) Nesvorný, David; Bottke Jr, William F.; Dones, Luke; Levison, Harold F.. (2002-06). «The recent breakup of an asteroid in the main-belt region» Nature 417 (6890): 720–721. doi: . ISSN 0028-0836. (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ (Ingelesez) Reach, William T.. (1992-6). «Zodiacal emission. III - Dust near the asteroid belt» The Astrophysical Journal 392: 289–299. doi: . ISSN 0004-637X. (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ (Ingelesez) «Source of zodiac glow identified» ScienceDaily (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ «News in Science - Mysterious meteorite dust mismatch solved - 01/05/2003» abc.net.au (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ «Meteors & Meteorites» Solar System Exploration: NASA Science (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ (Ingelesez) «Finding Asteroids In Space - OpenLearn - Open University» www.open2.net (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ (Ingelesez) Lemaitre, Anne. (2004-08). «Asteroid family classification from very large catalogues» Proceedings of the International Astronomical Union 2004 (IAUC197): 135–144. doi: . ISSN 1743-9213. (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ «PSRD: Tiny Traces of a Big Asteroid Breakup» www.psrd.hawaii.edu (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ (Ingelesez) DRAKE, Michael J.. (2001-04). «Presidential Address: Presented 2000 August 28, Chicago, Illinois, USA The eucrite/Vesta story» Meteoritics & Planetary Science 36 (4): 501–513. doi: . ISSN 1086-9379. (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ (Ingelesez) Love, Stanley G.; Brownlee, Donald E.. (1992-12). «The IRAS dust band contribution to the interplanetary dust complex - Evidence seen at 60 and 100 microns» The Astronomical Journal 104: 2236. doi: . ISSN 0004-6256. (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ (Ingelesez) Galiazzo, Mattia A.; Wiegert, Paul; Aljbaae, Safwan. (2016-11-08). «Influence of the Centaurs and TNOs on the main belt and its families» Astrophysics and Space Science 361 (12) doi: . ISSN 0004-640X. (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ Carvano, J. (2001-01). «Spectroscopic Survey of the Hungaria and Phocaea Dynamical Groups» Icarus 149 (1): 173–189. doi: . ISSN 0019-1035. (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ 1941-, Dymock, Roger,. (2010). Asteroids and dwarf planets and how to observe them. Springer ISBN 9781441964397. PMC 694146723. (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ (Ingelesez) Barucci, M. A.; Fulchignoni, M.; Rossi, A.. (2006-12-06). «Rosetta Asteroid Targets: 2867 Steins and 21 Lutetia» Space Science Reviews 128 (1-4): 67–78. doi: . ISSN 0038-6308. (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ (Ingelesez) Greicius, Tony. (2015-02-13). «NASA's Juno Gives Starship-Like View of Earth Flyby» NASA (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ «New Horizons Crosses The Asteroid Belt» www.spacedaily.com (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ «Marooned Off Vesta» www.asimovreviews.net (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).
- ↑ «Seetee Ship» www.goodreads.com (Noiz kontsultatua: 2018-10-18).