Ingeniari
Ingeniariak ingeniaritzaren praktikatzaile diren profesionalak dira. Ingeniari batek helburu eta betebeharrak betetzeko makinak, sistemak, egiturak eta materialak asmatu, diseinatu, analizatu, eraiki eta aztertzen ditu, praktikotasunak, arauek, segurtasunak eta kostuak inposatutako baldintzak kontuan hartuz. Ingeniari hitza (Latinez ingeniator) Latineko ingeniare (“egin, sortu, asmatu, antolatu”) eta ingenium (“azkartasun”) hitzetatik eratorria da.
Ingeniari baten oinarrizko ikasketek ingeniaritza-diziplina batean lau urteko unibertsitate-gradua barneratu ohi dute, edo, lurralde batzuetan, master-gradua ingeniaritza-diziplina batean gehi lautik sei urtetarako praktika profesionala kide batez lagunduta (proiektu-txosten edo tesi batean amaitua).
Ingeniarien lanak lotura egiten du aurkikuntza zientifikoen eta haien ondorengo giza eta negozio-beharren zein bizitza-kalitaterako aplikazioen artean.
Bere zeregin nagusia diseinu edo soluzio teknologikoak garatzea da behar sozial, industrial edo ekonomikoen inguruan. Horretarako, ingeniariak bidean sortzen diren oztopo esanguratsuenak identifikatu eta ulertu beharko ditu diseinu egoki bat egiteko. Horietako batzuk eskuragarriak diren baliabideak izango dira: muga fisiko eta teknikoak, etorkizunean egingo diren aldaketak, eransketak eta kostearen malgutasuna, lana amaitzeko aukera, estetikoki eta komertzialki dauden onurak eta gogoetak. Oztopoak identifikatuz eta ulertuz, ngeniariak, sortuko diren mugei aurre egiteko, ebazpenik egokienak hautatu behar ditu. Hori dena,objektu edo sistema bat ekoiztu behar denean, alegia.
Ingeniariek beren adimen zientifiko, matematiko eta experientzia erabiltzen dute, arazoen aurrean konponbide hoberenak aurkitzeko, arazoen eredu matematikoak sortuz eta horrela arazoaren analisi zorrotzagoa eginez, eta balizko irtenbideak egiaztatzea ahalbidetuz. Zentzuzko konponbide anitz badaude, ingeniariek diseinuko aukera desberdinak aztertuko ditu, eta beharretara ondoen egokitzen den irtenbidea aukeratuko dute kostu, segurtasun eta inguruko beste baldintzak kontuan hartuta.
Ingeniariak produkzio katean hasi aurretik, egiaztatuko du sortutako diseinuak ezarritako helburuak betetzen dituen ala ez. Horretarako prototipoak, eskalara egindako modeloak, simulazioak, suntsitze eta indar probak erabiltzen dituzte. Entsegu horiek egiaztatu beharko dute tresnek nahi bezala funtzionatuko dutela.
Ordenagailuek duten lana oso garrantzitsua da diseinu erraz eta estandarrak egiteko. Ordenagailuz lagundutako diseinu programen bidez, ingeniariek beren diseinuen inguruan informazio gehiago jaso dezakete sistemen/programen bidez. Ordenagailuak, automatikoki, modelo batzuk diseinu baten fabrikaziorako argibide bihur ditzake. Gainera, aurretik garatutako diseinuak berrerabiltzeko aukera ematen du, ingeniariaren diseinuetan erabiltzeko aurrez zehaztutako piezen liburutegia erakutsiz.
Ingeniariek arretaz jokatu behar dute, erabiltzaileengan kalte fisikoa sor baitezake, diseinuak hasieran definitutako portaera betetzen ez badu. Orokorrean ingeniariek segurtasun faktore bat sartzen dute kalkuluetan, beren diseinutan aurrerantzean sortu daitekeen arazoak ekiditeko.
Zientzia fenomenoen azalpenari aurre egiten saiatzen da, emaitza esperimentalekin bat datozen eredu matematikoak sortuz. Teknologia eta ingeniaritza zientziaren bidez lortutako ezagutzaren aplikazioak dira, eta emaitza praktikoak ematen dituzte. Zientzialariek zientziarekin lan egiten dute eta teknologoek teknologiarekin.
Ingeniariek duten funtzio nagusia gaitasun teknologikoak eta zientifikoak erabiliz arazoei irtenbideak bilatzea da. Ingeniariek gaitasun honen laguntzaz gauza ugari egin ditzakete ulermen espazialeko ikusmen handia badu.
Eginkizun eta trebetasunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Diseinua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingeniariek soluzio teknologiko berriak garatzen dituzte. Ingeniaritza-diseinu prozesuan zehar, ingeniariaren ardurak izan daitezke: problemen definizioa, ikerketa zuzendu eta zehaztea, irizpideen analisia, soluzioak bilatzea eta analizatzea eta erabakiak hartzea. Ingeniari baten denbora gehiena informazioa ikertzen, bilatzen, aplikatzen eta transferitzen igarotzen da. Izan ere, ikerketen arabera, ingeniarien denboraren % 56 informazioarekin erlazionatutako jardueretan pasatzen da, tartean % 14 aktiboki informazioa bilatuz.
Ingeniariek diseinu-aukera ezberdinak ebaluatu behar dituzte haien gaitasunetan oinarrituz; ondoren, helburu eta betebeharrak hobekien betetzen dituen soluzioa aukeratzeko.
Analisia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingeniariek analisi teknikak erabiltzen dituzte azterketan, ekoizpenean, edota mantenuan. Ingeniari analitikoek ondorengoak egin ditzakete: ekoizpena ikuskatu lantegi eta bestelakoetan, prozesu-akats baten kausa determinatu, eta ekoitzitakoa probatu kalitatea mantentzeko. Proiektu konplexuen denbora eta diru-kostuak estimatzen dituzte ere. Ingeniari ikuskatzaileak osagai handien edo proiektu osoen arduradunak dira. Ingeniaritza-analisiak analisi zientifikoaren printzipioen aplikazioa eta ikertzen ari den tramankulu, mekanismo edo sistemaren egoera eta propietateak ezagutzeko prozesuak dakartza. Ingeniaritza-analisiari ekiteko ingeniaritza-diseinua operazio eta akats-mekanismoetan banatzen da, operazio eta akats-mekanismoak analizatu edo estimatu egiten dira banaka-banaka isolatuz, eta piezak birkonbinatuz. Arriskua ere aztertu dezakete.
Ingeniari askok ordenagailuak erabiltzen dituzte diseinuak egin eta analizatzeko, simulazioak eta probak egiteko makina, egitura, edo sistema batek nola jarduten duen ikusteko, atalentzako zehaztapenak sortzeko, produktuen kalitatea kontrolatzeko, eta prozesuen efizientzia kontrolatzeko.
Espezializazioa eta ingeniari motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingeniaritzak adar asko ditu, horietako bakoitza teknologia eta produktu espezifiko batzuetan oinarritzen da. Normalean, ingeniariek ezagutza sakona izango dute adar batean eta oinarrizko ezagutza erlazionatutako adarretan. Hauek dira ingeniaritzaren adarretako batzuk:
- Ingeniaritza aeroespaziala. Hegazkin eta espazio-ontzien garapenean espezializatzen da.
- Arkitektura-ingeniaritza eta eraikuntza-ingeniaritza. Eraikuntzan eta eraikinetan espezializatzen da.
- Ingeniaritza biomedikoa. Ingeniaritza eta medikuntzaren arteko tartea txikitzeko asmoan espezializatzen da, osasun-laguntza tratamenduetan aurreratzeko asmoz.
- Ingeniaritza kimikoa. Kimikoen fabrikazioan eta kimikoen ekoizpen-prozesuetan espezializatzen da.
- Ingeniaritza zibila. Sistema handien eraikuntzan, egituretan, eta ingurumen-sistemetan espezializatzen da.
- Ingeniaritza informatikoa. Ordenagailuen hardware eta software-sistemen garapenean espezializatzen da.
- Ingeniaritza elektrikoa. Elektrizitatearen, elektronikaren eta elektromagnetismoaren aplikazioetan espezializatzen da.
- Ingeniaritza industriala. Produkzioaren diseinu, optimizazio eta operazioan, logistikan, eta zerbitzu-sistema eta prozesuetan espezializatzen da.
- Ingeniaritza mekatronikoa. Teknologian eta industriaren arlo guztia kontrolatzean espezializatzen da.
- Ingeniaritza mekanikoa. Energia-sistemen operazio eta garapenean, garraio-sistemetan, ekoizpen-sistemetan, makinetan eta kontrol-sistemetan espezializatzen da.
- Ingeniaritza metalurgikoa eta materialen ingeniaritza. Metalak meatatik ateratzean eta material berrien garapenean espezializatzen da.
- Meatzaritza-ingeniaritza. Lurretik mineralak ateratzeko zientzia aplikatuen eta teknologien erabileran espezializatzen da.
- Software-ingeniaritza. Software-sistemen diseinu eta garapenean espezializatzen da.
- Etab.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]