Enel (Ente nazionale per l'energia elettricaren akronimoa) energia elektrikoa eta gasa ekoizten eta banatzen duen enpresa multinazionala da. Erakunde publiko gisa eratu zuten 1962an; 1992an akzio-sozietate bilakatu zen eta 1999an, energia elektrikoaren merkatua liberalizatu ondoren, pribatizatu egin zuten. Italiako Estatuak, Ekonomia eta Finantza Ministerioaren bitartez, akziodun nagusia izaten jarraitzen du eta 2015eko maiatzean kapital sozialaren %25,5a zuen. Milango burtsan kotizatuta dago. Munduan 56. enpresa da, 73,1 mila milioi euroko salmenta-bolumenarekin eta burtsan 39 mila milioi euro baino gehiagoko kapitalizazioarekin. 69.272 langile ditu.