Enpresa
Enpresa edo konpainia erakunde ekonomiko eta sozial bat da, gizarteari ondasunak eta zerbitzuak eskaintzen dizkiona, ahalik eta modu eraginkorrenean, ekoizpen-faktoreak, kapitala eta lana alegia, bateratuz. Enpresak izan daitezke, hartara, baserriak, okindegiak, hegazkin-konpainiak eta bankuak. Enpresa kapitalistetan, enpresaburuak enpresako ekoizpen-baliabideen jabea da eta langileak kontratatzen ditu lan egiteko; aldi berean ahalik eta irabazi gehien lortzea ezartzen du helburu nagusi moduan. Beste kasu batzuetan, ordea, enpresen helburu nagusia bestelakoa da, hala nola Gobernuz Kanpoko Erakunde eta enpresa publikoen kasuan. Aldi berean lana zein kapitala ekartzen dituzten bazkideez osaturiko enpresak ere badaude, Rochdaleko Aitzindariak sortutako kooperatibak kasu. Nolanahi ere, enpresak ekonomia eta gizarte bateko oinarrian kokatzen dira, produktuen ekoizpena eta zerbitzuen eskaintza bermatuz eta enplegua sortuz. XX. mendean zehar enpresa kapitalista zenbaiten hazkunde bizia izan da, enpresa-talde handiak eta multinazionalak sortuz[1]. Egun, enpresen kontzentrazio- eta bateratze-prozesuak aurrera jarraitzen du, eta enpresa batzuek botere politiko itzela lortu dute, estatuen erabakiak nabarmen eraginez.
Alde anitzeko kontzeptua da enpresa: izaera ekonomikoaz gainera, errealitate teknologikoa, juridikoa, soziologikoa, psikologikoa ere bada aldi berean. Ikuspegi sozial batetik, enpresa langileek osatzen dute eta beraz, aintzat hartu behar dira enpresan pertsona hauen integrazioa eta beraien arteko harremanak. Baliabide teknologiko egokiak erabili eta langileekin uztartu beharko ditu, besteak beste. Enpresak berariazko nortasun juridiko ere behar du, barneko funtzionamendua eta kanpoko erakunde eta pertsonekiko harremanak arautu behar baitira. Azkenik, enpresa bat langile banakoek osatzen dutela ere kontuan hartu behar da, horietako bakoitzak enpresari buruz asmo, helburu eta itxaropen ezberdinak dituena.
Enpresaren kontzeptua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errealitate konplexua izanik, enpresa kontzeptu lausoa eta definitzen zaila da. Sinonimoak izan gabe, enpresa terminoarekin lotu izan dira lantegi, ustiapen eta negozio kontzeptuak. Merkataritza sozietate kontzeptu juridikoa ere enpresaren parekotzat erabili izan da, enpresa kontzeptu zabalagoa bada ere. Definizioaren konplexutasuna historian zehar izan duen bilakaerak eta enpresa aztertzeko ikuspuntuen aniztasunak dakar. Hori guztia dela eta, egungo iritzi orokorraren arabera, enpresa definitzeko termino egokiena sistema da. Enpresak irizpide ekonomikoei jarraiki funtzionatzen duenez gainera, enpresaren kontzeptuan sistemaren izaera ekonomikoa nabarmentzen da, sozietate, lantegi eta ustiapen terminoak izaera juridikoa, fisiko eta teknologikoa, hurrenez hurren, kontuan hartzen dituzten moduan[2].
Helburuak eraginkortasunez lortzearren enpresa sistemako elementuak behar bezala koordinatu behar dira, enpresako pertsona eta sail bakoitzaren erantzukizunak eta eskumenak zehaztuz eta komunikaziorako bide egokiak erabiliz. Labur esanda, enpresak antolakuntza behar du.
Enpresak ziurgabetasun-giro batean garatu behar du bere barneko jarduera zein ingurunearekiko harremana. Adibidez, enpresak ez du erabateko zehaztasunez jakiten zenbat ekoiztuko duen eta merkatuak zenbateko eskaria egingo dion. Ziurgabetasun-giro horretan etengabe informazio jaso, helburu berriak finkatu eta erabakiak hartu behar ditu eta horretarako enpresak kudeaketa izan behar du.
Antolakuntzarako eta kudeaketarako enpresaren izaera ekonomikoaz gainera beste dimentsioak ere kontuan hartu beharko dira modu bateratuan:
- dimentsio teknologikoa: enpresak burutzen duen jarduerari buruz, hainbat arazo sortzen da zenbat eta nola ekoiztu behar den erabakitzerakoan; berrikuntza ere etengabeko jarduera izan behar da enpresa batean;
- dimentsio juridikoa: bere jarduerarako enpresak erabiliko duen nortasun juridikoaz gainera, inguruko pertsonekin nolako harreman juridikoak sortzen dituen erabaki beharko du (nolako kontratuak osatu, ...);
- dimentsio soziala: enpresaren baitan diharduten langileen arteko harremanak eta enpresarekiko harremanak nolakoak izan behar diren erabaki behar da, enpresan bakoitzak dituen ardura eta eskubideak zehaztuz.
Guzti horretaz gainera, enpresaren antolakuntzan gizarte-erantzukizuna ere hartu behar da kontuan, ingurumenaren zainketa, enplegua eta gizartearen ongizate eta garapena enpresaren esku egoten baitira neurri handi batean.
Enpresaren historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enpresa kapitalistak ezaugarri ezberdinak izan ditu historian zehar, feudalismoaren garaietatik egungo globalizaziora. Erdi Aroan artisauek enpresa familiarrak eratu zituzten, ofizioa belaunaldiz belaunaldi eskualdatuz, eta lehenengo burgesia izan zela baiezta daiteke, artisau maisuak askotan bere mendean langileak izan eta botere politiko nabarmena eskuratzen hasi baitziren. XVI. mendetik aurrera, merkataritza garatzen hasi zenean merkatariek hartu zuten enpresaburutzaren lidergoa, familiaren ordez merkataritza-enpresen finantzak ahalbidetu zitzaketen bazkideen arteko lankidetza bultzatuz. Merkataritza-kapitalismoaren garaia izan zen hura. Industria Iraultza nagusitu zenean, enpresa industrialek behar zuten kapital itzelen beharrak sozietate motako enpresak sorrarazi zituen, antolakuntza mila konplexuago batez. XX. mendean zehar, kapitalismoaren zabalkundearekin batera, enpresen hazkundea hartzen da helburu nagusitzat eta halatan enpresak biltzeko prozesu bati ekiten zaio, multinazionalak sortuz. Enpresa mota hauetan hasten da enpresaren jabe eta enpresako zuzendarien arteko bereizketak, enpresetako nagusitza azken hauen esku utziz [3]. Aldi berean, enpresak bere izaera konplexua, antolatua eta deszentralizatua nabarmentzen ditu, aurreko garaietako sinpletasunaren aldean. XX. mendearen bukaeran, hazkunde eta bateratze-prozesu hori areagotu egiten da globalizazio fenomenoak bultzaturik eta finantza-boterearen kontrolpean[4].
Enpresaburua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enpresa kapitalistan funtsezkoa da enpresaburuaren figura. Historian zehar ezaugarri ezberdinak izan ditu. Iraultza Industriaren hasieran, enpresaburua kapitalista edo ekoizpen-baliabideen jabea da eta aldi berean modu pertsonalean enpresa zuzentzen duena. Kapitalismotik jabe kapitalista den enpresaburuak aparteko mozkina jaso behar duela ezartzen da, enpresaren jarduerak dakarren ziurgabetasuna eta arriskua saritzeko. Marxismotik berriz enpresaburuak legez kanpo eskuratzen du irabazia, langileei erositako lanaren zati bat, gainbalio izenekoa, bereganatuz.
Enpresaburuak bereganatzen duen arriskuaz haraindi, beste teoria zenbaitek enpresaburuaren zeregina azaltzen saiatu dira. Alfred Marshallek enpresaburuak bere antolakuntza edo kudeaketa ekartzen duela iradoki zuen, lurra, kapitala eta lanaz gainera "laugarren ekoizpen-faktorea" osatuz. Joseph Schumpeteren teorian, enpresaburuaren ezaugarri nagusia berritzailea izatea da: ekonomia orekan dagoenean, enpresaburuak ez du aparteko mozkinik lortzen eta enpresan berrikuntza bat sartzean ekonomia osoan sortzen den desorekaren ondorioz lortzen du aparteko saria. John Kenneth Galbraith ekonomialariak tekno-estruktura terminoa sortu zuen XX. mendean zehar enpresaren jabetzaren eta kudeaketaren artean sortutako bereizketaren ondorioz enpresetan sortutako botere berria izendatzeko. Bere iritziz, XX. mendean zehar enpresa handietan jabeek enpresaren kontrola galdu egin dute zuzendari eta teknikoen mesedetan. Ondorioz, enpresaburua ia ez da enpresaren jabea baizik eta enpresako zuzendarien taldea izango.
Egun, globalizazioaren ondorioz, enpresak merkatuak etengabe sortzen duen informazioa aztertu behar du, gero eta zabalagoa eta konplexuagoa den errealitatean egokitasunez murgiltzeko. Teknologia, antolakuntza eta kudeaketa arloetan sortzen diren berrikuntzak bereganatu eta enpresara egokitu ere egin behar ditu. Halatan, ekinzale terminoa sortu da, sortzen diren dema eta aukera berriak aztertzen dituen pertsona izendatzeko, enpresaburuaren izaera dinamikoa nabarmenduz.
Enpresaren antolakuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antolakuntza-sistema zenbait eratu daitezke enpresa batean, formalizazio-maila, agintaritza-kate eta komunikazio-modu ezberdinekin. Muturreko bi antolakuntza-sistema bereiz daiteke enpresa batean: burokrazia eta adhokrazia. Sistema burokratikoak edozein unetan sor daitezkeen egoeretarako irtenbideak ematen ditu: enpresan burutu beharreko jarduera eta lanak egonkorrak dira eta noiz, nork eta nola egin behar diren guztiz zehazturik dago arau ofizialen arabera, hierarkia eta lanaren espezializazioa bultzatuz. Adhokrazian, berriz, unean-unean erabakitzen da egoera eta arazo bakoitzari aplikatu beharreko irtenbiderik egokiena, erabateko malgutasunez. XX. mendearen hasieran Max Weber soziologoak burokrazia goraipatu eta antolakuntza-modu gorentzat hartu zuen eta geroztik enpresetan ere garatu den antolakuntza mota ugariena izan da [5].
Garai berean, Henry Fayol ingeniariak antolakuntza-teoria garatu zuen, fayolismo izeneko eskola sortuz: bere administraziorako 14 puntuak (besteak beste, lanaren zatiketa, agintaritza, zuzendaritza bakarra) eta enpresa bateko sei funtzio bereizi zituen (teknikoa, komertziala, finantzarioa, kontabilitatea, segurtasuna eta aurreko guztiak kontrolatzen dituen funtzio administratiboa), gerora enpresa gehienak sail ezberdinetan antolatzeko balio izan duena. Kudeaketa arloan ere zuzendari baten eginbeharrak zehaztu zituen Fayolek eta egun ere indarrean dagoen kudeaketa-metodologia arruntena da: aurreikusi edo planifikatu, antolatu, agindu, koordinatu eta, azkenik, kontrolatu.
Antolaketa-egiturak enpresako eragile eta sail edo departamentuen arteko aginte, komunikazio eta erantzukizun harremanak zehazten ditu. Antolaketa-egiturak zabalak edo estuak izan daitezke. Antolaketa-egitura zabaletan zuzendari batek sail anitz ditu bere mendean: horrela egitura arinagoa eta komunikazioa errazagoa bada ere, zuzendarien lana gehiegizkoa izan daiteke, sail asko kontrolatu behar baititu. Antolaketa-egitura estuetan aginte-maila anitz dago: zuzendaritzaren lana erraztu egiten da, bere mendean sail gutxi dituelako, baina komunikazioa zaildu egin daiteke. Hierarkiazko antolaketa-egitura hauekin batera, aholkularitza lana egiten duten sailak edo staff izeneko sailak eta erabakiak batera hartzen dituzten eragileen taldeak edo batzordeak ere era daitezke enpresa batean. Antolaketa-egitura matriziala ere osa daiteke, proiektu baten inguruko eragile eta adituak bilduz, buru anitzeko koordinazio batekin batera, hierarkia bertikalaren ordez erantzukizun horizontala bultzatuz. Modu zabalago eta iraunkorrago batez, autogestioa ere agertzen da hierarkia eta botere-harremanetan oinarritzen diren antolaketa-egituren alternatiba moduan. Hauetan, kudeaketa osoa modu demokratikoan egiten da enpresako langile guztien artean. Nolanahi ere, komunikazio egokia eta langile guztien parte hartzea enpresan izaten diren gatazkak ekiditeko funtsezkoak dira.
Sail bakoitzaren ardurak finkatu edo departamentalizaziorako irizpide anitz dago: enpresako funtzioen arabera eratu daiteke, marketin, finantza, ekoizpen, kontabilitate eta giza-baliabideen sailak bereiziz, besteak beste; enpresak eskaintzen dituen produktu edo zerbitzuen arabera antola daiteke edota enpresa aritzen den eskualde edo bezeroen arabera. Enpresa barneko ekoizpen-azpiprozesuak kontuan hartuz ere egin daiteke.
Nolanahi ere, antolakuntza formalaren parean, enpresa guztietan langileen arteko harreman pertsonalak (adiskidetasunezkoak eta ezinikusiak), komunikazio modu alternatiboak eta berehalako lankidetza ere badaude, antolakuntza informala osatzen dutenak. Antolakuntza informala aukera bat izan daiteke enpresaren garapenerako, berrikuntzarako ideiak sortu, kudeaketa lana erraztu eta langileen arazo pertsonalak konponduz adibidez, baina askotan antolakuntza formalaren aurka jo ere egiten dute (zurrumurruak sortzen direnean, esaterako) enpresaren jarduna oztopatuz. Antolakuntza informala bere ohiturak eragingo dituen aldaketen aurkakoa izaten dela ere kontuan hartu behar da. Enpresaren kultura kontzeptua ere garatu da, enpresako kideek partekatzen dituzten balore eta gogoen multzoa adierazteko, balio sinbolikoaz gainera enpresako helburuak lortzeko ere kontuan har daitekeena.
Enpresa eta ingurunea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enpresa sistema irekia da, ingurunearekin harreman estuak baititu. Proiektu bat abiarazi, indarrean daudenak kudeatu edo enpresa berri bat sortzean, inguruneak eskaintzen dituen aukerak eta erakusten dituen mehatxuak aztertu behar dira.
Ingurune soziopolitikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oinarrian, enpresari sistema ekonomiko eta soziopolitikoak eragiten dio. Kapitalismoa edo merkatu-ekonomia, alde batetik, enpresa eta bertako ekoizpen-baliabideen jabego pribatuan eta enpresak sortu eta jarduteko askatasun-printzipioetan oinarritzen da. Horrela, gizabanakoaren ekimen askeak gizartearen aberastasuna eta ongizatea ekarriko dituztela esaten da, enpresa guztietan era optimoan zenbat ekoiztu eta zer preziotan saldu behar den finkatuko duen merkatu orekatzaileari esker. Kapitalismoaren baitan, ordea, aldaera zenbait ere badago. Alde batetik badira estatuaren esku sartzea aldezten dutenak, enpresen jarduera askeak erregulatu eta kontrolatu nahian eta enpresa pribatuek ekoizten ez dituzten ondasunak eta zerbitzuak modu eraginkorrago batez eskaintzeko, gizartearen ongizatearen mesedetan. Liberalismo ekonomikoaren muturreko ikuspuntu baten arabera, berriz, estatuak ez du enpresen jardueren arlo ekonomikoan [6] inongo parte hartzerik izan behar.
Kapitalismoaren aurka eta marxismoaren ideologian oinarritua, komunismoa aldarrikatzen zuten herrialde zenbaitek (SESB, Kuba, Vietnam, ...) ekonomia planifikatu baten alde egin zuten XX. mendean zehar, enpresen sorrera eta funtzionamendua estatuaren esku utziz. Enpresa hauek, ordea, inefizientzia arazo handiak jasan zituzten, lehiakortasun-ezak zekarren desmotibazioaren eta burokrazia zentralizatu eta zurrun baten eraginez. Merkatu erregulatzaile bat ez egoteak ere prezio eta kopuruei buruzko erabaki egokiak hartzea eragozten zituen, produktu askoren eskasia ekarriz. Abantaila gisa, merkatuak izaten dituen gorabeheren mendean ez egotea aipa daiteke. Sistema komunistak zekartzan eragozpenei aurre egiteko, estatuaren kontroletik at eta langileek beraiek kudeatzen dituzten autogestio-enpresak ere izan dira, SESBeko kolkhoz enpresak esaterako, estatuaren jabetzakoak ziren sovjoz izenekoen aldean.
Sistema politikoaren egonkortasunak ere badu eragin nabarmena enpresen garapenean. Diktadura, ustelkeria eta gutxieneko segurtasun juridikoa eskaintzen ez duten herrialdeetan enpresak berriak sortu eta daudenen proiketuak garatzeko inbertsioak uxatu egiten ditu. Era zehatzagoan, herrialde bateko zuzenbideak eta enpresen inguruko erabaki politikoek enpresak garatu eta inbertsio berriak erakartzeko balio izaten dute, zerga-politikako pizgarri fiskalen bitartez adibidez. Enpresaren itxiera partziala edo totala planteatzean ere tokiko araudia aztertu behar da; lan-kontratuen inguruko araudiak, esaterako, oztopoak jar ditzake langileak kanporatzerakoan. Aldi berean eta nazioartean jarduten duten enpresen kasuan, kontuan hartu behar dira merkataritzarako oztopoak (arantzelak) eta nazioarteko merkataritzarako blokeak (Europar Batasuna, Mercosur, ...), abantaila zein oztopo izan daitezkeenak, enpresa merkataritza-bloke baten barruan edo kanpoan dagoen. Aurrekoez gainera, faktore soziokulturalek ere garrantzi handia dute. Biztanleen kontsumitu eta lan-bizitza baloratzeko ohiturek, eta modu zabalagoan, sinesmen eta baloreek, enpresa bateko jarduera nabarmen eragiten duten faktoreak izan daitezke.
Ingurune ekonomiko orokorra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1992 urtean zabaldutako Disneyland Paris parkeak bertako erakunde publiko eta finantza-botereen sostengua izan zuen bere sorreran, baina hasieratik ez zituen espero ziren emaitzak lortu, ez bertaratze ez bertaratutakoen gastuaren aldetik. Arrazoien artean, ingurune soziokulturalaren diagnostiko okerra aipatu dira, europar familien ohiturak, eta frantziarrenak zehatzago, ez baitira estatubatuarren berdinak. Ingurune ekonomikoa ere ez zen behar bezala aztertu eta sarrera garestiegi suertatu zen familia gehienentzat. Parkera janariak sartzearen debekuak familiak janariarekin egunpasa egiteko ohiturarekin talka egin zuen. Parkearen gehiegizko dimentsioak, besteak beste eskala-ekonomiak gaizki aztertu ondoren, parkearen finantzak kolokan jarri zituen urteetan[7].
Enpresa batek koiuntura ekonomikoa edo uneko egoera ekonomikoa zein ekonomia epe luzera eragiten duen egitura aztertu behar ditu bere jarduera kudeatzeko. Aztertu beharreko koiuntura-faktoreak ziklo ekonomikoa, inflazioa, trukaneurriak eta langabezia dira, besteak beste. Egiturari buruz kontuan hartu beharreko faktoreak garapen eta industrializazio-maila, soldata-maila, langileen trebakuntza eta lehiakortasuna izaten dira. Koiunturak enpresak epe labur eta ertainera egin behar dituen inbertsioak edo burutu beharreko proiektu berriak baldintzatzen ditu. Herrialde bateko egitura ekonomikoak, berriz, enpresa berrien sorrera, atzerriko kapitalentzeko erakargarritasuna eta bertako enpresen deslokalizazioa eragin dezake. Globalizazioaren eraginez, enpresek euren jardueretarako ingurune ekonomiko eta soziopolitiko egokienak dituzten herrialdeak hautatzea ohikoa bilakatu da XX. mendearen bukaeratik. Adibidez, Mexikoko maquiladora (gaztelaniaz) izeneko enpresen eredua (non arantzelik ordaindu gabe lehengaiak inportatu, bertako eskulan merkeaz baliatu eta produktu bukatuak esportatu egiten diren) mudu osora zabaldu da, Txina, India eta Afrikan. Globalizazioaren beste efektu bat enpresen nazioarteratzea izan da. Mundu osoan, enpresen kontzentraziorako joera ere nabarmena da, enpresak elkartuz eta merkatuan oligopolio egiturak sortuz, enpresa txikien jardun bakartia eragotziz.
Ingurune zehatza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enpresa aritzen den sektore ekonomikoaren ezaugarriek ere bere jarduera eragiten dute. Sektore ekonomikoa egonkorra, denboran zehar bere ezaugarriak gutxi aldatzen direnean, edo dinamikoa izan daiteke, etengabe aldatzen denean, teknologia azkarreko sektoreetan esaterako. Ingurune dinamiko batean erabakiak hartzea zailagoa da, ziurgabetasun-giro batean murgiltzen baita enpresa. Merkatuaren dibertsifikazioa ere, enpresak produktu asko ekoiztu, bezero asko dituen edota bere merkatuak oso sakabanatuak dauden alegia, faktore garrantzitsua da enpresa baten kudeaketan. Enpresak ekoiztzen dituen produktu edo eskaintzen dituen zerbitzu-mota ere kontuan hartu behar da: adibidez, hartu beharreko marketin-erabakiak ez dira berdinak produktuak iraunkorrak direnean eta biziraupen laburra dutenean.
Merkatuaren egitura, monopolioa, oligopolioa edo konpetentzia monopolistikoa den alegia, funtsezko faktorea da enpresa baten jardunean, enpresa murgiltzen den konkurrentzia-giroa eragiten baitu. Monopolioan, merkatuan enpresa bakarra aritzen denean alegia, enpresak lehiakiderik izan ez eta neurri batean prezio altuak jartzeko abantaila izaten du. Monopolio bat sortzeko beste lehiakideentzat sarrera-hesiak izan behar dira, hala nola enpresa sortzeko egin beharreko inbertsio itzela, teknologia konplexua edo enpresak bere jardueran duen eraginkortasun konparatibo handia. Oligopolioetan lehiakide kopurua txikia eta konkurrentzia handia da: enpresa erne egon behar da beste lehiakideek nolako erabakiak hartzen dituzten behar bezalako erantzuna emateko. Konpententzia monopolistan lehiakide kopurua oso handia da, sarrera eta irteera hesiak txikiak dira, merkatuko egoerari buruzko informazioa nahiko gardena izaten da eta produktuak antzekoak izan arren, enpresak saiatzen dira horiek desberdintzen (askotan marka eta bestelako atributu ukiezinen bitartez), bezeroa erakarri eta fidelizatzearren. Uneko merkatu-egitura gorabehera, enpresak lehikide berrien sarrera une oro aurreikusi behar du. Enpresak ekoizten duen produktu edo ematen duen zerbitzua mehatxatu dezaketen ordezko produktu eta zerbitzurik badagoen ere aztertu behar du. Lehiakideez gainera, enpresak bezero eta hornitzaileen negoziazio-ahalmena ere kontuan hartu behar ditu. Adibidez, denda txiki batek hornitzaileek inposatzen dizkioten baldintza gogorrei aurre egiteko, beste denda txikiekin elkartu eta bere negoziazio-ahalmena handituko du.
Produktuak ekoizterakoan enpresak abantailak lor ditzake kostuetan, eskala-ekonomiak, esperientzia-kurbak eta hedadura-ekonomiak erabiliz. Adibidez, eskala-ekonomietan ekoizpenaren bolumena handitzean unitateko kostuak murriztu egiten dira. Baina kostuak murrizteko aukera hauek ez dira sektore guztietan gertatzen[8].
Enpresaren arlo funtzionalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekoizpen-arloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekoizpen-funtzioa, zentzu teknikoan harturik, enpresaren muinean kokatzen da, enpresak input edo lehengai zenbaitetatik ekoizpen-prozesuaren bitartez balio erantsia duten ondasun eta zerbitzuak ekoizten baititu funtsean. Hala ere, balio erantsia enpresaren beste arloetan ere sor daitekeela ohartu behar da, produktuak berezko balioaz gainera, besteak beste produktua aurkezteko moduak eta saldu ondorengo zerbitzuak ere balio erantsia gehitzen baitute.
Produktuaren ezaugarriak, merkatu-mota eta teknologia dira ekoizpen-prozesuaren inguruko erabakiak hartzerakoan kontuan hartu beharreko faktoreak. Hartara, ekoizpena eskabidearen araberakoa edo merkaturatu edo biltegiratzeko izan daiteke, besteak beste. Adibidez, produktuak ekoizpen-denbora altua eskatu eta aldi berean desberdindua denean, eskabidearen araberako prozesua da egokiena, prozesu hauetan langilegoak trebakuntza handiagoa behar duela kontuan hartu behar bada ere; merkaturatu edo biltegiratzeko prozesuak produktuak unitate kostu txikiak dituenean izaten da egokiagoa eta ekoiztu beharreko kopurua enpresak dituen merkatu-aurreikuspenei jarraiki erabakitzen da.
Ekoizpen-prozesuaz gainera, ekoizpen-arloan hartu beharreko erabakiak ekoizpen-ahalmena (enpresa ekoizteko gauza izango den bolumenerako dimentsioa, alegia), lan-indarra (zenbat langile, bakoitzak egin beharreko lanak eta erantzukizunak, erredimenduak, ikuskapena), kalitatea (produktuak bete beharreko zehaztapenak zentzu teknikoan, kalitatea enpresa osoko arloetara zabaltzen den kontzeptua baita), inbentarioak eta lan-segurtasuna dira besteak beste. Kontuan hartu behar da ekoizpen-arloan hartu beharreko erabakiak estrategikoak (ekoizpen-prozesuaren dimentsioa, esaterako) eta taktikoak (jardueren programazioa, esaterako) izan daitezkeela.
Marketin-arloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aintzinean, bezeroa enpresaren salmenten iturri moduan soilik ikusten bazen ere, gaur egungo enpresaren filosofian bezeroaren beharrak asetzea funtsezkoa da konkurrentzia nagusi diren ingurunean, non bezeroak aukera zabalak dituen edozein ondasun edo zerbitzu eskuratzeko. Marketina da bezeroaren beharrak asetzea helburutzat hartzen duen enpresa-arloa. Marketin arloak merkatuaren ikerketarekin abiaraziko du bere jarduera, merkatuak eskatzen dituen produktu eta zerbitzuak eta horien ezaugarriak zehazteko; ekoiztu beharreko produktuaren salmenta aurreikuspena ere bere erantzunkizuna da. Produktua merkaturatzeko estrategietako bat merkatu-segmentazioa da, non enpresak merkatuko kontsumitzaile talde jakin eta zehatz bati bakarrik ekiten dio, bere beharrak kontuan hartuz, talde horren fideltasuna irabazi nahian. Produktuaren banaketa nolakoa izango den (dendak erabiliz, online, ...) eta ontziratzea ere erabaki behar dira marketin-arloan. Prezio-politikan ere marketin-arloak badu bere zeregina, salmenta-sustapenaren bitartez adibidez. Produktuaren atributu fisikoetaz gainerak, marketinak marka ere lantzen duen eremu bat da. Produktua eta marka zabaltzeko, enpresak publizitatea erabiltzen du.
Finantza-arloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enpresaren finantza-funtzioak enpresak bere jardueran behar dituen kapital-beharrak lortu eta mantentzeaz arduratzen da. Enpresak egin behar dituen inbertsioen bideragarritasunaz eta errentagarritasunaz ere arduratzen da. Enpresaren kapitala, zentzu hertsian, jabe edo bazkideek jarritako diruak osatzen du. Finantza-iturriak dira, halaber, epe luzerako maileguak zein epe laburrerako beste iturri zenbait (hornitzaileei ordaintzeko epearen atzerapena, adibidez). Pasiboa osatzen duten kapital hauek ekoizpen-faktore finko (instalazioak, makinak, adibidez) zein zirkulatzaileak (behar den gutxieneko inbentarioa) eskuratzeko erabiltzen dira. Horiekin enpresak bere jarduera burutu eta bezeroei egindako salmentei esker, enpresak finantza-baliabide berriak jasoko ditu. Finantza-funtzioaren zeregin nagusienetako finantza-iturrien epea (zorrak noiz itzuli behar diren) kontrolatzea da, aurrekontuen bitartez besteak beste, enpresa une oro zorrak kitatzeko egin behar dituen ordainketei aurre egiteko likidezia izan dezan.
Finantza-baliabideak eskuratzeko, enpresa banku edo bestelako finantza-bitartekariengana jo dezake. Burtsan eta bestelako finantza-merkatuetan ere baliabideak lor daitezke, akzio berriak jaulkiz kapital-zabalkuntza delakoen bitartez, adibidez. Leasing edo berarekin batera erosteko aukera duen ekipamenduen alokairua finantzaziorako modu berezietako bat da. Enpresak autofinantzazioa ere egin dezake, irabazien zati bat kapital-baliabideak osatzera eramanez edo amortizazioaren bitartez esaterako.
Giza baliabideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enpresa bateko langileek osatzen dituzte giza baliabideak. Giza baliabideen funtzioak enpresako langileen hautaketa, kontratazioa eta enpresa barneko promozioa, ordainsarien politika, trebakuntza, lan-segurtasun eta arriskuak, langileen arteko harremanak eta enpresak langileekin dituen harremanak (sindikatuekin, esaterako) izaten ditu eskumen gisa. Langileak eta, beraz, giza baliabideak, enpresa guztietan badaude ere, enpresa handietan soilik izaten da sail antolatu berezi bat funtzio horrentzat eta zuzendaritza nagusiak berak hartzen du sarri giza baliabideen inguruko gaien erantzukizuna. Giza baliabideen sail bereizia dagoenean, psikologo eta giza zientzietako bestelako profesionalen buruzagitzapean egoten den saila da, langileekiko harremanetan pertsonei entzun eta zuzentzeko gaitasun handia behar izaten baita. Antzinean, langileak langile soiltzat hartu eta bere produktibitateari bakarrik behatzen bazitzaion ere, enpresa aurrerakoiak langileak bere lan-motibazioa garatu eta enpresaren kudeaketan integratzea ditu helburu, aldi berean bere gogobetetasun pertsonalaren alde lan eginez[9].
Zuzendaritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuzendaritzaren eginkizuna, kargu goren moduan, enpresaren kudeaketa estrategikoa da: enpresako helburuak finkatu eta horretarako politikak eta programak erabaki (plangintza), helburu horiek lortzeko baliabideak prestatu eta koordinatu (antolakuntza), pertsonak ekintza horietarako bultzatu (zuzendaritza lidergo moduan) eta helburuen lorpenaren kontrola burutzea alegia. Halatan, zuzendaritzaren zeregin nagusia erabakiak hartzea da, helburuak, politikak eta kontrola zehazteko jasotzen den informazioa aztertuta ekintzarako bidea zabalduz[10].
Bestalde, enpresaren antolaketa-egituran beste zuzendaritza-maila apalagoak izan daitezke, enpresa handietan batik bat; hala nola, marketin, finantza edo giza-baliabideen arloan. Arlo-zuzendaritza hauen funtzioa zuzendaritza nagusiarekin lankidetzan aritzea eta bertan hartzen diren erabakiak eta zehazten diren politikak eta programak egunez egun aurrera eramatea da. Zuzendaritza nagusiarentzat informazioa osatzea, txostenak osatuz, ere izaten dute eginkizun. Euren rola, beraz, administratiboa dela esan daiteke, enpresaren egunez eguneko jardunean. Hartara, zuzendaritza gorenaren gaitasunak kontzeptualak eta lidergoarekin lotutakoak izan behar diren bitartean, administrazio-zuzendaritzak gaitasun teknikoak izan behar ditu batez ere. Hori guztia dela eta, antzinean enpresen buruzagitza jabearen esku soilik bazen ere, egun trebakuntza zorrotza duten pertsonak behar dira kudeaketa eta administrazioa behar bezala egiteko; era horretan, jabetza eta zuzendaritza bereizirik ageri dira egun eta enpresaren boterea teknokrazia baten esku geratu da kasu askotan.
Kontrola: kontabilitatea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enpresa guztiek behar dute bere baitako zein kanpoko eragileekin dituzten harremanei buruzko informazioa jaso, erregistroa egin eta aztertu. Informazioa erabaki egokiak hartu eta ezarritako helburuak aurreikusita bezala gauzatzen ari diren egiaztatzeko erabili behar dira. Arlo hau zuzendaritzaren mendean egoten da zuzenean, zuzendaritza baira informazio hau baliatuko duena bere kudeaketarako. Enpresak jasotzen duen informazio mota garrantzitsuena kontabilitatea. Kontabilitatean modu sistematikoan jasotzen dira enpresaren ondarea enpresak bere jardueran burutzen dituen eragiketak, kanpoko eragileekin zein bere baitan. Kontuan hartu behar da enpresak legez ere bere kontabilitatea burutu behar duela, besteak beste, lortutako irabazien gainean ordaindu beharreko zerga kalkulatzeko.
I+G+b
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikerkuntza, Garapena eta berrikuntzaren arloetan, betidanik egon dira enpresetan berrikuntzak ezartzen saiatzen diren pertsonak, enpresa txikietan ekoizpeneko teknikariak normalean, eta enpresa ertain eta handietan berriz, ekoizpenetik bereizitako departamenduak. Hauek izen desberdina jaso izan dute, hala nola "Bulego teknikoa", "Ingeniaritza", "Berrikuntza", "I+G+b departamendua, "etab.
Funtzio nagusia prozesuak eta/edo produktuak hobetzea da, merkatuan lehiakorragoak izateko.[11] Bestalde, iragango urteetan enpresa tradizionalei beste kategoria bat gehitu zaie: "Oinarri teknologikoko enpresak"[12], non I+G+b bilakatu da bere jarduera garrantzitsuenetakoa, salmenten % 25tik gorako aurrekontuarekin.
Berrikuntzak merkaturatzea enpresen zeregin nagusia izan arren, badira ikerkuntzan eta garapenean ere aritzen direnik. Eta hiru arloen mugak definitzeko, hainbat saio egin dira azken hamarkadetan, nazioarteko eragileak ados jarri arte. Horrela sortu ziren Frascatiko Eskuliburua,[13] Ikerkuntza eta Garapenaren motak eta arloak sailkatzen zein aztertzen dituena, eta Osloko Eskuliburua,[14] berrikuntzari buruzko informazioa biltzeko eta aztertzeko nazioarteko gida nagusia.
Hain zuzen, eta orokorki aztertuta, enpresa gehienak soilik berrikuntza arlora murgiltzen dira, berrikuntza irekiaren kontzeptuan (Open innovation bezala ezagutua)[15]. Horrek dakar, Ikerkuntza nagusiki Unibertsitateen zeregina dela, eta Garapena Teknologi Zentroena. Halaber, enpresen artean sortutako klusterretan ere, berrikuntza lankidetzan eginaz sinergiak lortzen dira[16].
Berrikuntza departamenduetan barne-ekintzailetza sustatzen da, katalogoko produktu zein zerbitzu berriak merkaturatzeko. Eta tarteka, baita, enpresa nagusiko dinamikatik kanpo arituko diren spin-off edo enpresa berriak sortzen dituzte, sarritan beste enpresa batzuekin jabetza partekartuz.
Europar Batasuneko Programa ezberdinek berrikuntza proiektuei laguntza finantzarioak ematen dizkiete, bereziki Horizon 2020ren bitartez. Antzerako programak dituzte Espainiako Gobernuko Berrikuntza Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak.
Enpresen kontzentrazio eta elkartzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enpresak jarduten duen sektore ekonomikoa kontzentratua dagoela esango da enpresa gutxi direnean sekotre menderatzen dutenak. Horrela, monopolioa dagoela esaten da enpresa bakar bat aritzen denean sektorean, eta oligopolioa, enpresa gutxi aritzen direnean. Kontzentrazioa enpresak elkartuz egin daiteke eta horretarako arrazoiak teknikoak, eskala-ekonomiak eta esperientzia kurbak, edo finantzarioak izaten dira. Kontzentrazioa horizontala (jarduera berean aritzen diren enpresak elkartzen direnean) edo bertikala (ekoizpen prozesu bereko enpresak biltzen direnean, hornikuntza bermatuz eta transakzio-kostuak ekidinez) izan daiteke. Beste batzuetan, enpresa bera sektore anitzetan aritzen da, sektore bakar batean aritzea ekar dezakeen arriskua gutxitzeko, konglomeratu izeneko multzoa osatuz.
Enpresak lekartzeko hainbat modu dago: fusioa, elkartu egiten direnean; absorzioa, batak bestea bere baitan hartzen duenean; afiliazioa, batak beste baten kontrola hartzen duenean kapitalaren zati handi bat hartuz edo itunak eta akordioak.
Enpresa eta langileak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enpresaren faktore nagusietako, kapitalarekin batera, lana burutzen duten langilegoa da. Enpresak bere langileekin dituen harremanak modu zenbaitetan gauza daitezke. Enpresa kapitalistan langileek euren lana saltzen dute, soldata izeneko ordainsari baten trukean, enpresaren kudeaketan inongo parte hartzerik gabe. Gainera, marxismoan enpresaburuak langileak egindako lanaren balioaren zati bat bereganatzen duela baieztatzen da, kapitalismotik gainbalio hori enpresaburuak jarritako kapitalarengatiko ordainsaria dela adieraziz justifikatzen den bitartean. Enpresaburuen eta langileen arteko dialektika hori dela eta, bien arteko harremana gatazkatsua izan da historian. Kapitalismo modernoan, antzinako klase-borroka alde batera utzita, harreman hori langileen interesak defendatzen dituzten sindikatuen bitartez erregulatu da. Hala ere, maiz gertatzen da enpresaburuen eta langileen arteko gatazkak soldata eta lan-baldintzen eztabaidaren inguruan. Euren eskaeren alde langileek grebak egiteko eskubidea dute eta negoziazio kolektiboa enpresaburuekin funtsezko tresna izaten da enpresa eta langileen arteko lan harremanak zehazteko.[17]
Hirugarren Industria Iraultzak eta XX. mendeko amaierak ekarritako globalizazioak ekoizpen-metodo berriak ekarri ditu, errendimendu hutsaren ordez kalitatea eta malgutasuna bultzatuz. Halatan, taylorismo eta fordismoan oinarritutako lehengo hierarkiazko antolaketa-egituren aldean, langileen esperientzia eta lankidetza eskatzen dituzten ekoizpen-prozesuak dira egun nagusi, toyotismo eta just-in-time metodoetan bezala esaterako. Kasu gehienetan, ordea, langileen partehartze zuzen honek ez du lan-baldintzetan hobekuntzarik ekarri eta esplotazio-modu berriak sortu ere egin dira, hala nola langileen prekarietatea, mugikortasuna, langilegoaren sailkapena eta lan-harremanen indibidualizazioa.
Enpresa langileek beraiek kudeatzen dute beste kasu batzuetan. Kooperatiba izeneko enpresetan enpresaren jabeak langileak beraiek dira eta kudeaketari buruzko erabaki garrantzitsuenak beraiek hartzen dituzte modu demokratikoan, zuzendarien esku administrazioa soilik utziz eta langileen soldatak parekatuz. Dena den, merkatu ekonomian txertaturik jardun behar izateak kooperatibak praktika kapitalistak burutzera bultzatu ditu, jabeak ez diren eta ondorioz eskubide mugatuak dituzten langileak kontratatuz eta langileen soldaten arteko ezberdintasunak areagotuz.
Enpresa motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jabetzaren arabera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enpresaren jabetza-motak eta ondoriozko nortasun juridikoak enpresaren helburuak eta antolakuntza, erabakiak hartzeko eskumena eta hartzekodunekiko erantzunkizuna eragiten dituzte. Enpresaren nortasun juridikoei buruzko legeria herrialde bakoitzaren merkataritza-kodean biltzen da batez ere. Era horretan, enpresa mota hauek bereiz daitezke:
Banakako enpresak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Banakako enpresak: enpresaren jabea pertsona fisiko bakarra da, langile autonomoa.[18] Eta pertsona fisiko moduan erantzukizun mugagabea du enpresak sortutako obligazioak betetzeko, enpresaren ondarea eta ondare pribatua bereizi gabe. Merkataritza-zuzenbideak,[19] ordea, enpresaburu eta bazkideen erantzukizuna mugatzen duten aukerak sortu ditu, eta negozio txiki gehienetan, bereziki zerbitzuen arloan, banakako enpresaren figura aukeratzen dute ekintzaile gehienak[20].
Enpresa familarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enpresa familiarretan jabetzaren gehiengoa familiaren baten [21]esku egoteaz gain, pertsona horiek enpresaren kudeaketan rol nabarmena dute.
Sozietate anonimoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bazkideen ekarpenek osaturiko kapitala akzioetan [22]banatzen da, bazkideen ekarpena bere esku dauden akzioek adierazten duten zenbatekora mugatuz. Akzio hauek eskualdatu egin daitezke baldintzarik gabe, eta ondorioz bazkideak edo enpresaren jabeak aldakorrak izan daitezke denboran zehar. Hortik dator sozietateak duen anonimo izena. Mundu mailan gehien zabalduta dagoen enpresa mota da, kapitala gehitzeko burtsara joatea ahalbideratzen duelako. Horrela, nazioarteko inbertsio funtsak enpresen akziodun nagusiak iristera ailegatzen dira. USAn kokatuta dagoen beditaniko enpresa iparramerikarra baten akziodunen gehiengoa, atzerrikoa izan daiteke. American Enterprise Institute eta Heritage Fundazioaren China Global Investment Tracker-ek dioenez,[23] Txinak mundu osoan jarraitzen du inbertsio handiak egiten. Inbertsio mota horien hartzaile nagusia Estatu Batuak dira, 180 mila milioi dolar baino gehiago jaso baitzituzten 2005eko urtarriletik 2019ko ekainera.
Enpresa mistoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aldi berean estatuaren eta eragile pribatuen partaidetza dutenak. Sektore batzuetan gobernuek interes estrategikoa dute aktibitate batzuk kontrolatzeko, edo kapitala handitzeko, adibidez telekomunikazioan edo industria militarrean[24]. Kasu hauetan epe ertain edo luzeko partaidetza izaten da. Halaber, krisian sartzen diren enpresetan gobernua akzioduna bilakatu daiteke, langabezia ekiditzeko eta arazo sozialak txikiagotzeko leku deprimituetan, adibidez ontzigintzan edo meatzaritzan. Hemen, partaidetza epe motz edo ertainekoa izango daiteke, arazoak konpondu arte edo inbertitzaile pribatuak aurkitu arte. Partaidetza hauek gauzatzeko, gobernuek SPRI Taldea (Enpresa-garapenerako euskal agentzia) bezalako elkarteak sortzen dituzte.[25]
Kooperatibak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kooperatibetan enpresaren jabeak eta kudeatzaile nagusiak enplegatuak beraiek dira, era autogestionatuan. Mundu osoan barreiaturik daude, bereziki lehen sektorekoak, eta normalean tamaina txiki edo ertainekoak izaten dira. Euskal Herrian arlo ia guztietan daude:[26] nekazaritzan, irakaskuntzan, finantzatan, industrian, ikerkuntzan, zerbitzuetan eta banaketan.
Sozietate zibilak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sozietate zibiletan eta ondasun komunitateetan, enpresaren izaera bazkideak diren pertsona fisikoekin dator bat eta beraz, erantzukizun subsidiario, solidario eta mugagabea du, ondasun komunitateetan bazkide bakoitzaren partizipazio-kuotaren araberakoa bada ere. Espainiar zuzenbidean ez dute merkataritza-izaerarik eta beraz, ez dute Sozietateen gaineko Zerga ordaindu behar.
Sozietate kolektiboak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hauetan bazkideek erantzukizun subsidiario, solidario eta mugagabea dute eta beraz, bazkideek elkarrekiko konfiantza osoa dutenean osatzen dira, sozietate zibiletan bezala. Merkataritza-izera du eta beraz, Sozietateen gaineko zerga ordaindu behar du.
Sozietate komanditarioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sozietate hauetan bakide kolektiboak zein komanditarioak daude; bazkide kolektiboek lana zein kapitala jartzen dituzte eta erantzukizun mugagabea dute; bakide komanditarioek, berriz, kapitala bakarrik jartzen dute eta euren erantzukizuna kapital horretara mugatzen da.
Erantzukizun mugatukoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sozietate anonimoekin batera, sozietate-mota ugariena da; bertan bazkideek jarritako kapitalera mugatzen den erantzukizuna dute, baina printzipioz euren ekarpena ezin zaio beste pertsona bati eskualdatu.
Enpresa publikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enpresa publikoak: estatua da enpresaren jabea enpresa publikoetan eta horietan helburua ez da izaten ahalik eta irabazi handienak lortzea, baizik eta errentagarritasun ezagatik merkatuak batzuetan eskaintzen ez dituen ondasun eta zerbitzuak eskaintzea. Hor azpisektore asko daude, hala nola garraio publikoa, ur zerbitzuak, zaborra eta hondakinak, etabar. Euskotren edo Euskadiko Kirol Portuak dira adibide garbiak.
Tamainaren arabera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tamainaren arabera enpresa handiak, ertainak eta txikiak bereizten dira. Askotan enpresa txikiak eta ertainak batera sailkatzen dira, ETE edo Enpresa Txiki eta Ertainak akronimoa erabiliz, 1etik 249 arteko enplegatu dituztela, eta urtero 50 milioi euroko fakturazioa gehienez.[27]. Enpresak horrela sailkatzeko irizpideak langile kopurua edo fakturazioa izaten da, sektore ekonomiko ezberdinetan enpresak berez handiagoak edo txikiagoak izaten direla ere kontuan hartuz. Enpresaren tamainaren araberako sailkapenerako irizpide zehatzak izaten dira herrialde guztietan estatistika-erakunde ofizialen eskutik, enpresei buruzko estatistikak osatzearren.[28]
Europar Batasunak ETEak sustatzera zuzendutako hainbat finantzaketa-programa ditu, hainbat lehentasunezko eremutan kontzentratuz, adibidez, ekintzailetza eta gaitasunak sustatu, ETEek merkatuetara sarbidea eta hazkunde potentziala hobetu, eta dituzten eragileekin elkarrizketa eta kontsulta sendotu. Mundu mailan berriz[29], ETEen gain dago negozioen %90a eta enpleguaren %50 baino gehiago.
Enpresa txikiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enplegatu batetik berrogeita bederatzi arte dituztenak dira. Batetik hamar artekoei, mikro-enpresak ere deitzen zazkie, azpikategoria bezala. Normalean zuzendariaren esku geratzen dira arlo funtzionalen ardura gehienak, eta ez da departamendu egituraturik egoten. Enplegatuek arlo desberdinetako betebeharrak izaten dituzte, lan egiteko era malguagoan. Enpresa txikiek hainbat abantaila dituzte, hala nola giza harreman estuagoak mantentzea, negozioaren ikuspegi osoagoa izatea, mami aberatsagoko lanpostuetan jardutea, eta pertenentzia sentimendu handiagoa izatea. Eragozpenen artean berriz, negozioaren larregizko menpekotasuna zuzendariarenganako, enplegatuen espezializazio falta, eta finantza-baliabideak lortzerakoan zailtasun handiagoak izaten dituztela.[30]
Enpresa ertainak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berrogeita hamar enplegatutik berrehun eta berrogeita bederatzi artekoak dira. Departamenduak egituratuta daude, eta zuzendaritzan talde batek hartzen ditu erabakiak. Badira handitzerik nahi ez duten tamaina honetako enpresak, dinamikotasuna mantentzeko eta jarduera burokratikoetan ez erorzteko[31]. Ondorioz, ekoizpen plantak dibersifikatzen dituzte nazioan bertan, edo atzerrian filialak sortu.[32]
Enpresa handiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berrehun eta berrogeita hamar enplegatutik gorakoak dira. Bizpahiru arrazoi nagusi daude enpresa hauen handitasunerako. Alde batetik sektoreak berak eskatzen du, inbertsio garrantzizko azpiegiturak behar dituztelako, hala nola energia elektrikoan edo petrokimikan. Beste kasu batzuetan, eskalako ekonomiak ezinbestekoak dira errentagarriak izateko, hots, automobilgintzan edo aeronautikan.[33] Eta badira sektoreak, baita, I+G+b inbertsio handiak eskatzen dituztenak, adibidez farmazeutikoa edo informazio teknologiak.
Produktuaren arabera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Saikapen hau ekoizpen enpresetara soilik mugatzen da, zerbitzuen sektoreak ezaugarri ezberdinak dituelako.
Azken produktua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekoizpen kateko azken enpresa denean, produktua merkaturatzen duena. Horrek produktuaren aurkezpen komertziala eskatzen du, eta marketin zein salmenta indarraren aldetik egitura sendoak, bereziki:[34]
- Marka edo markak, izen komertzialak, logotipoak eta sektoreak erabiltzen dituen ezaugarri guztien jabe izatea.
- Banaketa sare propio bat. Komertzial kanal desberdinak erabiltzen ditu, handizkako eta txikizkako bezeroekin. Horretarako, eta merkatu ezberdinen tamainaren arabera, salmenta sare bat behar da komisionistekin, delegatuekin, eta hainbat kasutan delegazio komertzialekin.
- Marka propioak eta marka zuriak, sektoreko beste enpresa batzuen hornitzaile bilakatuz. Ekoizpen serieak handitzea ahalbideratzen du estrategia honek, kostu unitarioa jaitsiz.
- Marketineko baliabide guztiak erabiltzea: katalogoak, publizitatea, sektoreko azokak, erakusketak, produktu pilotoak, bezeroen konbentzioak, etab.
Osagaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Osagaiak ekoizten dituen enpresa bat beste enpresa baten hornitzailea da. Bigarren honek bere produktua merkaturatu egingo du. Euskal Herrian enpresa industrial gehienak osagaiak ekoizten dituzte, eta azpisektore garrantzisuak daude, hala nola automobilgintzan, aeronautikan, makina eremintan eta eraikuntzan. Kasu askotan, gainera, nahiz eta tamainaz enpresa ertainak edo ez oso handiak izan, multinazionalak dira, Txinan, Europa ekialdeko eta mendebaldeko hainbat estatutan, USAn, Mexicon eta Hegoameriketan filialak mantenduz[35].
Kokapenaren arabera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nazionalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekoizpena nazio edo estatu bakarrean ematen denean, enpresa nazionala dela esaten da, nahiz eta salmentak atzerrian ere gauzatu. Batzuetan ekoizpen lantegi bat baino gehiago izaten dute, lurrralde berean edo desberdinetan, baina beti ere mugak gainditu gabe. Bestalde, salmentak nazioan bertan zein atzerrian egiteko, ohiko banaketa kanalak erabiltzen dituzte.
Multinazionalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Multinazionalak euren jarduerak herrialde anitzetan burutzen dituzten enpresak dira. Herrialdeak aukeratzerakoan, irizpide desberdinak izaten dituzte, hala nola enplegatuen kostua, eskala ekoni¡omiak, hornitzaile sarea, legedia, edo merkatu berriak lortzeko abagunea.[36] Euskal Herrian adibidez, Volkswagen A.G. eta Mercedes Benz A.G. multinazional alemaniarrek ekoizpen planta bana dute, milaka enplegaturekin.
Frankiziakoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frankiziako enpresak (frankiziatzaileak eta frankiziatuak): enpresa frankiziatzaileak marka, know-how eta teknologia eskaintzen dituen enpresa da eta enpresa frankiziatua, diru trukean, horiek erabiltzen dituena bere jarduerarako.
Filialak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enprensa nagusi batek ekoizpena dibertsifikatzea erabakitzen badu, kostuengatik, hornitzaileengatik, atzerriko merkatuen exijentziengatik, legediengatik, edo estrategikoki interesgarria delako, juridikoki independentea den enpresa filial bat sortzen du atzerrian[37]. Euskal Herriko enpresek laurehundik gora filial dituzte munduan zehar, eta orokorrean, zuzendaritza batzorde mistoak eratzen dituzte, zuzendari orokorra enpresa nagusikoa izanik.[38]
Kontzesionarioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enpresa kontzesionarioak beste baten ondasunak eta zerbitzuak ustiatzeko eskumena duen enpresa da; adibidez, auto-marka bateko automobilak saltzeko eskumean duen enpresaburua auto-kontzesionarioa da.
Euskal Herriko enpresak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aro modernoan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herriko egungo enpresa-sarea XV-XVI mendeetan du jatorri, burdingintza industria nabarmen garatu zen garaian. Meategietan eta burdinoletan enpresa bezala antolatzen ziren, garairako aurrekontu handiak kudeatuz. Ezpatak eta armak egiteko burdina lortzen zuten, galdatutako totxoak Toledora eta Flandriara bidaliz. Era berean iltzeak egiteko totxoak saltzen zizkieten inguruetako iltzegile artisauei.[39]Hauek eta beste artisauek, gremioetan eta kofradietan elkatzen ziren, baina enpresak sortu gabe, lanpostu aldetik asko izan arren.
Beste enpresa garrantzitsuak kostaldeko ontziolak ziren. Ospe handia zuten euskal itsasontziak, eta Amerikarekin konkistatzaileek sortutako negozioetarako erabililtzen ziren, edo Terranobara baleen olioaren bila joateko. Armada espainiarra ere ontzioletako enpresen bezeroa zen.[40]
Hemeretzigarren mendean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Industria iraultzaren[41] harira sortutako enpresa handi batzuk aipatuko ditugu soilik, adibide bezala, nahiz eta jakina izan enplegu eta aktibitate ekonomiko nagusia enpresa txikien esku zegoela.
1827.urtean sortu zen Bizkaian lehen enpresa handia meategien azpisektorean, Ybarra, Mier y Compañía S.A., lau mea-hornitzaile txikiagoen bateratze prozesuaren ondorioz.[42]Burdingintzan, 1841an sortu zen Santa Ana de Bolueta S.A., lehen enpresa siderurgikoa.
Papergintzan, 1842an La Esperanza fabrika ireki zen Tolosan, paper jarraitua egiten zuen lehenengo lantegietako bat. Hortik aurrera papergintza enpresa berriak ireki ziren, bereziki Oria ibaiaren arroan.
Ehungintzan, Bergaran 1850an Algodonera San Antonio sortu zuten. Oihalgintzako enpresa oso garrantzitsua izan zen, Txinako Nanjing hirian asmatutako prozesu baten bidez, mahoi izenarekin ezagutzen dugun oihala egiten hasi ziren, kolore urdinean.
Gaur Hijos de Juan de Garai S.A izenarekin ezagutzen den enpresa 1864an sortu zen Gipuzkoan[43], eta dinamimo handiz mantendu da orain arte, doitasun handiko altzairuzko hodiak eta letoizko barrak eta profilak ekoiztuz, eta Eslobakian eta Mexikon bi filial mantenduz. 1918an enpresa honek bere pabiloi bat prestatu zuen Euskal Ikasketen Lehen Kongresuan [44]batzar orokorrak egiteko.
1870an, Gasteizen, gaur arte arrakasta handiz iraun duen Naipes Heraclio Fournier karta-enpresa sortu zen. Merkatu globalaren % 35eko kuota du. Bestalde,
Armagintza Eibarren eta inguruetako herrietan hedatu zen, eta 1887an 130.000 arma ekoiztera ailegatu ziren.
Hogeigarren mendean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1900. urtean Euskalduna ontziola [45]sortu zuten Bilbon, gaur egun Euskalduna jauregia dagoen lekuan. Bestalde, aurretik zeuden 14 siderurgia fabrika garrantzitsuren elkartze prozsu baten ondoren, 1902an sortu zen urte askotan Espainiako enpresarik handiena izan zen Bizkaiko Labe Garaiak S.A..
Fagor Elektrotresnak Mondragon Korporazioko lehen kooperatiba 1955ea sortu zen Gasteizen, hurrengo urtean Arrasatera mugitzeko. Euskal Herriko azken produktua merkaturatzen zuen enpresa handiena izatera iritsi zen, bost mila bazkideizatera ailegatuz.[46]
Iberdrola Talde elektrikoa 1960an sortu zen hainbat enpresa elkartu ondoren hogeigarren mendean. Horrela, 1901ean Hidroeléctrica Ibérica sortu zen, gero 1907an Hidroeléctrica Española, eta 1944an Iberduero. Gaur egun estatu espainiarreko enpresa negusienetako bat da.[47]
Gaur egun
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herriko egungo enpresa-sarea XV-XVI mendeetan du jatorri, burdingintza industria nabarmen garatu zenena. Handik, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian, dator egungo industria-enpresen garrantzia. Industria Iraultzarekin batera, Euskal Herriko ekonomia eta enpresa kopurua nabarmen goratu zen. Geroztik, enpresak eta ekonomia kolokan jarri dituzten krisi ekonomikoak izan badira ere, enpresa sarea zabaldu eta egun Euskal Herria, Europar Batasunaren baitan, batezbestekotik gorako ekonomia-adierazleak dituen herrialdea da. Enpresen ezaugarriak aldatu dira, ordea, azken hamarkadetan: industriak bere garrantzia atxikitzen badu ere, zerbitzuen sektoreko enpresek dute pisu gehien BPG edo produkzio osoan. Zehatzago, industriak eta zerbitzuek %27 eta %60 pisua zuten hurrenik hurren, gutxi gorabehera, 2004. urtean[48].
Enpresa handienen zerrenda aipatzerakoan, irizpide ezberdinak eman daitezke. Fakturazioari buruz, Iberdrola, Eroski, Petronor, Gamesa eta Arcelor Mittal nabarmentzen dira, ordena horretan eta denak enpresa industrialak, Eroski ezik [49]. Langile kopuruari buruz, Eulen eta Eroski dira langile gehien dituztenak, ordena horretan, biak zerbitzuen sektorekoak.
Enpresaren teoria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enpresaren teoriak enpresaren izaera eta funtzionamendua aztertzen ditu [50], enpresaren baitan eta merkatuarekiko harremanetan. Helburu horri begira, teoria zenbait plazaratu da. Historian, eskola neoklasikoan eratu zen enpresari buruzko modelo bat lehen aldiz. Horren arabera, enpresa irabaziak maximotzen dituen erakunde bat da, merkatuari buruzko informazio osoa daukana, teknologia konstante batez. Hartara, enpresa modu automatikoan jarduten duen erakunde bat litzateke, baina enpresaren irudikapen hori errealitatetik urrun samar geratzen da, praktikan, besteak beste, ziurgabetasuna nagusi izaten baita eta teknologia aldatu egiten baita [51]. Ronald Coase ekonomialariak enpresaren izaera transakzio-kostuen bitartez azaldu zuen 1937 urteko The Nature of the Firm (Enpresaren izaera) liburuan. Teoria honen arabera, enpresak izango ez balira, ekoizleak eta kontsumitzaileak merkatuan aritu beharko lirateke gauzak etengabe salduz eta erosiz, transakzio-kostu handiak sorraraziz. Enpresak transakzio-kostuak ekidin egiten ditu, produktuak modu eraginkorrago batez ekoiztuz [52]. Beste teoria batek (Oliver E. Williamson, 1971), berriz, enpresek ziurgabetasun-giroan erabakiak banakoek baino modu egokiagoan eta arrazionalagoan hartzen dituztelako sortzen direla baieztatu [53].
Enpresa modernoaren erronkak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Globalizazioak enpresen arteko konkurrentzia bizia sortu du munduan zehar. Ingurune berri horretara egokitzeko, badira enpresak ezinbestean burutu behar dituzten estrategiak. Kalitatea da, alde horretatik, merkatuan irauteko baldintza nagusietako bat. Produktu eta zerbitzu on eta fidagarriak eskaintzeaz gainera, kalitatea kontzeptu zabal moduan ulertu behar da, enpresako prozesu guztietan eta enpresarekin harremanak dituzten eragileen arloan hobekuntzaren aldeko helburu, jarduera eta zehaztapenerako ekintzak bildu behar baititu.
Antzinean mozkinak lortzea helburu nagusia bazen ere, egun hazkundea ere funtsezko helburutzat jotzen da, enpresak nazioartean lehiatzeko dimentsio optimoa har dezan. Nazioarteratzean, beste enpresekiko lankidetza eta itun estrategikoak ere garrantzitsuak dira, helburu komunen alde jardunez eta sinergiak sortuz. Sormena, berrikuntza eta trebakuntza ere garrantzitsuak dira, ingurune teknologikoa azkar aldatu eta produktuaren bizitza zikloak gero eta laburragoak diren XXI. mendeko ingurunean, eta horretarako sail bereziak ere antolatzen dira enpresetan [54]. Horrez gain, ingurumenarekiko ardura eta gizarte erantzukizuna ere gero eta gehiago hartzen dira kontuan enpresaren jardueran.
Oharrak eta erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Stout, Lynn. (2012). The Shareholder Value Myth: How Putting Shareholders First Harms Investors, Corporations, and the Public. Berrett-Koehler Publishers, 144 or. ISBN 1605098132..
- ↑ (Gaztelaniaz) Bueno Campos, Eduardo. (2001). Curso básico de Economía de la Empresa. Pirámide, 29 or...
- ↑ (Gaztelaniaz) Bhidé, Amar. (1999). Origen y evolución de nuevas empresas. , xi or..
- ↑ (Gaztelaniaz) Aguirre Sádaba, Alfredo. (1992). Fundamentos de economía y administración de empresas. , 22-23 or..
- ↑ Egun, ordea, "burokrazia" terminoak gizatasun eza duen erakunde batekin lotu eta zentzu txarrekotzat jotzen da.
- ↑ Orokorrean onartzen da, noski, estatuak enpresek eskaintzen dituzten produktuen eta euren jardueren segurtasuna erregulatu eta kontrolatu behar dela.
- ↑ (Gaztelaniaz) Koontz, Harold; Weihrich, Heinz. (1998). Administración: una perspectiva global. , 208-209 or..
- ↑ (Gaztelaniaz) Bueno Campos, Eduardo. (1996). Dirección estratégica de la empresa. , 81-163 or..
- ↑ Gero eta gehiago baloratzen da enpresetan coaching edo garapen pertsonalerako teknika zuzenduak.
- ↑ (Ingelesez) Dalio, Ray. (2019). Principles for Success. Avid Reader Press, 160 or. ISBN 1982147210..
- ↑ (Ingelesez) Industrial Research Institute. 2019-09-04 (Noiz kontsultatua: 2019-12-08).
- ↑ Estrategia lean : utilizar lean para crear ventaja competitiva, generar innovación y facilitar el crecimiento sostenible. ISBN 978-84-16904-90-7. PMC 1080936106. (Noiz kontsultatua: 2019-12-08).
- ↑ (Gaztelaniaz) Manual de Frascati 2015. FECYT - Ministerio de Ciencia, Innocavión y Universidades, 447 or. ISBN NIPO: 057-17-100-0..
- ↑ (Gaztelaniaz) Ruiz Quejido, Diego. (2019). Sistemas de gestión de la innovación. Editor Antonio Madrid Vicente, 466 or. ISBN 9788494891984..
- ↑ (Ingelesez) Chesbrough, Henry. (2003). Open Innovation: the new imperative for creating and profiting from technology.. Harvard Business School Publishing, 352 or. ISBN 9781578518371..
- ↑ (Gaztelaniaz) Porter, Michael. (2010). Ventaja competitiva: creación y sostenimiento de un desarrollo superior. Piramide, 592 or. ISBN 9788436823219..
- ↑ (Ingelesez) Tricart, Jean-Paul. (2019). Legislative implementation of European social partner agreements: challenges and debates. European Trade Unions Institute- ETUI, Brussels, 68 or. ISBN 1994-4446..
- ↑ (Gaztelaniaz) Lefebvre, Francis. (2019). Memento Trabajadores Autónomos 2019. S.A. Francis Lefebvre, 630 or. ISBN 9788417794385..
- ↑ (Gaztelaniaz) Vega, Jose Antonio. (2018). Régimen jurídico de los autónomos. Reus, 424 or. ISBN 9788429020489..
- ↑ (Gaztelaniaz) Irizar, Iñazio. (2003). El reto de ser emprendedor. Mondragon Unibertsitatea, 337 or. ISBN 8460099008..
- ↑ (Gaztelaniaz) Aragoneses, Ignacio. (2013). La empresa familiar y el pequeño negocio. Starbook Editorial, 292 or. ISBN 9788415457619..
- ↑ (Ingelesez) Buffett, Warren. (2013). Berkshire Hathaway Letters to Shareholders. Max Olson, 262 or. ISBN 0997311401..
- ↑ (Ingelesez) American Enterprise Institute. Chinese investments in the United States. (Noiz kontsultatua: 18.12.2019).
- ↑ (Ingelesez) Military–industrial complex (MIC). Militay-industrial complex (MIC). (Noiz kontsultatua: 19.12.2019).
- ↑ Ezberdinak, Autore. (2015). Instituciones de inversión colectiva. Centro de publicaciones. Ministerio de Hacienda, 384 or. ISBN 9788447607525..
- ↑ ERKIDE - Euskadiko Kooperatiben Federazioa. Elkartutako Kooperatiben zerrenda. (Noiz kontsultatua: 18.12.2019).
- ↑ Gazteleraz pyme ("Pequeña y Mediana Empresa") eta frantsesez PME ("Petit moyenne entreprise") erabiltzen dira.
- ↑ (Ingelesez) European Statistics - EUROSTAT. (Noiz kontsultatua: 18.12.2019).
- ↑ (Ingelesez) The World Bank. Small and Medium Enterprises (SMEs) Finance. (Noiz kontsultatua: 18.12.2019).
- ↑ (Gaztelaniaz) Cleri, Carlos. (2012). El libro de las Pymes. Granica, 448 or. ISBN 9789506415006..
- ↑ (Gaztelaniaz) Irizar, Iñazio. (2006). Cooperativas, globalización y deslocalización. Mondragon Unibertsitatea, 269 or. ISBN 8460604879..
- ↑ (Ingelesez) Kunz, Marnie. The Advantages of a Small Business Over a Big Chain. (Noiz kontsultatua: 18.12.2019).
- ↑ (Gaztelaniaz) Díaz-Cardiel, Jorge. (2015). Recuperación económica y grandes empresas. S.A. Eiunsa. Ediciones internacionales universitarias., 290 or. ISBN 9788484693352..
- ↑ (Gaztelaniaz) Vazquez Casielles, Rodolfo. (1998). Estrategias de marketing para mercados industriales: producto y distribución.. S.L. Civitas Ediciones, 388 or. ISBN 9788447010448..
- ↑ (Gaztelaniaz) ACICAE - Automobilgintzako klusterra. (Noiz kontsultatua: 19.12.2019).
- ↑ (Gaztelaniaz) Liker, Jeffrey K.. (2010). Las claves del éxito de Toyota: 14 principios de gestión del fabricante más grande del mundo.. Ediciones Gestión 2000, 480 or. ISBN 9788498750744..
- ↑ (Ingelesez) Subsidiary, subsidiary company or daughter company. (Noiz kontsultatua: 19.12.2019).
- ↑ (Ingelesez) Basque Trade & Investment. (Noiz kontsultatua: 19.12.2019).
- ↑ (Gaztelaniaz) Azpiazu, Jose Antonio. (1990). Ferrerías en Legazpi. Gipuzkoako Kutxa, 274 or. ISBN 8472315339..
- ↑ (Gaztelaniaz) Azpiazu, Jose Antonio. (1990). Sociedad y vida social vasca en el siglo XVI: mercaderes guipuzcoanos.. Fundación cultural Caja de Guipúzcoa, 315 or. ISBN 84-505-9682-3..
- ↑ Industria Iraultza. (Noiz kontsultatua: 20.12.2019).
- ↑ Industrializazioa Euskal Herrian. (Noiz kontsultatua: 20.12.2019).
- ↑ (Gaztelaniaz) Hijos de Juan de Garay S.A.. (Noiz kontsultatua: 20.12.2019).
- ↑ Euskal Ikasketen Lehen Kongrasua. (Noiz kontsultatua: 20.12.2019).
- ↑ Euskalduna ontziola. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Irizar, Iñazio. (2010). 32 claves empresariales de Mondragón. Garaia Berrikuntza Gunea, Arrasate,, 198 or..
- ↑ (Gaztelaniaz) Iberdrola Taldea. .
- ↑ Gaindegia. (2008)., 19 or..
- ↑ (Gaztelaniaz) Iberdrola sigue al frente de las empresas vascas por su facturación en 2009, cybereuskadi.com, 2010-09-29an kontsultatua.
- ↑ Zehatzago, enpresaren teoriak errealitatean zergatik dauden enpresak eta erabakiak nola hartzen dituzten aztertzen duten modeloak eratzen ditu.
- ↑ (Gaztelaniaz) Morales Sánchez, Mario Alberto. (2009). Teoría económica evolutiva de la empresa:¿una alternativa a la economía neoclásica?. .
- ↑ (Gaztelaniaz) ¿Qué son los costes de transacción y la Ley de Coase?. El Blog Salmón 2009-02-26.
- ↑ (Gaztelaniaz) Bueno Campos, Eduardo. (2001). Curso básico de Economía de la Empresa. Pirámide, 61 or...
- ↑ Heras, Iñaki. Enpresaren ekonomia eta zuzendaritza: teoria eta praktika. , 81-93 or..
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Enpresa |
Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartea
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: enpresa . |