Cambrai[1] (frantsesez kɑ̃bʁɛ ahoskatua; nederlanderaz: Kamerijk; alemanez: Kamerich; lehen Cambray) Frantzia iparraldeko herria da, Belgikako mugatik oso gertu. Nord departamentuan dago, Frantzia Garaia eskualdean. Eskalda ibaia herritik igarotzen da. Lille, Douai eta Valenciennes dira gertu dituen herrietako batzuk. Herriak 18,12 kilometro karratuko hedadura du eta, 1999ko erroldaren arabera, bere biztanleria 33.716 biztanlekoa da.
Herri honen jatorria Erromatar Inperioaren garaian bertan zen Camaracum herri galiarrean dago. V. mendean (445-509), Klovis I.ak suntsitu zuen erresuma franko baten hiriburu izan zen. Espainiako koroaren mendean egon ondoren, Frantziaren hiria da 1678az gero (Nimegako itunak). 1914 eta 1918. urteen artean alemaniarren eskuetan egon zen.[3]
Bertan Luisa Savoiakoak, Frantzisko I.aren amak, eta Margarita Austriakoak, Karlos V.aren izebak, semearen eta ilobaren izenean 1529an izenpetu zuten Cambraiko Bakea edo Damen Bakea izeneko hitzarmena.
Cambraiko katedral zaharra. 1150an hasi ziren eraikitzen, eta 1472an amaitu zuten. Frantziako Iraultzaren garaian, amaitua izan eta 317 urtera, deuseztatua geratu zen. Urte batzuk geroago, 1804an, Cambraiko Artzapezpiku berriak, Hilobi Santuaren Abatetxeko Eliza Zaharra aukeratu zuen katedral bezala.
Saint Géry katedrala. Herriko monumentu zaharrenetarikoa da. Aurkikuntza arkeologikoek, galiar-erromatar garaiko arrastoak argitara eman dituzte bertan.
Oso ezagunak dira "tontakeriak" izeneko gozoki batzuk, frantsesez, bêtises de Cambrai. Afchain gozokidendak sortu zituen, 1830an. Karameluz eta mendaz eginiko gozokiak dira.