Edukira joan

Intsektu

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Zomorro (animalia)» orritik birbideratua)

Intsektu
Devoniar-gaur egun

Erlea loreztia ateratzen.
Irudi gehiago
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
AzpierreinuaBilateria
FilumaArthropoda
SubfilumHexapoda
Klasea Insecta
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakinsect as food (en) Itzuli

Intsektuak (latinez: Insecta, «erditik moztua»)[1] zomorro ere deituak, animalia klase nagusi bat da, artropodoen filumaren barruan. Guztiek dituzte bi antena, hiru hanka pare eta bi hegal pare (nahiz eta batzuetan hauek galdu diren).

Ezagutzen den ordenarik handiena da, 950.000 espezie baino gehiagorekin[2] eta beste animalia talde guztiak batuta baino espezie gehiago dira. Estimazio batzuek 30 milioi espezie ezezagun daudela diote, potentzialki munduko bizi formen % 90 izango liratekeenak.[3] Beste ikerketa batzuek kopuru hori 6 eta 10 milioi artean dagoela diote.[4][5] Intsektuak mundu osoko klima eta giro ezberdinetan daude, nahiz eta oso gutxi diren ozeanoetan bizitzeko moldatu diren espezieak. Gutxi gorabehera, 5.000 odonato, 20.000 ortoptero, 82.000 hemiptero, 350.000 koleoptero eta 110.000 himenoptero deskribatu dira.

Gainera, intsektuak oso ugariak dira, anitzak izateaz gain. Kalkuluen arabera, 200 milioi intsektu daude gizaki bakoitzeko. Inurritegi batzuetan 20 milioi ale daudela kalkulatzen da. Lurrean, osotara, 1015 inurri daudela uste da. [6]

Intsektuak ikertzen dituen zientzia entomologia da.

Intsektuen gorputza ondo bereizitako hiru atalez osotua da: burua, toraxa eta abdomena.

Buruko sei metameroak erabat esklerotizatuta daude, kapsula zefalikoa eratu delarik. Buruan begiak, antenak eta aho aparatua dira elementu nagusiak.

Intsektuen aho-piezen egitura eta eboluzio ezberdinak. A: mastekatzailea, B: ebakitzaile-zupatzailea, C: espiritrompa, D: ziztatzaile-zupatzailea.
(gorriz): labroa, (berdez): barailak, (horia): maxilak, (urdina): ezpaina, (urdin iluna): hipofaringea.

Orokorrean begi konposatuak ditu lateralki, pare bat. Begi konposatuetako bakoitza omatidio anitzez osatua da, omatidio bakoitza lente bat litzatekeelarik. Begi konposatu pareaz gain, intsektu batzuek hiru ozelo dortsal izaten dituzte lagungarri. Ozelo dortsal horiek buruaren gainealdean egon ohi dira eta begi sinpletzat har daitezke.

Antenak sentimen-organo dira, batez ere ukimen, usaimen edo oreka-organoak. Entzumen gaitasunak ere ukan ditzakete. Artikulatu eta muskulatuak direnez, atxikitzeko ere erabil ditzakete, hein batean.

Aho-piezak dira buruko parterik aldakorrenak, nahiz eta kasu guztietan hiru apendize-pare diren: baraila-pare bat, maxila-pare bat eta bigarren maxila-parearen fusioz itxuratutako behe-ezpaina. Aho-piezen garapen-maila eta forma intsektuaren elikadura-motarekin erlazionaturik daude, eta batzuetan, funtzionalak ez izanez enuldu egin dira eta bai guztiz atrofiatu ere. Ora har, aho-aparatuak oinarrizko hiru eratakoak izan daitezke, hainbat modifikazio eta bitartekari badaude ere: aho-aparatu mastekatzailea (matxinsalto, kilker eta kakarraldoetan), mastekatzaile-miazkatzailea (erle eta liztorretan), ziztatzaile-zupatzailea (eltxo eta arkakusoetan esaterako), ebakitzaile-zupatzailea (ezpara eta mandeulietan), zupatzailea (eulietan), miazkatzaile-zupatzailea (tximeletetan)[7].

Toraxa hiru metameroz (protorax, mesotorax eta metatorax) eratua da. Metamero bakoitza lau eskleritoz osaturik dago: dortsal bat, tergito edo notu deritzona, beste bat bentral, esternito deritzona, eta beste lateral bi, pleuritoak alegia. Toraxean izaten dira intsektuen hankak (metamero bakoitzeko pare bat, normalean), baita hegoak ere.

Hankak parakuntza bentralean artikulatzen dira pleurito eta esternito artean eta metamero toraziko bakoitzeko bi; garapen-gradua eta forma lokomozio-motarekin erlazionaturik daude (ibilketa, jauzia, igeriketa, etab.), baina plan estruktural berberari dagozkio: hankak apendize unirramoak dira, bost giltzarte nagusiz osotuak (koxa, trokanterra, femurra, tibia eta tartsoa) eta giltzadura-mintzez artikulatuak.

Lokomoziorako izateaz gainera, hankak organo atzitzaileak izan daitezke (adibidez, marisorginen hanka harrapatzaileak edo erleen hanka biltzaileak), estridulatzaileak (kilkerren kantua), edo bestelako zereginetarako moldatuta egon[7].

Hegoak egitura bereziak dira: mesotorax eta metatoraxeko tegumentuaren hedakinak dira: intsektu gehienek egoera helduan, normalean, hego-pare bi dituzte; dena den, badaude intsektu hegabakoak ere (apteroak), berori ezaugarri primitiboa izan daitekeelarik (intsektu apterigotoak, zilarrarraina kasu) edo ezaugarri sekundarioa, hau da, hegoen murrizpenaz agertua (intsektu pterigotoak; zorri eta arkakusoak esaterako, edo intsektu sozialen zenbait kasta —inurri eta termitak—).

Uste denez, primarioki hegabakoak dira intsektu primitiboenak eta Apterygota taldean sailkatuta daude; intsektu hegadunak, ostera, Pterygota taldean inkluditu dira. Dena den, ez da ezagutzen hegoen garapen ebolutiboa zelakoa izan den. Ezaguturiko intsektu fosil zaharrenak devoniarrak dira, baina ordurako, espezie hegabakoekin batera bazeuden hegadunak ere; orain arte ez da forma fosil bitartekaririk aurkitu. Hegoen jatorriari buruzko hipotesi onartuenaren arabera, hegoak notuaren lobulu lauak ziren, zeintzuen bitartez, saltoa egitean intsektua kokapen egokian lurreratzen baitzen. Geroago gingil lateral horiek egitura aliforme bihurtu ziren, intsektu planeatzaileak sortaraziz; zer esanik ez, horrelako animalia guztiz abantailatsua zitekeen garai hartako landaredi naroan. Azkeneko urratsa, hegoen higidura erraztuko zuten artikulazioen garapena bide zen, nerbiazioez sostengatua. Eboluzioan zehar nerbiazio horien murrizketa gertatu da. Hego primitiboak hedatuta mantentzen dira une oro, burruntzi eta sorginorratzetan bezala (intsektu paleopteroak, hau da, efemeroptero eta odonatuak); baina, hegoen oinarriko artikulazioaren hobekuntzaz hegoak abdomenaren gainean tolestu daitezke, eta modu horretara enbarazutik kendu hegan egiten ez denean (intsektu neopteroak). Dirudienez, zeharo garrantzitsua izan zen jazokune hori intsektuen eboluziorako: jadanik intsektu moderno askoren arbasoek mikrohabitat berriak inbaditu ahal zituzten, hala nola, harri eta enbor-azalen azpialdea, zirrikituak, lurzorua, gorotzak, zura, ur-azala, etab, zeintzuetan hego zabalduak oztopo galant baitziratekeen[7].

Abdomena hamaika metameroz osotua da, eta gehienetan apendizebakoa. Alde genitala zortzigarren eta bederatzigarren metameroez eratuta dago, berorietan kokatzen baitira ugal irekiuneak eta ugalketarekin erlazionaturiko apendize eraldatuak[7].

Exoeskeletoa artropodoen gorputza kanpotik inguratu eta estaltzen duen pieza zurrun xamarreko sorta da. Intsektuetan, kapa ezberdinez osaturik dago. Kanpoaldeko kapak kitinaz osatuak daude, bereziki, baina melanina, argizaria, artropodina eta esklerotina ere badute.

Barne-anatomia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Intsektuen barne-anatomiari hegira, puntu bi dira bereizgarrienak gainerako artropodoekin konparatuz: trakea bidezkoa da arnasketa, eta eskrezioa Malpighi tubuluek burutzen dute. Tegumentuaren egitura ez da artropodoen eredu orokorretik desbideratu, baina, konplexuago bihurtu da intsektuetan. Muskulatura, metamerikoki paraturiko zuntz ildaskatuen azauez osotua da. Zirkulazio-aparatua irekia da, odol-hodi dortsal bakar batez osotua. Digestio-hodia, orokorki, artropodoenaren ereduari dagokio, hiru atalez eratua delarik. Nerbio-sistema gongoilezkoa da eta hiponeuroa. Sentimen-organoak oso sofistikatuak dira eta kinada-gama zabala atzematen dute[7].

Intsektu baten anatomia: A.- Burua; B.- Toraxa; C.- Abdomena; 1.- Antena; 2.- Beheko oceloa; 3.- gaineko ozeloa; 4.- Begi konposatua; 5.- Garuna; 6.- Protoraxa; 7.- Arteria dortsala (aorta); 8.- Trakeak; 9.- Mesotoraxa; 10.- Metatoraxa; 11.- Aurreko hegalak; 12.- Atzeko hegalak; 13.- Urdaila; 14.- Bihotza; 15.- Obarioak; 16.- Hesteak; 17.- Uzkia; 18.- Emabidea; 19.- Sabelaldeko kate ganglionarra; 20.- Malpighi tutuak; 21.- Tarsomeroa; 22.- Hatzazala; 23.- Tarsoa; 24.- Tibia; 25.- Femurra; 26.- Trokanterra; 27.- Paparoa; 28.- Ganglio Torazikoa; 29.- Koxak; 30.- Listu guruina; 31.- Collar periesofagikoa; 32.- Aho piezak; ezkerretik eskuinera: labroa, barailak, maxilak eta ezpaina.

Intsektuen gehiengoa gonokoristikoa da, hau da, arrak eta emeak daude. Normalean sexuala da ugalketa eta obiparismo bidezkoa. Ernalketa barnekoa da beti, espermaren transferentzia zuzena zein zeharkakoa izan daitekeen arren; gorteiuren bat egoten da sarri askotan: kilimusi sinpleak, eztei-hegaldia edo beste.

Garapen enbrionarioa beteta arrautzatik irtendako intsektua ale helduarekiko ezberdina izan ohi da, ez soilik tamaina eta ahalmen ugaltzailearen gabezia direla-eta, baizik eta beste anitz berezitasunengatik, bai morfologikoak zein trofiko edo ekologikoak. Garapen postenbrionario deritzo arrautzatiko eklosiotik ahalmen ugaltzailearen lorpenera arteko epeari. Garapen postenbrionarioan zehar intsektuek zenbait muda jasaten dituzte hazteko, eta bitartean ondoz ondoko aldaketak pairatzen dituzte, zeintzuen multzoa metamorfosi terminoaz izendatu baita. Intsektuen heldua (= imagoa) ugal aparatua guztiz garatuta edukitzearren bereizten da, eta bai, kasua denean, hegoen presentziaz. Eklosioaren eta heldua sortuko duen azken mudaren artean zenbait estadio (muda biren arteko epeari esaten zaio estadio) tartekatzen dira[7].

Garapen postenbrionarioaren arabera, ondoko eratara taldekatu dira:

  • Intsektu ametaboloak: gazteak helduen oso antzekoak dira, hau da, ez dago benetako itxura-aldaketarik (honelakoak dira intsektu apterigotoak).
  • Intsektu heterometaboloak: berauetan metamorfosia ez da oso sakona, ninfa eta imagoa bereizten direlarik (matxinsaltoa kasu).
  • Intsektu holometaboloak: metamorfosia oso bortitza da eta hiru urrats nagusi bereizten dira, arraultza faseaz gain: larba edo beldarra, pupa eta imagoa (adibidez erleak eta tximeletak).
Insecta
Monocondylia

Archaeognatha

Dicondylia

Thysanura

Pterygota
Paleoptera

Ephemeroptera

Odonata

Neoptera
  

Plecoptera

Embiidina

Phasmida

Orthoptera

Mantophasmatodea

Zoraptera

Dictyoptera

Dermaptera

Grylloblattodea

Psocodea

Thysanoptera

Hemiptera

Endopterygota

Coleoptera

Diptera

Hymenoptera

Lepidoptera

Mecoptera

Megaloptera

Neuroptera

Raphidioptera

Siphonaptera

Strepsiptera

Trichoptera

Morfologian oinarritutako sistematika tradizionalak Hexapoda azpifiluma lau taldetan bildu izan du: Ectognatha, Collembola, Protura eta Diplura. Azkeneko hiruak Entognatha gisa sailkatzen dira, ahoaren barne forma dela eta. Ordenaren gaineko sailkapen guztiak aldaketa asko izan ditu kladistikaren sorreratik. Hipotesi moderno baten arabera, Hexapoda polifiletikoa da eta entognateek historia ebolutibo ezberdina dute.

Morfologian oinarritutako tasa asko parafiletikoak direla uste denez, ez da normalean erabiltzen azpiklase, superorden edo infraorden terminoak eta garrantzitsuagoa da talde monofiletikoak sortzea. Honako zerrenda honek ideia bat ematen du gaur egun erabiltzen den sailkapenari buruz

ikurrak desagertutako taxoia esan nahi du.

Apterygota

Monocondylia

Dicondylia

Pterygota
Orthetrum caledonicum (Odonata), the Blue Skimmer dragonfly.

Tinodera sinensis (Mantodea), the Chinese Mantis.

A Yellowjacket wasp (Hymenoptera).

A Syrphid fly (Diptera) on a grape hyacinth.
Paleoptera
Neoptera
Polyneoptera
Paraneoptera
Endopterygota=Holometabola
Neuropterida
Antliophora/Mecopteroidea
Amphiesmenoptera

Garrantzi ekonomikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Intsektuek garrantzi ekonomiko galanta daukate, oso harreman estua baitute gizakiaren aktibitateekin. Intsektu asko onuragarriak dira polinizatzaile gisa dihardute-eta, izan ere, landare fanerogamoen % 65a intsektuez, batez ere himenopteroez, polinizatzen da. Bestetan intsektuek substantzia erabilgarriak ekoizten dituzte: eztia, argizaria, zeta... Munta handikoak dira lurzoruaren eraketan eta materia organikoaren deskonposizioetan; modu berean, janari gisa erabil daitezke arrain eta hegaztien produkziorako. Bestalde, intsektu batzuk izurrien kontrako borroka biologikorako erabili dira eta bai laborategiko ikerketarako ere. Nolanahi, intsektu asko gizakiaren baldintzen andeakuntzaren erantzule dira, batzuetan zuzenean (eltxoak, zorriak eta bartzak, arkakusoak, euliak...) eta bestetzuetan indirektoki, zenbait gaixotasunen bektore izanik (paludismoa, elefantiasia, lo-eritasuna, tifusa, pestea, disenteria...) edo kultiboetan plaga modura[7].

Intsektizidak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Fosforodun intsektizida.
  • Intsektizida sistemikoa.
  • Irensteko intsektizida.
  • Klorodun intsektizida.
  • Ukipen-intsektizida.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Diccionario médico-biológico, histórico y etimológico
  2. Chapman, A. D., 2005. Numbers of Living Species in Australia and the World
  3. Terry L. Erwin. 1982. Tropical forests: their richness in Coleoptera and other arthropod species. Coleopt. Bull., vol 36. 74–75.
  4. Erwin, Terry L. 1997. Biodiversity at its utmost: Tropical Forest Beetles
  5. Vojtech Novotny, Yves Basset, Scott E. Miller, George D. Weiblen, Birgitta Bremer, Lukas Cizek & Pavel Drozd. 2002. Low host specificity of herbivorous insects in a tropical forestNature, vol 416, 841-844 or. doi=10.1038/416841a
  6. Brusca, R. C. & Brusca, G. J., 2005. Invertebrados, 2ª edición. McGraw-Hill-Interamericana, Madrid (etc.), XXVI+1005 pp. ISBN 0-87893-097-3.
  7. a b c d e f g «ZT Hiztegi Berria» zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-12).

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Intsektu Aldatu lotura Wikidatan