William Bligh
Itxura
William Bligh (Plymouth, 1754ko irailaren 9a - Londres, 1817ko abenduaren 7a) britainiar Royal Navyko ofizial eta administratzaile koloniala izan zen.
1770ean ontziratu zen lehen aldiz. 1776an James Cookek bere hirugarren bidaian laguntzeko aukeratu zuen.
1787an HMS Bounty itsasontziaren agintea jaso zuen. Tripulazioa 1789ko apirilaren 28an matxinatu zen Hego Ozeano Barean. Bligh txalupa batera igotzera behartu zuten, beste 17 marinel leialekin batera eta 6500 kilometroko bidaia egin ondoren, Timorren lortu zuten aterpea.
1801ean Kopenhageko guduan esku hartu zuen Horatio Nelsonen agindupean. 1806tik 1808ra Hegoaldeko Gales Berriko gobernadorea izan zen. Han Roneko matxinadan kargutik kendu zuten soldadu matxinatuek.