Varsoviako ghettoa
Varsoviako ghettoa | |
---|---|
Getto warszawskie | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Polonia |
Voivoderria | Mazoviako voivoderria |
Barruti-hiri | Varsovia |
Koordenatuak | 52°15′N 21°00′E / 52.25°N 21°E |
Arkitektura | |
Azalera | 3,1 km² |
Varsoviako ghettoa edota Varsoviar ghettoa (polonieraz: Getto warszawskie; alemanez: Warschauer Ghetto) Bigarren Mundu Gerran Holokaustoan zehar Hirugarren Reichak Poloniako Varsovia hiriburuan ezarri zuen Europa osoko juduen ghettorik handiena izan zen. Poloniako hiriburuaren erdigunean ezarri zen 1940ko urriaren eta azaroaren artean eta, 1939ko erroldaren arabera, ghettoan 359.827 pertsona bizi ziren, hauei hiriko beste eremuetatik nahiz ingurutik lekualdatuak izan ziren biztanle berriak gehitu behar zaizkielarik. Varsoviako biztanleriaren %30a zen eta Varsoviako lurren %2,4ko azaleran pilatuta zeuden. Martxan egon zen hiru urtetan zehar, bertako biztanleek jasandako gosete, gaixotasun, kontzentrazio-esparruetako barneratze eta sarraskiaren ondorioz, biztanleria 50.000ra murriztu zen. Martxan egon zen hiru urtetan zehar, bertako biztanleek jasandako gosete, gaixotasun, kontzentrazio-esparruetako barneratze eta sarraskiaren ondorioz, biztanleria 400.000 izatetik 50.000ra murriztu zen.
Batez ere Varsoviako juduak sartu zituzten han, baina baita alemanen kontrolpean zeuden Poloniako beste herrialde batzuetakoak ere. Deportazioen igarotze eremutzat sortu zuten, azken helmuga baterako: Treblinkako sarraski-esparrua, beste batzuen artean, genozidioaren parte zen, juduen arazoaren azken soluzioa deitu zutena.
Ghetto honetan Varsoviako ghettoaren matxinada eman zen, 1943ko apirilaren 16an hasi, Pessah gauean, eta urte bereko maiatzaren 16an amaitu zelarik. Nazismoaren menpe zegoen Europan jazo zen lehenengoetako altxamendu garrantzitsua izan zen.
Ghettoaren sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Poloniako biztanleria judua isolatzeko lehen planak 1939ko alemanen inbasioa burutu berritan jarri ziren martxan. Gobernu orokorrean, juduen definizioa Nurenbergeko Legeekin bat ezarri zuten; 1939ko abenduaren 1ean, Daviden izar urdina zuen besoko xuriaren erabilera inposatu zen eta hainbat neurri diskriminatzaile ere ezarri ziren: garraio publikoaren erabileraren debekua eta parkeetara edo jatetxeetara sartzea, eta hainbat ogibideren esklusioa, besteak beste. Bizileku aldaketa ere debekatu zen, baina ez zen agindu globalik egon ghettoen sorkuntzarako eta hauek egitearen arrazoia kasu partikular bakoitzari lotu zitzaion; Łódźen, Baltikoan alemanak kokatu ahal izateko espazioa askatzen zeuden bitartean, Varsovian epidemien prebentzioa izan zuten aitzakia.
1940ko udan, Hans Frank gobernadore orokorrak obrak etenarazi zituen eta juduak Madagaskar bezalako toki urrunetara deportatzeko aukera aztertu zuten, baina, irailaren 12an, ghettoa behin betiko ixteko erabakia iragarri zuten. Agindua urriaren 2an eman zuen Varsoviako barrutiaren gobernadore zen Ludwig Fischerrek eta 12an komunikatu zitzaion ofizialki Adam Czerniakówri, Varsoviako juduen kontseiluaren presidenteari. Azkenean, 1940ko urriaren 16an, Poloniarako alemaniar gobernadore orokor zen Hans Frankek ezarri zuen ghettoa. Une hartan, ghettoaren biztanleria 380.000 pertsona ingurukoa zen, Varsoviako biztanleriaren %30 ingurukoa eta, 1941eko maiatzean, 445.000ra iritsiko zen. Aldiz, azalera nekez zen hiriburuaren lurren %2,4koa. Hurrengo urte eta erdian zehar, hiriburuko juduak eta alboko herri txikietakoak indarrez eraman zituzten ghettora. Gaixotasunek (sukar tifoideak batez ere) eta goseak biztanleria kopurua egonkor mantentzea ekarri zuten. Kontuan hartu behar da juduen elikagai errazioak oso mugatuak zirela, apenas 184 kaloria eguneko, poloniarrek 1.800 eta alemanek 2.400 hartzen zituzten bitartean.
Naziek Varsoviako ghettotik kanpoalderako sarbidea itxi zuten 1940ko azaroaren 16an, hasieran, arantzazko burdina-hariaz itxita, eta, ondoren, 3 metroko altuera eta 18 kilometroko luzerako harresia eraikiz[1].
Ghettoko bizitza sozial eta kulturala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ghettoaren funtzionamendu eta ordenarentzat, kasu batzuetan, bertan bizi zen jendearen euste eta elkarrekiko laguntza, beste batzuetan, erakunde ezberdinak izan ziren ghettoan.
Judenrata eta gazte mugimenduak, besteak beste, bizitzaren baldintza jasanezinak arintzen saiatu ziren. Arazo nagusiak etxeetako gainpopulazioa, gosea, batzuen langabezia eta besteen laneko balditza txarrak izan ziren[1].
Honi erantzunez, Judenratak logela bakoitzeko 7 pertsonen bataz bestekoa ezartzeko erantzukizuna hartu zuen. CENTOS (Judu-Estatubatuar Banaketa Batzorde Taldea, American Jewish Joint Distribution Committee) bezalako beste erakundeek zopa platerkadak doan ematen ziren kantinak antolatu zituzten eta beste irtenbide batzuk ere ondasunen birbanaketarako eta behartsuek elikagaiak eskuragarri izateko[2]. 1941 urtean zehar, zopen kantinak ghettoaren biztanleriaren 2/3 elikatzera iritsi ziren.
Denboraldi motz batean, Judenrata ghettoan funtzionatzen zuten ospitaleen eta umezurztegien arduraduna ere izan zen, ghettoko umeentzat lehen hezkuntzako 4 eskola antolatzeko baimena izan zuelarik, lehenengo eta hirugarren mailena. Honekin batera, isilpeko sistema zabal bat ere bazegoen antolatua gazte erakundeen eskutik maila guztiak eskaintzen zituena. Maiz, aipatutako sistema hau zopen kantinen izenpean estali ohi zen.
Umezurztegietako bat, Janusz Korczak pedagogoak zuzentzen zuen eta Umeen Errepublika deitu zioten. Osasun zentro hauek 1942an itxi zituzten eta hauen arduradunak Treblinkara deportatu zituzten.
Bizitza kulturalean, egunkari bat ere bazuten, askotan isilpekoa, hiru hizkuntzetan: yiddisha, poloniera eta hebreera[1]. Erlijioaren esparruan, baimendutako judu ospakuntza irekiak ere izan zituzten denboraldi batez, baina, gehienetan, bizileku partikularretan burutu ziren bilerak errabinoekin. Katolizismora bihurtutako juduentzako ere bazen eliza.
Ghettoan, musika klasikoko kontzertuak izateko aukera ere izan zen. Marcel Reich-Ranickiren esanetan, ez zegoen biolinista bikainak eta harizko musika tresnen joleak aurkitzeko zailtasunik; zailagoa zen, berak dioenez, haizezko musika tresnen joleen araketa. Orokorrean, hauek ez zuten esperientzia orkestra sinfonikoetan, jazz musikariak eta talde txikietakoak ziren eta. Hala ere, ahaleginak egin zituzten helburu honetarako eta emaitza oso onak lortu ziren. Kasu askotan, artistak etorkizun oparokoak ziren Poloniako bizitza kulturalean.
Kontserbazio kulturalaren esfortzu bikainetako bat Emanuel Ringelblume historiagilearen buruzagitzapekoa eta bere talde Oneg Shabatena izan zen; adin eta maila guztietako jendearen dokumentuak bildu zituen ghettoan bizitzaren historia sozial bat sortzeko. Guztira, uste da 50.000 dokumentu historiko lortu zituztela, honi gehituta ghettoko bizitzaren alderdien inguruko hainbat entsegu, egunerokoak, memoriak, artearen bildumak, prentsa ilegalaren argitalpenak, diseinuak, eskolako lanak, horma-irudiak, antzerkirako sarrerak eta errezetak, besteak beste. Dokumentu hauek alemanengandik ezkutatuak izan ziren 3 toki desberdinetan, eta hauetako bi berreskuratuak izan dira, Varsoviako ghettoari buruzko ikerketen lehen informazio iturria izanik. Gaur egun, hirugarren sortako dokumentuak Txinako enbaxadaren eraikinaren azpian lurperatuta egon daitezkeen ustea dago.
Ghettoko azken momentuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1942ko urtarrilaren 20an, Europako juduak sarraskitzea adostu zuten buruzagi nazionalistek Wannseeko Konferentzian. Azken Soluzioa deitu ziotenaren lehen fasea Reinhard Operazioa izan zen, Poloniako juduekin bukatzeko helburuarekin. Honetarako, 1942ko maiatzean, Treblinka sarraski-esparruaren eraikuntzari ekin zioten eta uztailean amaitu zuten, Varsoviako ghettoaren likidazioaren hasierarekin bat eginez. Uztailaren 22an hasi zen Große Umsiedlungsaktion deritzona (Ostatu emateko ekintza handia). Orduan jakinarazi zitzaion Judenratari judu guztiak ekialdera erbesteratuak izango zirela, ez baziren fabrika alemanetan lan egiten zutenak, ospitale juduetako langileak, Judenrataren kideak eta haien familiak eta judu indar polizialak eta hauen familiak ere.
Polizia juduak 6.000 judu gidatu behar zituen egunero Umschlagplatz elkargunera, Transfertelleko trenbidearen albora. Hori ez bazuten egiten, alemanek ehunka bahitu fusilatuko zituzten, Adam Czerniakówen emaztea haien artean. Naziak onera ekartzeko alferrikako eginahalak egin eta gero, Judenrateko buruzagiak bere buruaz beste egin zuen[3] eta horrela zioen hark utzitako oharrak:
« | Ezin dut gehiago. Nire ekintza besteentzako adibide izago da.[4] | » |
Suizidioak ohikoak bilakatu ziren, bizi-baldintzak penagarriak baitziren han; horrelaxe joan zen, beste batzuen artean, judu-alemaniar kritiko literarioa zen Marcel Reich-Ranickiren aitagin-arreba eta zerrenda luzatzen joan zen. Czerniakówen suizidioaren egun berean, uztailaren 23an, juduen erresistentzia klandestinoa bildu egin zen eta altxamendurik ez egiteko erabakia hartu zuen, ez baitzuten sarraski-esparruetara joan behar zutenik uste, lan-esparruetara baizik.
Hurrengo 52 egunetan zehar, 263.002 pertsona eraman zituzten Treblinkara eta, neurri txikiagoan, Majdanekera. Uztailaren amaieran, polizia juduak izan zuen 64.606 judu sarraski-esparruetara eramateko ardura. Abuztutik aurrera, berriz, alemaniarren papera garrantzitsuagoa izan zen deportazioetan 142.223 pertsona eraman zituztelarik eta, irailean, 56.173.
Lehen deportazio masiboaren amaierako fasea 1942ko irailaren 6 eta 11ren artean gertatu zen. Data hauen artean, 35.886 judu deportatu zituzten, 2.648 exekutatu eta 60 batek beren buruaz beste egin zuten. Lehen etapa honen ondoren, gutxi gorabehera 55.000 pertsonek jarraitu zuten ghettoan, 30.000 baino gehiago aleman industrietan lan egiten eta 20.000 inguru ezkutatuta bizitzen, deportazioei ekidin nahian eta estatus legalik gabe. Beste 8.000 bat ezkutatuta zeuden ghettotik kanpo, Varsovia osoan zehar.
Hurrengo seihilekoan, isilpeko erresistentzia judua bi talde handiagoetan batu zen. ŻOB (Żydowska Organizacja Bojowa, euskaraz: «Borrokarako Erakunde Judua»), Mordechai Anielewicz buru, 220 eta 500 arteko kide zituena, eta ŻZW (Żydowski Związek Wojskowy, Judu Batasun Militarra). Bi talde hauetako kideen ustez, zapalkuntzari erresistentzia gogorra egin behar zitzaion eta eskuko pistolak, etxeko lehergailuak eta Molotov koktelak zituzten eskura; ŻZW hobeto hornituta zegoen, ghettoaren kanpoaldean ezkutuko kontaktu gehiago baitzuen.
Janina Dawidowicz, 1930ean jaioa, ghettoan bizirautea lortu zuen gutxi haietakoa izan zen eta gogoan ditu 11:00etan Umschlagplatzen biltzeko agindua ematen zien kartelak. Jende asko joan zen bere gogoz, alemaniarrek Poloniako ekialdean zeuden lan-esparruetara bidaltzeko asmoa iragarri baitzuten eta miseriari ihes egiteko bide bat ikusi zuten.
« | Uste dut jendeari bi ogi -xerra ematen zizkiela, margarina pixka bat edo azukrea… Nork pentsatu behar zuen zuzenean gaseatzeko bidean jarri behar zituztela?[5] | » |
Altxamendua eta behin betiko suntsipena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1943ko urtarrilaren 9an, Himmler SSko komandanteak ghettoa bisitatu zuen eta deportazioekin jarraitzea agindu zuen. Juduen bigarren kanporaketa masibo hau hasi zenetik 9 egunera, erresistentzia armatuaren lehen zantzua piztu zen eta matxinatu ziren juduek nolabaiteko garaipena lortu zuten: 4 egun barru, kanporaketa eten egin zen eta borrokan zeuden bi erakunde nagusiek ghettoa kontrolatzea lortu zuten, barrikada ugari sortuz eta judu kolaborazionisten aurka eginez. Hurrengo 3 hilabeteetan, amaierako gatazka izango zenerako prestatu ziren.
Azken gudua apirilaren 19an gertatu zen[6]. Egun hartan, Ferdinard von Sammern-Frankenegg komandanteak gidatutako alemanek 2.054 soldadurekin iritsi ziren, armadako 36 ofizial, SSren 821 komando eta 363 kolaboratzaile poloniar matxinada itotzeko xedean eta altxatutako juduek, hainbesteko indarra ikustean, atzera egingo zutela uste zuten. Naziak inor ageri ez zen ghettoa zeharkatzen zuten bitartean, judu partisanoak etxeen leiho eta teilatuetan ezkutaturik zeuden, pistola, fusil eta lehergailuz hornituta. Tropak gune egokian sartu zirenean, alde guztietatik eraso egiteko eran jarri ziren eta juduen erasoa arrakastatsua izan zen erabat, naziei atzera eginaraziz ezbairik gabe.
Gertakari horrek Himmler haserretu zuen guztiz eta Sammern-Frankeneggen ordez, partisanoen aurkako borroka ez formaletan eskarmentua zuen Jürgen Stroop ezarri zuen buru. Hurrengo egunetan, Stroopek, buruzagiaren behar zen guztia egiteko aginduei jarraituz, ghettoko eraikin guztiak erretzeko agindua eman zuen, errebeldeak ezkutalekuetatik aterarazteko xedean. Ingurua sugarrez eta ke beltzez bete zen eta juduek bunkerretara joan beharrean izan ziren, baina ezin izan zuten asko iraun, janaria eta ura ez baitzegoen baldintza onetan eta airea erabat biziatuta zegoen kea zela-eta. Judu asko hil zen naziek gaseztatu zituzten bunkerretan eta askok bere buruaz beste egin zuten sutan zeuden eraikinetatik salto eginez.
Erresistentzia handiena apirilaren 23koa izan zen eta altxamendu orokorra 1943ko maiatzaren 16koa. Azken data horretan, alemaniarrek ghettoaren kanpoko Tłomackie kaleko Sinagoga Handia suntsitu zuten, Varsoviako ghettoaren amaieraren ikur.
Stroopek bere agirian azalduko zituen datuen arabera, altxamenduaren ostean, liskarra izan zen egunetan, 56.065 judu harrapatu zituzten eta 631 bunker eraitsi. Stroopen iritziz, 13.000 bat judu hil ziren borrokan eta 37.000 Treblinkara erbesteratu zituzten, oso gutxik biziraun zutelarik han. Varsovian, berriz, apenas 10.000 edo 15.000 juduk lortu zuen bizirautea, poloniarrek ezkutatzen lagundurik edo identitate faltsuz baliatuz. Treblinkara deportatu ez zituzten beste juduak Majdanek, Poniatowa eta Trawnikiko lan-esparruetara bidali zituzten[6].
Stroopek bere txostenean 16 bakarrik izan zirela aipatu bazuen ere, geroago egindako estimazioen arabera, 700 eta 1.000 arteko soldadu aleman hil edo zauritu ziren.
Gezurra badirudi ere, judu gehiago geratu zen eraitsitako eraikinen hondarretan ezkutatuta. 1943ko uztaila, abuztu eta irailean jendea atxilotzen segitu zuten eta izan zen abenduaren 13an harrapatu zuten neskatila bat ere. Roman Polanskik bere The Pianist filmean erakutsi zuen Władysław Szpilman piano-jotzailea ghettoko azken biztanleetako bat izan zen, Wilm Hosenfeld alemaniar ofizialak pianoa jotzen entzun eta lagundu ziolako[1].
Preso ospetsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Władysław Szpilman, bere oroipenetan oinarrituz 2002ko Roman Polański zuzendariaren The Pianist filma burutu zen.
- Marcel Reich-Ranicki, alemaniar herritar bilakatu zen literatur kritikaria.
- Simon Pullman, Varsoviako ghettoko orkestra sinfonikoko zuzendaria.
- Mordechai Anielewicz
- Adam Czerniaków
- Marek Edelman
- Bronisław Geremek
- Janusz Korczak
- Emanuel Ringelblum
- Yitzhak Katzenelson, olerkaria eta dramagilea.
- Irena Sendler, ghettoan 2500 haur salbatu dituen langile soziala.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d (Gaztelaniaz)https://www.eurasia1945.com/acontecimientos/crimenes/gueto-de-varsovia/
- ↑ (Gaztelaniaz)https://www.bbc.com/mundo/noticias/2012/07/120722_cultura_testimonio_superviviente_gueto_varsovia_bd
- ↑ (Gaztelaniaz)https://web.archive.org/web/20160808065300/https://www.yadvashem.org/yv/es/holocaust/about/03/warsaw.asp
- ↑ https://www.aimdigital.com.ar/2012/11/15/el-ghetto-de-varsovia/
- ↑ https://www.bbc.com/mundo/noticias/2012/07/120722_cultura_testimonio_superviviente_gueto_varsovia_bd
- ↑ a b (Gaztelaniaz)https://www.ushmm.org/wlc/es/article.php?ModuleId=10007558