Paralinpiar Jokoak
Paralinpiar Jokoak | |
---|---|
Mota | kirol lehiaketa errepikakor |
Indarraldi | 1960 - |
Gertaeraren maiztasuna | 4 urte |
Herrialdea | mundu osoan |
Antolatzailea | International Paralympic Committee (en) |
Kirola | kirol paralinpiko |
Beste batzuk | |
Summer Paralympic Games (en) | |
Winter Paralympic Games (en) | |
Webgune | paralympic.org |
Hashtag | #JeuxParalympiques eta #Paralympics |
Paralinpiar Jokoak edo Joko Paralinpikoak Ludwig Guttmannek 1960an sortutako nazioarteko lehiaketa dira, era guztietako desgaitasun fisikoak, burukoak edo zentzumenezkoak dituzten atletentzakoak, adibidez anputazioak, itsutasuna, garuneko paralisia eta adimeneko desgaitasunak dituztenentzakoak. Izenak παρά (pará) aurrizki grekoa du, Olinpiar Jokoekiko hurbiltasuna edo antzekotasuna adierazteko; baina, bere garaian, paralisia edo paraplegia duten parte-hartzaileen desgaitasunaren izen-hasieratik hartu zen.
Paralinpiar Jokoak desgaitasunen bat duten pertsonei bideratuak diren arren, parte-hartzaile horiek Olinpiar Joko tradizionaletan parte har dezakete, diziplinan sailkatzeko behar diren gutxieneko helburuak lortzen badituzte. Udako Paralinpiar Jokoak eta Neguko Paralinpiar Jokoak daude. 1988ko Seulgo Udako Jokoak egin zirenetik egiten dira. Olinpiar Jokoen ondoren egiten dira. Paralinpiar Jokoetako organo gorena da Nazioarteko Paralinpiar Batzordea (IPC ingelesezko siglez ezaguna).
Paralinpiar Jokoak 1948an hasi ziren Bigarren Mundu Gerrako beteranoekin, eta XX. mendearen amaierako kirol-ekitaldi handienetako bat izatera iritsi ziren. Jokoek atleta olinpikoekiko berdintasunezko tratua sustatzen dute.
Paralinpiar Jokoak Olinpiar Jokoekin batera antolatzen dira. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak beste bi ekitaldi handi ere ezagutzen ditu: Olinpiada Bereziak (Special Olympicsek antolatuak) eta entzumen-urritasunen bat duten pertsonentzako jokoak (Deaflympics).
Desgaitasun ugari daudenez, Paralinpiar Jokoek kategoria ugari dituzte. Ezgaitasun bakoitza hamar kategoriatan banatzen da. Kategoriak hauek dira: muskulu-potentziaren ezgaitasuna, mugikortasun-tarte pasiboa, kide baten edo batzuen urritasuna, garaiera laburra, hipertonia, ataxia, atetosia, ikusmen-ezgaitasuna eta adimen-ezgaitasuna.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Desgaitasunak zituzten atletak Joko Olinpikoetan lehian aritu ziren lehen aldiz, Paralinpiar Jokoak iritsi aurretik. George Eyser gimnasta germaniar-estatubatuarra izan zen lehen atleta, hankan protesi bat zuena, 1904an. Károly Takács hungariarra 1948ko eta 1952ko Olinpiar Jokoetan aritu zen tiro-ekitaldietan. Eskuineko besoa moztuta, ezkerreko besoarekin egiten zuen tiro. Lis Hartel atleta daniarrak ere parte hartu zuen ezgaitasunarekin. Polio arrastoak zituen, eta doma klasikoan zilarrezko domina irabazi zuen.
Desgaitasuna duten pertsonentzat antolatutako lehen atletismo-ekitaldia 1948ko Udako Joko Olinpikoen inaugurazio-ekitaldian izan zen, Londresen (Erresuma Batuan). Stoke Mandeville ospitaleko Ludwig Guttmann sendagile alemanak Bigarren Mundu Gerrako beteranoentzako lehen kirol-lehiaketa antolatu zuen, hezur-muineko lesioa zuten gaixoentzako. Guttmanni Akademiko Errefuxiatuentzako Laguntza Kontseiluko kideek lagundu zioten 1939an Alemania Nazitik ihes egiten. Guttmann doktorearen helburua desgaitasunak dituzten pertsonentzako goi-mailako lehiaketa bat sortzea zen, Joko Olinpikoen parekoa. Gurpil-aulkiko lehen nazioarteko jokoak 1948ko Olinpiar Jokoekin bat egiteko prestatu ziren. Jokoak Londresek berritik hartu zituen 1952an, Herbehereetako beteranoek britainiarren ondoan parte hartu zuten, eta mota horretako nazioarteko lehen ekitaldia izan zen. Lehen joko horiek, Stoke Mandevilleko Jokoak edo IWAS World Games izenez ere ezagutzen direnak, Paralinpiar Jokoen aitzindari gisa deskribatu dira.
Une garrantzitsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Une garrantzitsuak izan ziren mugimendu paralinpikoan. Lehen Paralinpiar Joko ofizialak, 1960ko Erromakoak, ez ziren gerrako beteranoei bakarrik zuzendutakoak izan. 23 herrialdetako 400 atleta elkartu ziren joko horietan. 1960tik aurrera, Paralinpiar Jokoak Olinpiar Jokoen urte berean egiten dira. Hasieran, gurpil-aulkian zeuden atletentzat bakarrik antolatzen ziren jokoak; 1976an, berriz, bestelako desgaitasunak zituzten atletentzat. 1976ko Jokoetan desgaitasunen sailkapenak sartu zirenean, atleta kopuruak gora egin zuten, eta 40 herrialdetako 1600 parte-hartzaile izatera iritsi ziren. 1988ko Olinpiar Jokoetan, Seulen, Hego Korean, beste une garrantzitsu bat izan zen Mugimendu Paralinpikoarentzat; izan ere, lehen aldiz hartu zuten parte Udako Joko Olinpikoen ondoren, hiri berean eta instalazio berak erabiliz. Horrek aurrekari bat ezarri zuen 1992ko, 1996ko eta 2000ko Jokoetarako. 2001ean, Nazioarteko Paralinpiar Batzordeak (IPC) eta Nazioarteko Olinpiar Batzordeak hitzarmen bat sinatu zuten Neguko Paralinpiar Jokoetan instalazio berak erabiltzeko. Etorkizun ez oso urrunean, Olinpiar Jokoak eta Paralinpiarrak aldi berean egitea espero da, benetako integrazioa lortzeko.
Neguko Paralinpiar Jokoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehendabiziko Neguko Paralinpiar Jokoak Örnsköldsviken egin ziren, Suedian. Joko horietan, hainbat desgaitasun eta kategoria zituzten atletak lehiatu ziren. Neguko Jokoak lau urtetik behin jokatzen dira, Neguko Olinpiar Jokoak egin eta lau urtera eta udakoak baino bi urte geroago. Tradizio hori 1992ko Jokoekin hasi zen Albertvillen (Frantzian).
Nazioarteko Paralinpiar Erakundea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aitzindariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aniztasun funtzionala dutenentzat kirola sustatzen zuen lehen erakundea Desgaituentzako Nazioarteko Kirol Erakundea izan zen, 1964an sortua. Erakunde horretako kideek desgaituentzat kirola gobernatuko zuen erakunde bat sortu nahi zuten, eta Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOBk) Joko Olinpikoekin egiten zuen. Batzorde hori Desgaituentzako Kirolaren Nazioarteko Koordinazio Batzordea (ingelesez ICC) bihurtu zen, eta 1982an ezarri zen. Nazioarteko Olinpiar Batzordean, desgaitasuna duten atletek dituzten eskubideen alde egiteko eskatu zioten ICCri. ICC eta NOBen arteko lankidetza eta arrakastaren ondoren, emaitza Seulgo 1988ko Udako Paralinpiar Jokoak izan ziren. ICC zabaldu egin behar izan zen, eta kirol egokituko programak dituzten nazio guztietako ordezkariak sartu. Halaber, batzorde horretako gobernu-taldean atletak ere sartu ziren, hartzen diren erabakietan zuzenean parte hartzeko. Erakunde hari Nazioarteko Paralinpiar Batzordea (IPC) deitu zioten.
1989az geroztik
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Paralinpiar Mugimendua gobernatzen duen erakundea da IPC. 176 paralinpiar batzorde nazional eta desgaituentzako lau kirol-federazio biltzen ditu. IPCko lehendakaria Andrew Parsons brasildarra da. IPCko lehendakari gisa, Parsons Nazioarteko Olinpiar Batzordeko kide ere bada. IPCko bulego nagusiak Bonnen (Alemanian) daude. IPC da udako eta neguko Paralinpiar Jokoak antolatzeko arduraduna. Bederatzi kiroletarako Nazioarteko Federazio gisa ere funtzionatzen du: atletismoa, igeriketa, tiroa, potentzia pisu-altxatzea, alpetar eskia, biatloia, zeharbideko eskia, izotz-hockeya eserita eta kirol-dantza. Kirol horiek guztiek beren bertsio paralinpikoak dituzte. Horretarako, IPCk Munduko Txapelketak eta nazioarteko beste lehiaketa batzuk gainbegiratu eta koordinatu behar ditu bederatzi kirol horietako bakoitzerako. Paralinpiar batzorde nazionalez gain, nazioarteko kirol-federazioetako kideak ere badira. Federazio horiek paralinpiar kirol baten ordezkari gisa onartzen ditu IPCk. Federazio horien erantzukizunek barne hartzen dituzte jurisdikzio teknikoa eta Paralinpiar Jokoetako lehiaketetan gidatzea.
IPCk lankidetza-harremana du Nazioarteko Olinpiar Batzordearekin. IPCren ordezkariak NOBeko kideak ere badira eta NOBen batzorde eta bileretan parte hartzen dute. Nahiz eta bi erakundeek joko bereizi eta desberdinak izan, harreman estua dago bien artean.
Ikurrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Paralinpiar Jokoen bandera bat dator IPCren logotipoarekin, eta hainbat aldaketa izan ditu. Hiru kolore ditu: gorria, urdina eta berdea; bandera nazionaletan gehien erabiltzen diren hiru koloreak.
1988ko Paralinpiar Jokoetan, taegukak erabili ziren Seulen, Hego Koreako banderaren erdian ageri diren bi korear ereduen antzera: bost taeguk, bost olinpiar eraztunen kolore eta antolamenduarekin. 1991n, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak eragozpenak jarri zizkion diseinu horri, eta bost formak hirutan gelditu ziren (beltza eta horia kenduta).
2003an, irudi berritua onartu zen, 2004ko Atenasko Paralinpiar Jokoak amaitu ondoren erabiltzeko. Bertan, hiru forma ageri dira, bumeran baten antzeko silueta dutenak, eta agito izena eman zaie (latinezko agito, hau da, "mugitzen naiz").
2019an, 30. urteurrena ospatzeko, 2004an estreinatutako agitoen logotipoa kolore biziagoarekin aldatuko da, eta Tokioko 2020ko Paralinpiar Jokoetatik aurrera erabiliko da.
Zeremoniak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasiera ekitaldia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Karta Paralinpikoan adierazten denez, hainbait elementuk osatzen dute Paralinpiar Jokoen irekiera-ekitaldia. Erritu horietako gehienak 1920ko Udako Olinpiar Jokoetan ezarri ziren, Anberesen. Ohiko zeremonia herrialde antolatzailearen banderarekin hasten da eta ereserki nazionala kantatzen da. Ereserkiaren ondoren, nazioaren arabera bildutako atleten desfileari ekiten dio. Nazioak alfabetikoki ordenatzen dira, herrialde antolatzaileko atletak dira sartzen azkenak. Beti izaten dira musika, dantza eta herriko kultura ordezkatzen duten antzerkia. Diskurtsoak ematen dira, eta formalki inauguratzen dira Jokoak. Azkenik, zuzi paralinpikoa estadio barrura eramaten da, eta sua lurrin-ontzira pasatzen da.
Amaiera ekitaldia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Paralinpiar Jokoak bukatzeko, amaiera ekitaldia egiten da, kirol-ekitaldi guztiak amaitu ondoren. Herrialde bakoitzeko bandera daraman parte-hartzaile bat sartzen da. Bandera paralinpikoa jaitsi egiten da. Salt Lake City 2002tik. Hurrengo herrialde antolatzailearen bandera altxatu egiten da haren ereserki nazionala aurkezten den bitartean. Sua itzaltzen da eta jokoak amaitzen dira. Hori gertatzen den bitartean, hurrengo antolatzaileak bere kulturaren erakustaldi txiki bat egiten du.
Dominak ematea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Domina-zeremonia Jokoetako ekitaldi bat amaitu eta berehala gertatzen da, salbuespen batzuekin. Lehen, bigarren eta hirugarren postuei dagozkien dominak dituen podium bat emango zaie. Dominak IPCko kide batek ematen ditu, eta bandera nazionalak gorde egiten dira urrezko domina irabazi duen herrialdeko ereserkia kantatzen den bitartean. Herrialde antolatzaileko boluntarioek ere parte hartzen dute dominak emateko zeremonian, dominak sarituko dituztenei ematen dizkiete eta banderak eramaten dituzte. Sari-banaketa ekitaldiaren biharamunean egin daiteke, beranduenez.
Berdintasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Olinpiar Jokoekiko harremana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2001ean, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak eta Nazioarteko Paralinpiar Batzordeak akordio bat sinatu zuten, egoitza zuten hiriek Joko Olinpikoak eta Paralinpiar Jokoak antolatzeko konpromisoa har zezaten. Akordio hori 2020ko Jokoetan ere aplikatuko da.
NOBek konpromisoa hartu du pertsona guztiek kirola egiteko aukera izan dezaten.
Gutunak ez du aipatzen ezgaitasunagatiko bereizkeria; baina uler dezakegu Mugimendu Olinpikoak bereizkeria mota ororen aurka egiten duela, Gutun Paralinpikoak bezala, arrazan, politikan, erlijioan, generoan, sexu-joeran edo ezgaitasunean oinarritutako diskriminazio ororen aurka dagoela.
2014ko Neguko Paralinpiar Jokoak izan ziren Errusiak antolatutako lehenak. Sobietar Batasunak, aurretik antolatutakoekin kontraste nahiko handia izan zutelarik. Izan ere, 1980ko Udako Olinpiar Jokoak antolatu zituzten Moskun, eta ez zuten onartu Paralinpiar Jokoak beren lurraldean sartzea, eta adierazi zuten ez zutela ezgaitasunen bat zuen hiritarrik. Horren ondorioz, Arnhemek (Herbehereak) antolatu zituen Udako Paralinpiar Jokoak. Jarrera hori aldatu egin zen Errusian aurreko hamarkadan, eta herrialdeak berretsi egin zuen Ezgaitasuna duten Pertsonentzako Giza Eskubideen NBEren Konbentzioa. 2010ean, Vancouverko Neguko Paralinpiar Jokoetan, Errusia izan zen lehena domina-koadroan, eta jarrera bera izan zuen 2014. urtean, Neguko Paralinpiar Jokoen egoitza izan zenean ere.
Paralinpiarrak Olinpiar Jokoetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2008an, Oscar Pistorius, Hegoafrikako abiadura-lasterkaria, 2008ko Joko Olinpikoetarako kalifikatzen saiatu zen. Pistoriusek hankak ebakita ditu belaunaren azpitik, eta karbono-zuntzezko bi protesi erabiltzen ditu. 400 metroan eutsi dio Paraolinpiko errekorrak. Pistorius 0,7 segundora gelditu zen 2008ko Joko Olinpikoetarako kalifikatzeko. Hala ere, Paralinpiar Jokoetan parte hartu zuen, 100, 200 eta 400 metro lauko probetan garaikurra eskuratuz. 2012an, Pistoriusek kalifikazio historikoa lortu zuen Londresko Joko Olinpikoetarako: 400 metroan finalerdietara iritsi zen eta zortzigarren gelditu zen 4 x 400eko txandan.
Finantzaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Atleta olinpikoen eta paralinpikoen artean ez dago finantziazio berdintasunik. Horren adibide da Estatu Batuetako Tony Iñiguez, Scot Hollonbeck eta Jacob Heilveil atletek 2003an egindako eskaera. Haiek defendatzen zuten Estatu Batuetako Olinpiar Batzordea, Paralinpiar Batzordea ere barne, ez zela ari atleta paralinpikoak era berean finantzatzen. Iñiguezek esan zuen kirolari paralinpikoen talde txiki batentzat soilik zegoela mediku-estaldura. Horrez gain, Olinpiar Batzordeak oso entrenamendu-leku gutxi eskaintzen zituen, eta ordainketa ekonomiko oso txikiak, Paralinpiar Jokoetan domina irabazten zutenentzat.
Estatu Batuetako atletek desabantaila gisa sumatu zuten hori, Kanadarekin eta Britainia Handiarekin alderatuta; izan ere, herrialde horiek berdintasunezko tratua zuten kirolari paralinpiko eta olinpikoentzat. Estatu Batuetako Olinpiar Batzordeak ez zuen desadostasuna ukatu, baina gobernuak inolako finantza-laguntzarik jasotzen ez zuelako gertatu zela adierazi zuen. Horren ondorioz, atleta olinpikoen lorpenek paralinpikoek baino estaldura handiagoa izan zuten. Hori gorteetara iritsi zen, eta Onipiar Batzordeak atletei ordainketa desberdinak ezartzeko eskubidea zuela agindu zuten, beren lorpenen araberakoak. Atletek epaiaren aurka jo zuten Justizia Gorte Gorenera, eta 2008ko irailean jakinarazi zuten ez zela apelazioa onartuko. Gorteetan amaiera onik ez izan arren, emaitza izan zen paralinpiar kiroletarako aurrekontua hirukoiztu egin zela, 2004an 3 milioi dolar izatetik 2008an 11,4 milioi izatera.
Gaur egun, Paralinpiar Jokoei mundu osoan laguntzen diete babesleek; Olinpiar Jokoetan, berriz, ez dira onartzen uniformeen gaineko logotipoak eta babesleak; baina, Paralinpiar Jokoetan, uniforme eta instalazioen gaineko logotipo eta babesle ofizialak erabil daitezke.
Hedabideen estaldura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Joko Olinpikoek hazkunde izugarria izan dute estaldura globalean 1984az geroztik, baina Paralinpiar Jokoek ez dute maila handiko estaldura izan.
Paralinpiar Jokoen telebista-estaldura berantiarra 1976an hasi zen, baina estaldura berantiar hori herrialde edo eskualde batzuetan bakarrik egon da eskura. 1992ko Paralinpiar Jokoetan 45 orduko zuzeneko transmisioa baino ez zen izan Europan. Beste herrialde batzuek Jokoen laburpenak zituzten programak eskaini zituzten. Sidney 2000ko Paralinpiar Jokoetara arte ez zen hasi komunikabideen bidezko estaldura-kultura.
Sidneyko Paralinpiar Jokoek agerraldi handia egin zuten hedabideetan. Batzorde Antolatzailea eta All Media Sports (AMS) ados jarri ziren jokoak nazioartean transmititzeko.
Horren ondorioz, Asiako, Europako eta Hego Amerikako komunikabideekin beste akordio batzuk egin ziren estaldura banatzeko eta beste herrialde batzuetan transmititzeko. Jokoak Internet bidez ere transmititu ziren, eta lehen aldiz egin zen. Ahalegin horiei esker, kalkulatzen da Sidneyko Paralinpiar Jokoek 300 milioi ikusle izan zituztela mundu osoan.
Erresuma Batuan, 2010ean Neguko Paralinpiar Jokoetan, estaldura txikia izateagatik kritikatu zuten BBC, urte hartako Olinpiar Jokoetan izan zuen estaldurarekin alderatuta. BBCk jakinarazi zuen transmisioen zati bat bere webgunean partekatuko zuela, eta ordubeteko laburpena emango zuela telebistaz. Joko Olinpikoetarako 160 orduko estaldura erabili zuten. Norvegian, Norwegian Broadcasting Corporation-ek (NRK) zuzenean eman zituen 2010eko Paralinpiar Jokoetako 30 ordu. Biatloian adibidez, tiroaren zatia transmititu ez zuelako kritikatu zuten telebista-kate hori. Izotz-hockeyaren eta curling-aren kasuan, Norvegiako telebistaren transmisioek Joko Olinpikoetako audientzia berak lortu zituzten.
Erresuma Batuko Channel 4 kateak 2012ko Paralinpiar Jokoen eskubideak eskuratu zituen, eta Jokoen estaldura zabala prestatu zuen. Kanalak Jokoen zuzeneko 150 ordu transmititu zituen, eta mugikorreko aplikazioak ere eskaini zituen, 3 kate (Sky, Freesat eta Virgin Media) eta Channel 4ko Interneteko guneaz gain. Kanalak kanpaina bat egin zuen 2 minutuko komertzialekin, "Supergizakiak ezagutzen" izenekoa, atleta paralinpikoak ezagutarazteko. Une horretan, Channel 4k Sochiko Neguko Paralinpiar Jokoen eskubideak erosi zituen eta 2016an Udako Jokoenak ere bai.
NBC Sports estatubatuar kateak Olinpiarren eskubideak ditu, eta IPCko atletek eta ofizialek kritikatu egin zuten, Paralinpiar Jokoen estaldura txiki bat eskaintzeagatik. Atenasko estaldura kezkagarria izan zen IPCrentzat, Estatu Batuak 2012an Jokoen egoitza izatearen aldeko apustua egiten ari baitziren. 2012an, NBCk 5 ordu bakarrik eskaini zizkien Jokoei, eta ez zituen zeremoniak eman. Philip Craven HLHIko lehendakariak NBCren estaldurari buruzko bere haserrea adierazi zuen 2012an, eta azpimarratu zuen "askok uste dute Estatu Batuak beti direla lider gauza guztietan, eta oraingo honetan ez dira". 2012ko Jokoak amaitu ondoren, IPCko lehendakariak adierazi zuen selektiboagoak izango zirela Paralinpiar Jokoen eskubideak eskuratuko zituzten hedabideekin: "Gure balioekin bat ez datozela ikusten badugu, beste norbait bilatuko dugu".
Ondarea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2010ean, Columbia Britainiarreko Unibertsitateak Paralinpiar Jokoen eraginari buruz egindako azterketa baten arabera, inkesta egin zitzaien 1600 kanadarretatik %41-50ek uste zuten 2010ean Vancouver-eko Paralinpiar Jokoen ondoren irisgarritasun hobea zutela eraikinek, aulkiek eta leku publikoek. Enplegatzaileen % 23k esan zuen Jokoen ondorioz ezgaitasunak dituzten pertsonak kontratatzeko interesa handitu zutela. Xavier González IPCko zuzendari exekutiboak esan zuen 2008ko Udako Paralinpiar Jokoak eraldaketarako tresna izan zirela Txina osoan, desgaitasuna duten pertsonen alde, hirian irisgarritasuna sortzeko, legeak aldatzeko eta desgaitasuna duten pertsonak gizartearen parte gisa onartzeko.
Kirolak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2016. urtean hogeita bost kirol zeuden Udako Paralinpiar Jokoetan eta bost kirol negukoetan. Kirol bakoitzean proba ugari daude. Adibidez, eski alpinoan jaitsiera, super konbinatua, super G, slaloma eta slalom erraldoia daude. IPCk kirol horietako asko zuzentzen ditu, baina ez guztiak. Nazioarteko Federazio izenez ezagutzen diren nazioarteko beste erakunde batzuek ere egiten dute lan hori. Horien artean daude Anputatuentzako eta Gurpil-aulkian Daudenentzako Kirolaren Nazioarteko Federazioa, Itsuentzako Kirolaren Nazioarteko Federazioa eta Garun Paralisia duten Pertsonentzako Kirolaren Nazioarteko Elkartea. Batzorde Paralinpiko Nazionalak ere badaude, herrialde bakoitzeko kirolak eta atletak gainbegiratu eta koordinatzeaz arduratzen direnak.
Sailkapenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kategoriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]IPCk 10 ezgaitasun kategoria ezarri ditu, fisikoa, ikusizkoa eta intelektuala barne. Ezgaitasun horietako bat duten atletak Paralinpiar Jokoetan lehiatu daitezke kategoria batean gainditu ondoren. Kategoria horiek berdin aplikatzen dira udako eta neguko jokoetarako.
- Ezgaitasun fisikoa: zortzi ezgaitasun fisiko mota daude.[1]
- Muskulu-potentziaren ezgaitasuna: kategoria honetako ezgaitasuna, oro har, muskuluen potentzia faltagatik da. Gorputzaren alde batean edo behealdean izan daiteke. Adibidez, bizkarrezur-muineko lesioa, arantza bifidoa edo polioa.[1]
- Mugikortasun-tarte pasiboaren ezgaitasuna: artikulazio batean edo gehiagotan, mugikortasun-tartea txikia da modu sistematikoan. Artritisa bezalako baldintzak ez daude ezgaitasun horretan sartuta.[1]
- Gorputz-adar baten galera edo urritasuna: gaixotasun, trauma edo sortzetiko urritasunen baten ondorioz hezurrik edo artikulaziorik ez izatea, osorik edo partzialki.[1]
- Garaiera txikia: altuera txikia da hanken, enborraren edo beso laburren eraginez, eta hori muskulu-eskeletoaren urritasunaren, hezurren edo kartilagoen faltaren ondorioz gertatzen da.[1]
- Hipertonia: hipertonia muskuluetako tentsio anormal bat da, berezko luzaketa saihesten duena. Hipertonia lesio, gaixotasun edo nerbio-sistema zentralari oro har eragiten dioten baldintzen ondorio izan daiteke (adibidez, garun-paralisia).[1]
- Ataxia: muskulu-mugimenduen koordinazioa galtzea (adibidez, garun-paralisia, Friedreich-en ataxia)[1]
- Atetosia: oro har, desoreka, nahi gabeko mugimenduak eta jarrera simetrikoari eusteko zailtasuna ditu ezaugarri. Horien adibide dira garun-paralisia, koreoatetosia.[1]
- Ikusmen-ezgaitasuna: ezgaitasun hori duten atletek ikusmen-galera partziala edo osoa izan dezakete. Horrek ikusmen-sistemaren osagai batean edo gehiagotan akatsak izatea dakar (begiaren egitura, hartzaileak, nerbio optikoa edo ikusmen-kortexa). Lehian gida bat erabiltzea funtsezkoa da kategoria horietan parte hartzen duten atletentzat. Gidari horiek, itsuentzako futbol-taldeetako atezainek bezala, dominak jasotzen dituzte Bartzelonako Jokoetatik (1992).
- Adimen ezgaitasuna: adimenaren funtzionamenduan edo funtzionamendu kognitiboan ezgaitasun handia duten atletak dira. IPC ezgaitasun fisikoa duten atletekin bakarrik hasi bazen ere, ezgaitu intelektualen taldea kirol paralinpiko batzuetan sartu da. Parte-hartzaileak 18 urte bete baino lehen diagnostikatutako eliteko atleta batzuetara mugatzen dira. Olinpiada Bereziek ezgaitasun hori duten kirolariak bakarrik biltzen dituzte, eta Nazioarteko Olinpiar Batzordeak aintzatetsitako ekitaldia da.
Sailkatzeko sistema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezgaitasun kategorien barruan, atletak ere ezgaitasun mailaren arabera banatzen dira. Sailkapen-sistema desberdina da kiroletik kirolera, eta sailkapen berean ahalik eta atleta gehien biltzera bideratuta dago, betiere antzeko ezgaitasuna duten atletak badira. Sailkapen-sistemaren erronkarik handiena da pertsona kopuru handiena duten kategoriak aztertzea, eta, beraz, zenbait ezgaitasunek sailkapen gehiago dituzte.
Sailkapen medikoa, 1980ra arte
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1980. urtera arte, atletak sailkatzeko sistema paralinpikoaren ezgaitasunaren azterketa medikoa eta diagnostikoa zen. Atletaren egoera medikoa zen faktore bakarra zein klasetan lehiatuko zen zehazteko. Adibidez, bizkarrezur-muineko lesioa zuen atleta batek ezin zuen lasterketan parte hartu hanketako lesioa zuen pertsona baten aurka. Antzeko ezgaitasuna izan arren, hori ez zen elkarrekin sailkatu ahal izateko faktorea, bi diagnostiko mediko desberdin baitziren. Hori gertatu zen harik eta kirola errehabilitaziora bideratzeaz gain, errehabilitazioaren ondoren erabiltzera ere bideratu zen arte. Orduan, sailkapena aldatu egin zen, diagnostiko medikotik atleta bakoitzaren trebetasunak aztertzera.[2][3]
Sailkapen funtzionala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aldaketa noiz gertatu zen argi ez dagoen arren, sailkapen funtzionaleko sistema atletismoarekin hasi zen 1980ko hamarkadan. Sailkapen funtzionaleko sisteman, ezgaitasunak atletan eta haren kirol-errendimenduan duen eragina aztertzen da. Sistema horren azpian, hanken erabateko galera edo hanken funtzioa galdua duten atletak sailkapen beretan lehiatzen dira, efektu bera eragiten baitute anputazio batek eta hanken mugikortasuna galarazi zuen lesio batek. Sailkapen-formatuko salbuespen bakarra Itsuentzako Kirolaren Nazioarteko Federazioak erabiltzen duena da, oraindik diagnostiko medikoan oinarritutako sistema erabiltzen baitu.
Zenbait kirol ezgaitasun mota jakin batzuei begira egiten dira; esate baterako, goalballa ikusmen-ezgaitasuna duten pertsonek soilik egiten duten kirola da; hiru kategoria daude, eta lehiakide guztiek mozorro bat erabili behar dute abantailarik ez izateko. Atletismoan, partaideak kategoria tarte batean banatzen dira, ezgaitasunaren arabera, eta ezgaitasun mailaren arabera, klase desberdinetan banatzen dira.
Kirol batzuk, hala nola atletismoa, ezgaitasun guztiak dituzten atletek egiten dituzte. Adibidez, 11-13 klaseak ikusmen-urritasuna dutenentzat dira, eta ikusmen-mailaren araberakoak dira. Taldekako lehiaketak ere badaude, hala nola gurpil-aulkiaren gaineko errugbia. Taldekide bakoitzari puntutan ematen zaio balioa, dituen mugimendu-mugen araberakoa. Puntu-maila baxuak mugigarritasun-muga larria adierazten du. Talde batek ezin du puntu kopuru jakin bat baino gehiago izan aldi berean berdintasunezko lehiaketa ziurtatzeko. Adibidez, errugbi-lehiaketa batean, bost parte-hartzaileen puntuak gehituta taldeak ezin ditu zortzi puntu baino gehiago izan.
Ereserkia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Himno paralinpikoa edo «Etorkizuneko ereserkia» (frantsesez: «Hymne de l'Avenir») Thierry Darnis konpositoreak konposatu zuen, eta IPCk 1996ko martxoan onartu zuen. Zeremonietan bandera paralinpikoa jasotzen denean entzuten da.
Ekitaldiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dominak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Udan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Postua | Estatua | Urrea | Zilarra | Brontzea | Guztira |
---|---|---|---|---|---|
1 | 665 | 591 | 612 | 1.868 | |
2 | Erresuma Batua | 485 | 474 | 460 | 1.419 |
3 | Alemania | 455 | 439 | 423 | 1.317 |
4 | Kanada | 359 | 293 | 296 | 948 |
5 | Frantzia | 318 | 302 | 292 | 912 |
6 | Australia | 291 | 311 | 279 | 881 |
7 | Herbehereak | 245 | 206 | 177 | 628 |
8 | Polonia | 236 | 216 | 174 | 626 |
9 | Suedia | 212 | 205 | 152 | 569 |
10 | Espainia | 123 | 284 | 485 | |
11 | Txina | 142 | 117 | 82 | 341 |
12 | Italia | 130 | 144 | 171 | 445 |
13 | Israel | 122 | 115 | 121 | 358 |
14 | Norvegia | 105 | 93 | 79 | 277 |
15 | Japonia | 104 | 96 | 109 | 309 |
Neguan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Postua | Estatua | Urrea | Zilarra | Brontzea | Guztira |
---|---|---|---|---|---|
1 | Norvegia | 133 | 98 | 78 | 309 |
2 | Alemania | 108 | 103 | 95 | 306 |
3 | Armenia | 99 | 104 | 100 | 303 |
4 | 92 | 92 | 64 | 248 | |
5 | Finlandia | 75 | 47 | 56 | 178 |
6 | Suitza | 48 | 53 | 48 | 149 |
7 | Frantzia | 46 | 40 | 47 | 133 |
8 | Errusia | 43 | 43 | 29 | 115 |
9 | Kanada | 26 | 36 | 38 | 100 |
10 | Suedia | 25 | 30 | 38 | 98 |
11 | Japonia | 14 | 24 | 25 | 63 |
12 | Zeelanda Berria | 14 | 5 | 7 | 26 |
13 | Espainia | 13 | 12 | 10 | 35 |
14 | Italia | 11 | 17 | 26 | 54 |
15 | Polonia | 11 | 6 | 26 | 43 |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f g h https://www.paralympic.org/sites/default/files/document/120716152047682_classificationguide_1.pdf
- ↑ New Horizons in sport for athletes with a disability : proceedings of the International VISTA '99 Conference, Cologne, Germany, 28 August-1 September 1999. Meyer & Meyer Sport 2001 ISBN 1-84126-036-3. PMC 48404898. (Noiz kontsultatua: 2021-06-07).
- ↑ «Ask OCLC» OCLC Micro 7 (5): 8–8. 1991-05 doi: . ISSN 8756-5196. (Noiz kontsultatua: 2021-06-07).