Itxina
Itxina Gorbeiako natura parkearen barruan eta Orozkoko udalerrian kokatuta dagoen mendigune karstikoa da. 5 kilometro koadro du Itxinako haran karstikoak. Haran honen barruan hainbat troka, leize, zulo eta ur jauzi daude, dena pagoz josita. Ospe handia du Supelegor leizeak, baita Atxulaur izeneko ate naturala ere. 1995ean Babestutako Biotopo izendatu zuten.
Mitologia ugari ere badago Itxinako mendilerroaren inguruan. Mariren bizilekuetako bat izan da Itxina. Horrez gain, aipatzekoa da Itxinan bertan zortzi saguzahar espezie baino gehiago bizi direla.
Mendi nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tontor nagusia Lekanda (1.302 metro) da eta mendigunearen ekialdean dago. Bere ondoan Igalirrintza (1.296) tontorra du iparraldean. Hegoaldean bestela Gorosteta (1.261 metro) eta Ipergorta (1.235 m) tontorrak daude, mendebaldean Altipitatx (1.172 metro) eta iparraldean Axkorrigan (1.095 metro).
Itxinako zeharkaldia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pagomakurreko aterpetxetik abiatuta ipar-ekialdean, Atxulaur ate naturaletik igarotzen da ibilbidea. Bertatik mendigunearen bihotz labirintikoa zeharkatzen da Lezabaltz, Arkuaxpe, Pozugorri eta Elorrebakarretik Lexardiko kortaraino. Hortik iristen da Kargaleku izeneko atakaraino, hegoaldean, Arrabako landak gurutzatuz Arrabakoateraino. Zeharkaldia amaitzen da Pagomakurerra itzuliz. 7.4 kilometroko luzera dauka guztira, 340 metroko desnibela metaturik eta 2 orduko iraupena.[1]
Axkorriganeko ubidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1945ean langile talde batek jardun zuen Itxinako zentral hidroelektrikoa sortzeko proiektuan, Ugaoko Pradera Hermanos S.A. enpresarako. Egitasmoak "Proyecto de aprovechamiento hidroeléctrico de la cuenca superior del río Ibarra. Arroyos: Aldabide, Sinsieta, Txarritxabaleta, Ubidesasi, Errekagatxo, Pagaluce, Maspilora" gaztelaniazko izena zeraman, beti ere enpresa argindarraz hornitzeko helburuarekin. Ingenieritza lan handi honek barne hartzen zituen presa bat, 9 kilometroko ubidea eta zentral hidroelektrikoa Usabel. Ez zen azkenean martxan ipini ahal izan, baina ubidearen aztarnak ikusten dira gaur egun ere Itxinako horman Urigoitiko auzoan, eta jarraipena Usabel alderuntz hutsik dagoen presaraino. Bertan behera utzi zuten abentura 1957an. Langileen artean bi ugaotar zeuden, alde batetik, eta beste hamar pertsona, bestetik, aragoiarrak eta andaluziarrak zirenak. Zailtasun tekniko handiak zirela-eta, teleferiko modukoa ere eraiki zuten Itxinako hormatik Usabeleraino.[2]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ "Parque Natural de Gorbeia". Travesía de Itxina. Iñigo Muñoyerro eta Fernando J. Pérez. SRB 2009.
- ↑ https://web.archive.org/web/20160719165655/https://www.deia.com/2016/07/18/bizkaia/llodio-nervion/la-odisea-de-axkorrigan "La odisea del canal de Axkorrigan" (Deia).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- "Itxinako azken artzaina". Fernando Pedro Pérez. Arrain, 2009. ISBN 978-84-92401-43-7.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz)Itxinako deskripzioa