Heste
Heste | |
---|---|
Xehetasunak | |
Honen parte | traktu gastrointestinala |
Konponenteak | heste meharra Heste lodia |
Identifikadoreak | |
MeSH | A03.556.124 |
Terminologia anatomikoa |
Hestea digestio-aparatuaren zati bat da, urdailetik uzkiraino doana. Bi atal ditu: heste meharra eta heste lodia. Heste meharra digestio-hodiko zatirik luzeena da, eta zazpi metro inguru ditu. Barne-azala muki-mintz glandular konplexu batez estalia du. Pilorotik heste itsuraino doa, eta hiru zati ditu: duodenoa, jejunoa eta ileona. Heste meharrean egiten dira elikagaien hartzidura- eta xurgapen-prozesuak. Heste lodia digestio-hodiaren zatietariko bat da. Hura eratzen duten atalak hurrengoak dira: heste itsua, apendizea, goranzko kolona, zeharkako kolona, beheranzko kolona eta ondestea. Digestio-hondakinak deshidratatu eta gorotz bihurtzen ditu. Heste meharra baino laburragoa eta lodixeagoa; 1,5 metroko luzera du pertsona helduetan[1][2]. Sailkapen batzuetan, uzkiaren kanala ez da hestetzat hartzen[3].
Egitura eta funtzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hestea bi ataletan banatzen da: heste mehea eta heste lodia. Hesteetan zehar gai digerituak igarotzen dira eta xurgatu egiten dira. Elikagai gehienak duodenoan eta heste mehean xurgatzen dira. Heste meheko paretak milimetro bateko biloez estalirik daude. Bi egituren artean muki-mintzaren xurgapen-azalera 600 aldiz handitzen da, heste mehe osoan 250 m2-ko azalera lortuz[1], gutxi gora behera tenis pista baten azalera[4].
Heste-biloak heste meharraren barnealdeko azalera guztian zehar pilatutako luzakin txiki eta ugariak dira. Likidoak eta elikagaiak barreiatzen eta garraiatzen dituzte heste-biloek. Gantzak eta digestio-gaiak xurgatzea dute funtzio.
Geruzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hesteak hainbat geruzaz osatuta daude; geruza hauek aldatu egiten dira heste-zati batzuetatik besteetara. Barrutik kanpora, geruza horiek horrela daude kokatuak: mukosa, submukosa, muskularra eta serosa[1][5].
- Mukosan mukia jariatzen duten guruin epitelialak daude; hor dauden biloxkek hesteko azalera handitzen dute eta, horren ondorioz, xurgapen-eremua zabalagoa da, elikagaiak xurgatu ahal izateko.
- Submukosa deituriko geruzak nerbioak, odol-hodiak eta zuntz elastikoak ditu, hesteen forma mantentzeko lagungarri direnak.
- Geruza muskularrak hestean zeharreko mugimendu peristaltikoak eta nahasketakoak egiten laguntzen du.
- Inguratzen duen geruza serosoa peritoneoa da; geruza horrek mesoen (mesenterioa eta mesokolona) bidez hesteak lotzen ditu atzeko pareta abdominalera.
Xurgapen-prozesua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Xurgapen-prozesuan material elikagarriak barne-ingurunera sartzen dira, hots, odolera, eta baita interstizioetako likidora ere. Xurgapen-prozesuaren atalik handiena heste meharrean gertatzen da. Xurgapen-prozesuan, substantzia xurgagarri edo asimilagarriak heste-argitik barne-medioraino iragaten dira[1][6].
Elikagaietan dauden proteinak, karbohidratoak eta lipidoak, ezin dira hartutako moduan xurgatu. Lehenik, entzimen bidez, konposatu sinpleagotan apurtu behar dira. Elikagai-mota bakoitzarentzat (proteinentzat, karbohidratoentzat eta lipidoentzat) entzima espezifikoak daude. Entzima horiek digestio-hodira jariatzen dira digestio-prozesuan.
Elikagaiak konposatu sinpleagotan transformatu eta gero, konposatu horiek heste-hoditik odolera iragan behar dute. Prozesu hori burutzeko garraio-mekanismo zenbait daude[1]:
- Barreiadura.
- Barreiadura erraztua.
- Garraio aktiboa.
- Garraio egokitua.
- Osmosia.
Konposatu horiek, odolera pasatu ahal izateko, hainbat hesi gainditu behar dituzte[1]:
- Zelulen gainean dagoen muki-geruza.
- Hesteko zelulen mikrobiloak (hemen metatzen dira, kapilarrera pasatu aurretik).
- Epitelioaren mintz basala.
- Hesteko kapilarraren paretak.
Irrigazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Abdomeneko aortaren adar nagusiek odoleztatzen dituzte hesteak: hasieran, enbor zeliakoak; ondoren, goiko arteria mesenterikoak eta, azkenean, beheko arteria mesenterikoaren adarrek. Ondestearen azken zatian barruko arteria iliakoaren adarrek parte hartzen dute[1].
Zain-itzulera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hesteetako odola porta zainera heltzen da, eta, horrela, elikagaiak gibelera biderazten dira[1].
Gaixotasunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hesteetako gaixotasun garrantzitsuenak: gastroenteritisa, blokeoa, ileitisa, apendizitisa, Crohnen gaixotasuna, sindrome kolikoa, gaixotasun zeliakoa eta idorreria[1].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f g h i Bidaurrazaga, Angel. «Heste» zthiztegia.elhuyar.eus (ZT Hiztegi Berria) (Noiz kontsultatua: 2019-03-12).
- ↑ 1950-, Drake, Richard L. (Richard Lee),. (2010). Gray's anatomy for students. (2nd ed. argitaraldia) Churchill Livingstone/Elsevier ISBN 9781437720556. PMC 489070574. (Noiz kontsultatua: 2019-03-12).
- ↑ Mosby's medical dictionary.. (8th ed. argitaraldia) Mosby 2009 ISBN 9780323052900. PMC 226911722. (Noiz kontsultatua: 2019-03-12).
- ↑ «Differences in Small & Large Intestines | Children's Pittsburgh» Children's Hospital of Pittsburgh (Noiz kontsultatua: 2019-03-12).
- ↑ «G367: Tema 2. Motilidad del tracto intestinal» ocw.unican.es (Noiz kontsultatua: 2019-03-12).
- ↑ (Ingelesez) «human body | Description, Anatomy, & Facts» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2019-03-12).