Eugene Biscailuz
Eugene Biscailuz | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Boyle Heights (en) , 1883ko martxoaren 12a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Heriotza | 1969ko maiatzaren 16a (86 urte) |
Familia | |
Aita | Martin V. Biscailuz |
Hezkuntza | |
Heziketa | Hegoaldeko Kaliforniako Unibertsitatea USC Gould School of Law (en) Woodbury University (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | sheriff (en) eta politikaria |
Enplegatzailea(k) | California Highway Patrol (en) |
Eugene Warren Biscailuz edo Eugene W. Biscailuz (1883 – 1969)[1] Los Angeles hiriko euskal jatorriko polizia eta sheriff ezaguna izan zen. California Highway Patrol izeneko polizia gorputza sortu zuen, Los Angeles konderriko sheriff izan zen 26 urtez, 1958.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Boyle Heights izeneko komunitatean jaio zen 1883an. Aita Martin Biscailuz baxenabartarra zuen, Kaliforniako euskal komunitateko aitzindarietako bat, abokatu gisa lan egin zuena. Ama, Ida Rose Warren, Kalifornia hegoaldeko misio espainoletako pionero baten ondorengoa zen. Amaren aldetiko aitona, tiroketa batean 1870an hil zen polizia bat izan zen, William Warren.
Eugene Biscailuzek zuzenbide ikasketak egin zituen, eta lehen lanak itsas-merkataritzako bulego batean egin zituen. Zuzenbideaz zekienak lagundu zion polizian karrera egiten.
Zenbait kasu ospetsutan parte hartu zuen. Clara Phillips hiltzaile kondenatuak ihes egin zuenean espetxetik, Hondurasen harrapatu zuten, eta hara joan zen Biscailuz bere emaztearekin (Willette Harrison), pertsonalki iheslaria Los Angelesera ekartzeko. Bidaia haren ondorioz Biscailuzen emaztea Willette gaixotu egin zen, eta bizitza osorako osasun ondorioak izan zituen harrezkero. Haurren bahitzaile eta hiltzaile William Edward Hickmanen kasuan eta atxiloketan ere parte hartu zuen.
1929an errepideetako polizia zaintza berrantolatzeko enkargua jaso zuen Kaliforniako gobenadorearengandik, eta California Highway Patrol (CHP) delakoa sortu zuen. 1932an, Los Angelesko konderriko sheriff hautatu zuten, eta ondoren sei urtez berrautatu ere bai, 1958. urtean erretiroa hartu zuen arte. Erretiroarekin, bizi osorako sheriff postu ohorezkoa eman zioten[2].
Zinean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2013ko Gangster Squad filmean, bigarren mailako pertsonaietako bat da Biscailuz sheriffa. Filmaren argumentuan Mickey Cohen mafioso gaizkileak erosita duen polizia da sheriffa. Biscailuz bera Cohenen lagun gisa ageri da eszena batzuetan, eta beste batzuetan bere nahiak ez betetzeagatik mesprezatzen duen panpin gisa ageri da. Eugene Biscailuzen biografian ez dago puntu honen egiazkotasunerako zantzurik. Sheriff karguan urte asko zeramatzen filma kokatua dagoen urterako (1949), eta ondoren ere ohorez zerbitzatu zuen. Aldiz, Los Angelesko 1920eko hamarkadako mafioso handienetako baten taldea desegin zuen Biscailuzek, Tony Corneroren taldea.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Finding Aid of the Eugene Biscailuz scrapbooks 0216
- ↑ (Ingelesez) Rasmussen, C.. (2007-10-21). «L.A. Then and Now: Long arm of this lawman bridged a city's history; Eugene Biscailuz was descended from settlers; his long, colorful career as sheriff was marked by modernization» Los Angeles Times (Noiz kontsultatua: 2015-02-24).