CAR-T zelula
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
CAR-T zelulak ("chimerich antigen receptor-T", ingelesezko sigletan; antigeno hartzaile kimerikoa-T, euskaraz) laborategian genetikoki eraldatutako T linfozitoak dira, immunoterapian batez ere erabiltzen direnak minbizi mota batzuei aurre egiteko [1]. Antigeno hartzaile kimerikoak proteina hartzaileak dira, genetikoki eraldatutako T linfozitoek sortzen dituztenak (eta haien azalean daudenak), zelula minbizidunak ezagutu eta suntsitzen dituztenak [2]. Tumore motaren arabera, antigeno hartzaile kimeriko baten edo bestearen ekoizpena induzituko da.
Antigeno hartzaile kimerikoen funtzioa bikoitza da: zelula minbizidunei lotzen da, alde batetik (zelula horiek dituzten azaleko antigenoekin konbinatzen baitira) eta T linfozito eramaileak ere aktibatzen dituzte, hauek modu eraginkorragoan zelula tumoralak suntsi ditzaten.
Minbiziaren aurkako immunoterapian, zientzialariek gaixoaren T linfozitoak jasotzen dituzte (odoletik), laborategian eraldatzen dituzte (aldaketa genetikoen bidez T linfozitoek antigeno hartzaile kimeriko espezifikoak sor ditzaten), eta eraldatutako zelula horiek (CAR-T zelula berriak) gaixoarengan injektatzen dituzte berriz, zelula minbizidunak suntsi ditzaten [3]. Prozedura ziurragoa izateko, CAR-T zelulak zelula tumoraletan soilik dauden antigenoekin lotzeko diseinatzen dira, gaixoaren zelula osasuntsuak kaltetu ez ditzaten.
CAR-T zelulak abangoardiako sendagaien belaunaldi berritzaile bat ordezkatzen dute, eta minbiziaren aurka erabiltzen den immunoterapiaren tresna itxaropentsuena dira, antigorputz monoklonalekin batera.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1980ko hamarkadaren buekaeran Zelig Eshhar immunologo israeldarrak eta bere taldeak immunoterapiaren arloan jauzi garrantzitsu bat eman zuten, lehenengo CAR-T zelulak sortu zituztenean. Garai berean, Japoniako beste talde batek, Yoshihisa Kuwanak zuzendua, antzeko emaitzak lortu zituen Tokion.
2017ra arte, halere, ez zen immunoterapia mota hau baimendu minbiziaren aurkako tratamenduak egiteko, hainbat leuzemiren aurka, AEB-etan.
Euskal Herrian, lehenengo tratamendu terapeutikoak CAR-T zelulekin 2022ko urrian hasi ziren [4]
Aplikazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antigeno hartzaile kimerikoak dituzten T zelulek emaitza onak eman dituzte neoplasia hematologikoetan, leuzemia eta linfoma mota batzuekin, kasurako [5]. Odoleko beste minbizi batzuetarako ikerketa ugari egiten ari dira azken urteetan.
Tumore solidoen kasuan ikerketak ez daude hain aurreratuak. Orain arte ez da erraza izan CAR-T zelulak garraiatzea tumore solidoen erdigunera, kapsula porotsu biodegradarriak aukera bat baldin badira ere [6]. Ikerlariek lanean jarraitzen dute.
Immunoterapia mota honen beste aplikazio praktikoa gaixotasun autoimmuneen tratamendua da. CAR-T zelulek antigeno batekiko tolerantzia sor lezakete, gaitz autoimmuneen kasuan onura nabarmenak ekarriko lituzkeena. Lupus eritematosoaren kasu batzuetan arrakastaz erabili da immunoterapia hau, eta beste patologia autoimmuneentzat ere ikertzen ari da [7] [8] Organoen transplanteetan ere erabil liteke.
CAR-T zelulen terapia garestia da, T linfozitoak genetikoki eraldatzeko prozesua oso korapilatsua delako. Bestalde, tratamenduaren albo-ondorioak ere kontuan hartzekoak dira: zitokina-ekaitzaren arriskua, adibidez.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ De Marco, Cynthia 9 things to know about CAR T-cell therapy University of Texas, MD Anderson Cancer Center (2018)
- ↑ Sadelain, Michel eta bi gehiago: The basic principles of chimeric antigen receptor (CAR) design National Library of Medicine (2013)
- ↑ Garcia Gallastegi, P., Mugica Basauri, M. eta Crende Arruabarrena, O.: Minbiziaren aurkako CAR-T zelulen bidezko immunoterapia EHU (2021)
- ↑ Arana, Lide: Terapia aurreratuak: zer da CAR-T? Berria egunkaria (2022ko azaroa)
- ↑ Kochenderfer JN, Dudley ME, Kassim SH, Somerville RP, Carpenter RO, Stetler-Stevenson M, et al. Chemotherapy-Refractory Diffuse Large B-Cell Lymphoma and Indolent B-Cell Malignancies Can Be Effectively Treated With Autologous T Cells Expressing an Anti-CD19 Chimeric Antigen Receptor Journal of Clinical Oncology. 33 (6): 540–549
- ↑ Tubia, Iker Troiako zaldia minbizi solidoak zeharkatzeko Berria egunkaria, 2023ko urtarrila
- ↑ Mackensen, Andreas; Müller, Fabian; Mougiakakos, Dimitrios; Böltz, Sebastian; Wilhelm, Artur; Aigner, Michael; Völkl, Simon; Simon, David et al. (2022ko iraila) Anti-CD19 CAR T cell therapy for refractory systemic lupus erythematosus Nature Medicine
- ↑ Rivero García, A. Terapias CAR-T, una potencial aliada en la lucha contra enfermedades autoinmunes Gaceta Médica (2023)