Bertil Ohlin
Bertil Gotthard Ohlin (ˈbæʈil uˈliːn ahoskatua; Klippan, Eskaniako konderria, 1899ko apirilaren 23a – Vålådalen, Åre, Jämtlandeko konderria, 1979ko abuztuaren 3a) suediar politikaria eta ekonomista izan zen. Nazioarteko merkataritza-harremanen azterketarengatik ezaguna. 1977ko Ekonomiako Nobel Saria irabazi zuen, James Meade britainiar ekonomistarekin batera. Ohlinen lanik ospetsuena Interregional and International Trade (1933, Eskualde arteko eta nazioarteko merkataritza-trukea) da. Bertan azaltzen duen teoria bere irakasle izandako Eli Heckscher suediar ekonomistaren teoria baten egokitzapena da, Heckscher-Ohlin teoria izenaz ezaguna, egun. Teoria horren arabera, nazio batek ondasunak sortuko baditu, baliabide ugari beharko ditu nazioan bertan; halaber, nazio batek beste nazio batzuetatik inportatu beharko ditu ondasunak, baldin eta ondasun horiek egiteko nazio horrek ez dituen baliabideak behar baldin badira. Bestalde, zabaltasun handia izan duten teoriak sortu zituen politika makroekonomikoaz eta nazioarteko gerrako kalte-ordainez. Ohlinek matematika, estatistika eta ekonomiako ikasketak egin zituen, Lundeko Unibertsitatean, Stockholmeko Ekonomia Eskolan, Heckscherrek bertan ematen zituelako eskolak, eta Cambridge eta Harvardeko Unibertsitateetan. 1925ean, Kopenhageko Unibertsitatean hasi zen eskolak ematen. Gero Heckscherren lekua hartu zuen Stockholmeko Ekonomia Eskolan, eta bertan eman zituen eskolak, 1930etik 1965era. Suediako Legebiltzarreko kide izan zen 1938tik 1970era, eta Suediako Alderdi Liberaleko buru 1944tik 1967ra.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]