Edukira joan

Siria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Beste esanahietarako, ikus «Siria (erromatar probintzia)».
Siria
الجمهوريّة العربيّة السّوريّ
(Al-Jumhūriyyaḧ al-ʻArabiyyaḧ as-Sūriyyaḧ)
Ereserkia: Humat ad-Diyar (en) Itzuli

Siriako bandera

coat of arms of Syria (en) Itzuli
Geografia
HiriburuaDamasko
33°30′36″N 36°17′24″E
Azalera185.180 km² (89.)
Ura %1,1
Punturik altuenaHermon (2.813,95 m)
Punturik sakonenaGalileako itsasoa (−214 m)
KontinenteaAsia
MugakideakTurkia, Israel, Irak, Jordania eta Libano
Administrazioa
Gobernu-sistemaerdipresidentzialismo
Siriako presidenteaBashar al-Assad
Prime Minister of Syria (en) ItzuliMohammed al-Bashir (en) Itzuli
LegebiltzarraPeople's Assembly of Syrian Arab Republic (en) Itzuli
Epai autoritateaSupreme Constitutional Court of Syria (en) Itzuli
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria22.933.531
Dentsitatea123,84 bizt/km²
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa2,95 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak2.416.365 (2013)
Derrigorrezko eskolaratzea6-15
Bizi-itxaropena72 (2022)
Giniren koefizientea37,5 (2003)
Giza garapen indizea0,577 (2021)
Ekonomia
BPG nominala60.200.000.000 $ (2010)
BPG per capita2.058 $ (2007)
Erreserbak20.631.905.972 $ (2010)
Inflazioa6,3 % (2010)
Historia
Sorrera data: 1920ko martxoaren 8a
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+963
ISO 3166-1 alpha-2SY
ISO 3166-1 alpha-3SYR
Ordu eremua
Elektrizitatea220 V. 50 Hz.europar loki, Type E (en) Itzuli eta Type L (en) Itzuli
Internet domeinua.sy

Siria (arabieraz: سوريا‎ edo سورية, Sūriyā edo Sūrīyah) Ekialde Hurbileko estatu burujabe bat da, zati batean Mediterraneo itsasoaren ertzean kokatua. Mugakide ditu Libano mendebaldean, Israel hego-mendebaldean, Jordania hegoaldean, Irak ekialdean eta Turkia iparraldean. Israelek okupatua du Golan, herrialdearen hego-mendebaldean, eta Hatay probintziaren agintea eskatzen dio Siriak Turkiari. 185.180 kilometro koadroko eremua du, eta 2016an 17.185.170 biztanle zituen.[1] Hiriburua Damasko da.

Sakontzeko, irakurri: «Siriako geografia»

Siria Mendebaldeko Asian dago, ipar latitudeko 32° eta 38° artean, eta ekialdeko longitudeko 35° eta 43° artean hedatua. 185.180 kilometro koadroko eremua du, Israelek okupaturik duen 1.295 kilometro koadroko lurraldea barne[1]. Iparraldean Turkiarekin du muga, ekialdean eta hego-ekialdean Irakekin, hegoaldean Jordaniarekin, hego-mendebaldean Israel eta Libanorekin, eta mendebaldean Mediterraneo itsasoarekin. Zatirik handiena goi-ordoki idorra da, nahiz eta ipar-mendebaldea nahiko berdea den, Mediterraneoaren ertzean baitago. Herrialdearen ipar-ekialdea, Al-Jazira, eta hegoaldea, Hauran, dira nekazal eskualderik garrantzitsuenak. Ibai nagusia Eufrates da, herrialdearen ekialdea zeharkatzen duena. Hori izan zen zibilizazioaren 15 sorlekuetako bat[2][3].

Siriako klima lehorra eta beroa da, eta neguan epela. Garaiera dela-eta, elurra egin dezake neguan. Urteko batez besteko prezipitazioa 300-500 mm artekoa da itsasaldean eta 25-127 mm artekoa hego-ekialdeko Siriar basamortuan. Hiru eskualde klimatiko bereiz daitezke, Köppen sailkapenaren arabera: klima mediterraneoa, uda beroekin (Csa) itsasaldean, estepako klima beroa (BSh) barnealdean, eta basamortuko klima beroa (BWh) ekialdean[4].

Sakontzeko, irakurri: «Siriako historia»

Siria Munduko zibilizaziorik zaharrenetako jaiolekua zela frogatu du arkeologiak. 1975ean aurkitutako Ebla hiriaren inguruan inperio semitiko handia eratu zen, zein K.a. 2500 eta K.a. 2400 bitartean Itsaso Gorritik, egungo Turkiara eta Irakera hedatzen zen. Eblako hizkuntza familia semitikoan idatzitako lehena da adituen ustetan. Izan ere, Eblako jauregian Antzinateko agiritegirik zaharrenetakoa eta handienetakoa aurkitu zen. Buztinezko 17.000 taula baino gehiago dauzka, non industria, diplomazia, salerostea, artea eta nekazaritza diren hizpide nagusiak. Ebla ezaguna zen bi industria mota zela eta: alde batetik, zur, boli eta perlen lanketaz; eta, bestetik, zetaz. Gaur egun ere industria horiek, Eblako ohiturari jarraiki, ekoizpen garrantzitsua daukate.

Indusitako beste hiri inportanteak Mari, Ugarit eta Dura Europos dira. Marin jauregiak, tenpluak eta muralak aurkitu ziren. Hortaz, kulturalki eta komertzialki hiri garatua izan zen. Ugariten gizakiak izan zuen lehen alfabetoa kausitu zen.

K.a. 2000. urte ingurutik aurrera, hurrenez hurren, kanaandarrak (feniziarrak barne), amorriarrak, hurritak, aramearrak (hebrearrak barne) eta Itsasoko herriak iritsi ziren. K.a. XIII. mendean, gizalditako guduen ondoren (Kadesheko gudua, K.a. 1270 inguruan), egiptoarrek eta hititek lurraldea banatu zuten. Guduak eta izanagatik, kostaldeko hiriek oso urte oparoak izan zituzten, hasi iparraldeko Ugarit hiritik (kultura kosmopolita baten eta lehen alfabetoaren sorlekua) eta hegoaldeko Palestinako kanaandarren hirietaraino, Mizenas, Mesopotamia eta Egiptoko zibilizazioen ekarriekin. Geroago, Asiriako eta Babiloniako inperio handiek Siriako erreinu askeak, banan-banan, suntsitu zituzten: K.a. 732an Damasko, Tiro K.a. 573an. K.a. 539an Ziro II.a Babilonaz jabetu zenean, Siria Pertsiako satrapia bilakatu zen. K.a. 333an Alexandro Handiak konkistatu zuen; hura hil zenean (K.a. 323), Alepo Seleuko I.a Nikator jeneralaren mendean geratu zen. Seleukotarrek Damasko kendu zieten Egiptoko lagidei, eta Antiokosen ezarri zuten hiriburua.

Bosrako erromatar antzokia

K.a. 64. urtean, erromatarrak lurraldean sartu zirenean, Erromatar Inperioaren probintzia bilakatu zen Siria. Kristautasunaren historian ere, Siriak garrantzi handia izan du. Paulo Tarsokoa, gerora San Paulo izango zena, Damaskorako bidean kristautu zen. Aurkitu den lehen eliza kristaua Dura-Europosen zegoen. 330. urtean Inperioa zatitu zenean, Konstantinoplaren mende geratu zen. Erromatarren eta partiarren erdibidean egon zen, eta geroago, Bizantzioko Inperioaren eta sasandarren artean. Khosro I.a sasandar enperadoreak Antiokia hartu zuen 540an, eta kanpora egotzi zituen antiokiarrak. 611n, berriro, sasandarrek Antiokia konkistatu zuten, baina, 622tik aurrera, Heraklio enperadorearen konkistek eraginik, atzera egin behar izan zuten, eta Siria, atzera, Bizantzioren mende geratu zen. Baina VII. mendeko arabiarren hedapenak Siria izan zuen helburu nagusietako bat, eta 636an, Jarmuk ibaiaren ertzean bizantziarrak menderatu ondoren, Siria arabiarrena izan zen.

Islamiar Aroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musulmanek 636an konkistatu zuten Damasko. Muawiyah I.a, Siriako enperadore arabiarra, inperio sortu berriaren aginpidea eskuratzeko borroketan atera zen irabazle, eta, kalifa izendaturik, Damaskon ezarri zuen hiriburua, eta 661-750 bitartean Omeiatar inperioaren erdigunea izan zen; hortik Iberiar penintsula eta Erdialdeko Asiaren tarteko lurrak gobernatzen ziren. 750. urtean, arabiar kalifen Abbastar dinastia Omeiatar dinastiari nagusitu zitzaion, eta harrezkero, kalifa herriaren hiriburua Bagdad izan zen, Damaskoren kaltetan, Siria kalifa herriaren probintzia bat besterik ez zela.

Wadi al-Khazandarko guduan (1299) mongolak nagusitu ziren mamelukoen aurka

X. mendean Alepoko hamdaniarrek ez zioten Bizantzioren erasoari aurre egiterik izan. Geroago, turkiar seleukotarrek Damasko eta Jerusalem hartu zituzten (1076-77). Leku santuak musulmanen mendetik askatzera egindako gerra joanaldietan (1099-1291) europar gurutzatuek Mediterraneo itsasoaren kostaldea hartu zuten, baina barnealdeko hiriek, Damasko eta Alepo, musulmanen eskuetan jarraitu zuten. 1291n, egiptoar mamelukoek kristauak behin-betiko egotzi zituzten Mediterraneotik; halaber, sortaldetik sartu, eta 1300ean Damasko hartu zuten mongolak egotzi zituzten. Hurrengo bi mendeetan, Tamerlan (Timur Lang) mongolaren inbasioa bitartean izan ezik (1400-01), nolabaiteko bakean bizi izan ziren mamelukoen mende.

Baina 1516. urtean, turkiar otomandarren inperioa hedatzean, Selim I.a sultanak mamelukoak menderatu eta Siria hartu zuen. Turkiarrek Lehen Mundu Gerra arte gorde zuten lurraldea, Mehmet Ali eta Ibrahim Paxa aita-seme egiptoarren mendean egon zen urteetan izan ezik (1831-1840). Izan ere, Egiptoko agintariek Siria hartu zutenean hasi zen herrialdearen modernizazioa, baina Europako estatu nagusiek lurraldea Otomandar Inperioaren eskuetan uztera behartu zituzten egiptoarrak. Hala ere, Siria, sartaldeko kulturetara zabalik egon zen.

Arabiarren iraultza. Siria Frantziaren administraziopean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1915eko Armeniar genozidioko biktimak

XX. mendearen hasieran, Damaskon, Beiruten eta Palestinan arabiar abertzaletasuna piztu zen. Lehen Mundu Gerran otomandarrek sarraskitu zituzten bertako kristauak (Armeniar genozidioa eta Asiriar genozidioa); Deir ez-Zor izan zen heriotzaren martxen jomuga nagusia[5]. 1916an, Arabiako Otomandar Inperioa Frantziaren eta Britainia Handiaren artean banatzea hitzartu zen (Sykes-Picot hitzarmena). 1918an, Arabiar Iraultzako armadak, britainiarrek lagundurik, Damasko hartu zuen.

1920ko martxoan, Damaskoko Nazio Kongresuak Faisal I.a emirra Siriako Arabiar Erresumako errege izendatu zuen, baina Frantziak ez zuen erregetza onartu. Faisalen erreinaldia 1920ko uztailean bukatu zen, Frantziako armada Sirian Nazioen Ligako mandatua indarrean ezartzera sartu zenean. Uztailaren 23an, Frantziako armadak Siriakoa garaitu zuen[6].

Frantziaren menpeko urteetan, sentipen nazionalista areagotu ahala, matxinadak bortizki erreprimitzen ziren. Nolanahi ere, ekonomiak gora egin zuen eta, azpiegituren aldetik, herrialdea modernizatu zen.[6] Lau barruti autonomotan zatitu zuten lurraldea: Damasko, Alepo, eta alawiarren eta drusoen lurraldeak.

Bigarren Mundu Gerrako Frantziaren porrotarekin batera (1940), Siria Vichyko gobernuaren menpe geratu zen, harik eta 1941eko uztailean Erresuma Batuak eta Frantzia Askeak herrialdea hartu zuten arte. Georges Catroux jeneral frantsesak, Frantzia Askearen izenean, lurraldearen burujabetasuna agindu zien siriarrei, baina tropak bertan geratu ziren. Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, Frantziako gudarosteak uko egin zion lurraldea uzteari, baina azkenik, NBEren aginduz, 1946ko apirilean, Frantzia eta Britainia Handiko armadak Siriatik joan ziren.

Siria burujabea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Adib Shishakli

Hainbat estatu-kolperen ostean, 1949ko abenduan Adib Shishakli koronelak hartu zuen boterea. 1951n bere burua presidente izendatu eta legebiltzarra bertan behera utzi zuen. Bai Erresuma Batuak, bai Ameriketako Estatu Batuek laguntza handia eman zioten Adib Shishakliri. Era horretan, Palestinako gatazka amaitzea espero zuten. AEBek 1948ko Arabiar-Israeli Gerrako palestinar errefuxiatuak Sirian kokatu nahi zituzten. Horretarako, 400.000.000 dolar ordaintzeko prest agertu ziren 1952an, 500.000 palestinar Jazira lautadan kokatuz gero. Siriako ezkertiarrek, Arabiar Alderdi Sozialistak eta Baath Alderdi Arabiar Sozialistak, gogor kritikatu zuten akordio hori, palestinarren itzultzeko eskubidea saltzen ari zelakoan. Aipatutako bi alderdiek bat egitean, Shishaklik Mendebaldeko eskaintzei muzin egin behar izan zien.

Beste estatu kolpe baten bidez, 1954an Shishakli kendu zuten boteretik. Hala ere, armadaren arteko desadostasunek herrialdearen egonkortasunik eza eragiten zuten. 1956ko Suezko krisialdiaren ostean, Gamal Abdel Nasser Egiptoko presidentearen lidergoak Egiptorekin bat egitearen aldeko korrontea sortu zuen Sirian. Horrela, 1958ko otsailaren 1ean, Arabiar Errepublika Batua sortu zen.

Baath alderdia agintean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hala ere, batasuna ez zen luze irautekoa. Estatu-kolpe baten ondoren, 1961eko irailaren 28an, Siriak independentzia berreskuratu zuen. Egonkortasunik eza, berriz, ez zen amaitu, harik eta 1963ko martxoaren 8an Siriako armadako hainbat ofizial ezkertiarrek boterea hartu zuten arte, Baath Alderdi Arabiar Sozialistaren egitasmoei jarraikiz.

Aurreko hilabetean Irakeko Baath alderdiak hango boterea bereganatu zuen. Siriako gobernu berriak Egiptorekin eta Baathek kontrolatutako Irakekin federazioa osatzeko aukeraz hausnarketa egin zuen. Hitzarmena 1963ko apirilaren 17an sinatu bazen ere, alderdien arteko desadostasunak areagotu ziren hurrengo hilabeteetan, eta federazioa ez zen gauzatu. Horrez geroztik, Siria eta Irak bat egitearen alde jardun zuten bi herrialdeetako Baath alderdiek. Baina 1963ko azaroan Irakeko gobernua eraitsia izan zen.

Hafez al-Assad eta Richard Nixon Damaskoko aireportuan, 1974an

1964ko maiatzean, Amin Hafiz presidenteak demokratizazioaren aldeko erreformak abian jarri zituen, baina 1966ko otsailaren 23an, alderdi bereko hainbat armada ofizialek estatu-kolpea eman zuten. Amin Hafiz espetxeraturik, behin-behineko konstituzioa bertan behera geratu zen. Gobernu horrek, Egiptorekin batera, 1967ko ekaineko Sei Eguneko Gerra egin zion Israeli. Israelek Golan kendu zion Siriari. Hori zela-eta, Siriako gobernua ahuldu zen. 1970eko azaroaren 13an, Hafez al-Assad defentsa ministroak hartu zuen lehen ministro kargua, estatu-kolpea emanda.

1973an, Yom Kippur Gerran, Golan berreskuratzen saiatu zen Siria alferrik. Harrezkero, Siria eta Israelen arteko mugan, salbuespenak salbuespen, su-eten iraunkorra dago indarrean. 1976an, Libanoko gobernuak eskaturik, Siriako armada Libanon sartu zen, hango gerra zibila baretu nahian. Siriak bildu zituen borrokatzen ari ziren taldeak, Taif Hitzarmena sinatzeko. 1990eko urriaren 13an gerra zibila bukatutzat jo zen arren, Siriako armadak Libanon jarraitu zuen 2005eko apirilaren 26 arte. Izan ere, Rafik al-Hariri Libanoko lehen ministroaren hilketa (2005eko otsailaren 14) zela-eta, Siriaren kontrako protestak hedatu ziren Libanon.

Barneko oposizioa gorabehera, Hafez Al Assad presidente karguan zegoela hil zen 2000ko ekainaren 10ean. Hilabete bat geroago, haren seme Bashar al-Assad aukeratu zuten presidente, hautagai bakarreko erreferendum baten bidez. 2011 baino lehen, Siriako biztanleen % 25ek nekazaritza zuen jarduera nagusi. Industria estatuaren eskuetan zegoen hein handi batean, eta herritarren % 20k ziharduen bertan. Artean, Siria larrialdi egoeraren pean zegoen legez eta, bertan, eskubide asko murriztuak zituen. Halaber, alahuiten komunitateak presentzia oso handia zuen armadako estatu nagusian eta segurtasun indarretan. Hafez Al Assadek ekonomia liberalizatu zuenean, batez ere haren ingurukoei egin zien mesede, hala nola Rami Majluf, herrialdeko sektore ekonomiko erabakigarrien inbertitzaile nagusi bihurtua.[7]

Siriako Gerra Zibilaren mapa.       Al-Assaden gobernuaren kontrolpean (SAA eta aliatuak).       Siriako Salbazio Gobernuaren kontrolpean (HTS eta aliatuak)       Siriako Bitarteko Gobernuaren (SNA eta aliatuak) eta Turkiako Indar Armatuen kontrolpean       Kurduen kontrolpean (SDF)       Estatu Islamikoaren kontrolpean       Siriako Armada Askeko (SFA) matxinoen eta Ameriketako Estatu Batuetako Indar Armatuen kontrolpean      Hegoaldeko Operazio Aretoko matxinoen kontrolpean       Israelgo Armadaren kontrolpean      Inork ez kontrolatua Turkiako Indar Armatuen behatokia
Bakoitza bere kolorean:
Kontrol misto egonkorra
Landa presentzia
Borrokatua
Muino estrategikoa
Petrolio edo gas eremua
Base edo kontrolgune militarra
Aireportua edo hegazkin basea
Heliportua edo helikoptero basea
Portu handia edo itsas basea
Mugako postua
Presa
Industriagunea

Gerraren hasiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XXI. mendeko lehen hamarkadan, biztanleriaren % 20-25 langabe zegoen, eta % 30 pobrezian, batez ere gazteak. 2006tik, lehorte batek gogor astindu zuen herrialdea, eta landa inguruneetako herritar ugarik, 1,5 milioi pertsonak, hiri inguruetara jo zuen aukera berrien bila. 2011ko udaberrian, Arabiar Uda deitutako errebolta piztu zenean, altxamendu baterako osagai guztiak elkartu ziren. Deraa herrian, ikasle batzuek errejimenaren kontrako aldarriak egin zituzten; segurtasun indarrek haien kontra jo, atxilotu eta torturatu egin zituzten. Horren berria herrialde osora zabaldu eta manifestazio gehiago egin ziren hainbat hiritan, oro har baketsuak. Aldiz, Bashar al-Assaden indarrek errepresioa areagotu egin zuten herritar protestarien kontra, haiei tiro eginez ere.[7]

Manifestazio eta errepresio dialektika 2011 osoan luzatu zen. Turkiatik uztailaren 31n egindako bideo batean, Siriako Armada Librearen sorrera iragarri zen, herritarren kontra tiro egiteari uko egiten zioten militarrek osatua. 2012ko udarako, Alepoko auzo xumeen kontrola hartu zuen, Siriako bigarren hirian. Aldi berean, Herri Babeserako Unitate kurduak indartsu egin ziren Siria iparraldeko beren lurraldeetan eta, orotara, Siria iparraldea al-Assaden kontrolpetik kanpora geratu zen. Errejimena errepresiotik ekintza militarizatura pasa zen, tankeak, hegazkinak eta helikopteroak erabiliz eta oposizioko indarren eremuak bonbardatuz. 2012 eta 2013an, al-Assaden oposizioko indarrak Siria iparraldeaz eta ekialdeaz jabetu ziren. Errejimenak orduan arma kimikoak erabiltzeari heldu zion, bereziki Guta ekialdean, Damasko kanpoaldean, 2013ko abuztuaren 21ean.[7]

Jihadisten gorakada eta atzerriko gobernuen esku-hartzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Siriako Armada Askea kohesioa eta baliabideak galtzen hasi zen eta haren lekua muturreko talde armatu jihadistek hartu zuten, hala nola Ahrar al-Sham, Yeish al-Islam, al-Nusra Frontea (Al Kaidaren adar siriarra), besteak beste; horiek Qatar, Turkia eta Saudi Arabiaren finantzaketa zuten. Gainera, talde jihadista horiek pertsona boluntario ugari erakarri zituzten aldameneko eta Europako estatuetatik. Koiuntura horretan, Estatu Islamikoak (Daesh izenez ere ezaguna) ordu arteko indar oreka hautsi zuen, Irak mendebaldean eta Siria ekialdean gailenduta eta Kaliferri baten sorrera aldarrikatuta. 2014ko irailetik aurrera, Daeshen kontrako koalizio bat eratu zen AEB buruan zuela, Europako armada nagusiak ere tartean, baina baita Qatar, Saudi Arabia, Jordania, etab. Bada, 4.000 eraso egin zituzten 2014tik 2016ra. Gainera, Herriaren Babeserako Unitate kurduak zituzten aliatu. 2017ko urrirako kurduek Al Raqa hartu zuten, Daeshen Siriako hiriburua.[7]

Alabaina, Errusiak al-Assad babesten zuen, NBEn adibidez, eta koalizio bat antolatu zuen haren alde, horretarako Daeshen kontra ari zirela adieraziz: Hezbola eta Iranekin aliatu zen. Era horretan, gobernuaren indarrek arnasa hartu zuten berriz, eta galdutako zenbait gune estrategiko berreskuratu. Turkia beste eragile erabakigarri bat zen, ehunka kilometro baitzituen mugakide Siriarekin, eta jihadistei gerra eremuetara joateko bidea zelaitu zien. Errusiarekin bat egin eta armada eraman zuen gerra eremuetara, esanak esan de facto kurduen kontra, kontrolpeko lurraldeetan eskualde autonomo bat eratu baitzuten.[7]

2018an, turkiarrek Afrin herria hartu zuten eta 2019an, AEBko tropek erretreta egin zutenean, turkiar indarrek beste eraso militar bati ekin zioten kurduen kontra. Ondorioz, al-Assaden indarrek eta aliatuek herrialdearen erdia baino gehiago zuten mendean 2020ko apirilean. Orduko milioi erdi pertsona hilak ziren, sarraskiak, gerra krimenak eta gizateriaren kontrako krimenak ere tartean, batez ere Siriako gobernuaren indarrek eta Daeshek gauzatuak. Zazpi milioi siriarrek deserriko bidea hartu zuten, alegia, herritarren heren batek, batez ere estatu mugakideetara.[7]

Al-Assad dinastiaren agintaldiaren amaiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2024ko abenduaren 8an, Hayat Tahrir al-Sham (HTS, Sortaldea Askatzeko Erakundea) muturreko talde armatu islamistaren inguruko koalizioa erresistentziarik gabe sartu zen Damaskora, 11 egun iraun zuen ezusteko eraso bati esker. Koalizio politiko-militar horrek Al-Assaden erregimena azpiratu zuen, agintari horrek Siriatik hegazkinez ihes egin ondoren.[8] Hartara, amaitu egin zen 53 urtez (1971. urtetik) Siria gobernatu zuen Al-Assad dinastiaren agintaldia.[9]

HTS ez da Assaden erorketan parte hartu duen eragile bakarra. Siria iparraldeko erasoaldian parte hartu du Siriako Nazio Armadak (SNA), turkmeniarrek osatua (Siriako etnietako bat); eta Damaskoko hegoaldetik erasoa jo duten taldeek ez dute loturarik HTS eta SNArekin. Haien arteko batasun bakarra Assad botatzea zen. Aukera baliatuz, Turkiak eta Israelek Siriako hainbat lurralde inbaditu dituzte; Turkiak Siriako iparraldean, Israelek hego-mendebaldean. Assad desagertuta eta Turkiaren esku-hartze armatu bortitzarekin, kurduen proiektu politiko autonomoa kinka larrian dago Sirian. Turkiak adierazi du alde guztiekin negoziatuko duela, salbu eta kurduekin, PKKrekin loturak izatea leporatuta.[9]

Gobernua eta administrazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Baxar al-Assad, Siriako presidentea 2000. urtetik 2024ko abendua arte.
Sakontzeko, irakurri: «Siriako politika»

Siria 1963tik erregimen militar batek agindutako errepublika da. 1973an, erreferendumean onartu zuten gaur egun duten konstituzioa. Bertan Siria errepublika demokratiko, herritar eta sozialista moduan definitzen zuten. Legea, erlijio askatasuna eta propietate pribatua ziren oinarriak. Zazpi urtetatik aukeratzen da presidentea, musulmana izan behar duena. Herriaren Asanblada eta Ministroen Kontseilua, berriz, lau urtetatik aukeratzen dute. Konstituzioaren arabera, presidenteak jar eta ken ditzake presidenteordea, ministroak eta lehen ministroa. Horrezaz gainera, presidentea da armadaren burua, Baath Alderdi Arabiar Sozialistaren idazkari orokorra eta Nazio Fronte Progresistaren burua. Herritarren Asanblada eta Herri Kudeaketa Kontseiluak dira organo legegileak.

Banaketa administratiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Siriaren banaketa administratiboa»

Siria 14 muhafazah edo eskualdetan banaturik dago:

Eskualdea Hiriburua
1 Latakia Latakia
2 Idlib Idlib
3 Alepo Alepo
4 Ar-Raqqa Ar-Raqqa
5 Al-Hasakah Al-Hasakah
6 Tartus Tartus
7 Hama Hama
8 Deir ez-Zor Deir ez-Zor
9 Homs Homs
10 Damasko
11 Rif Dimashq
12 Quneitra Quneitra
13 Daraa Daraa
14 Al-Suwayda Al-Suwayda

2016an Siriak 17,185,170 biztanle zituen[1]. Gehienak sartaldean bizi dira, hiriburuan eta kostaldean batez ere, eta baita ipar-ekialdean ere, Eufrates ibaiaren ertzetan eta haren adarretan. Biztanleen erdia baino gehiago hirietan bizi da, Damaskon eta Alepon gehienak. Azken urteetan milioi bat siriar inguru Libanora eta Golkoko petrolio herrialdeetara joan dira lanera, eta langile horiek milaka milioi bidaltzen dituzte urtero Siriara. Populazioaren %31,9 gaztea da, 15 urtetik beherakoa. Ugalkortasun-tasa 2,55 seme-alaba emakumeko da, eta biztanleriaren hazkunde tasa %1,56 (2016)[1]. 2011ko martxoan Siriako Gerra Zibila hasi zenetik, 9,5 milioi siriar inguru lekualdatuak izan dira. Hauetatik, 4,8 milioik Siriatik kanpo hartu behar izan dute babes[10].

Siriako gizarte laguntzak nolabaiteko babesa ematen die zaharrei, ezinduei, lanean zaurituei eta eriei. Osasun zerbitzuak dohain dira zerbitzu pribatuak ordaintzerik ez dutenentzat, eta oro har, herrialdearen osasun egoera hobetzen ari da. Gaur egun, Siriako 15 urtetik gorako gizonezkoen %76 eta emakumezkoen %45 alfabetatuak daude. Politika ez ezik, osasuna eta irakaskuntza ere gudarostearen ardurapean daude; soldadutza nahitaezkoa da, 30 hilabetez.

Banaketa etnikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Alepoko haurrak

Siriako biztanle gehienak, %90,3[1], Arabiako eta Mesopotamiako semiten ondorengo arabiarrak dira. Baina arabiar jatorriko siriarrez gainera, kurduak, armeniarrak eta turkiarrak ere bizi dira Siriako lurretan. Gainera milaka palestinar daude barreiaturik lurraldean.

Arabiera da hizkuntza ofiziala. Kurduera (kurmanji dialektoa), armeniera eta azerbaijanera dira gutxiengo kurdu, armeniar eta turkomanoen mintzairak. Aramera lingua franca izan zen arabiera iritsi baino lehen; gaur egun, asiriarrek hitz egiten dute, eta zenbait eliza kristauren liturgia-hizkuntza da oraindik. Mendebaldeko aramera Ma'loulan eta ondoko bi herritan baino ez da mintzatzen, Damaskotik 56 kilometro ipar-ekialdera[11].

Biztanleriaren %87 musulmanak dira, gehienak sunitak (%74); kristauak %10 dira, eta druzoak %3[12].

Hiri handienak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Homseko petrolio findegia

Siriako ekonomiak, Hafez al-Assad lehendakariaren ezaxolakeria zela eta, ez zuen denbora askoan aurrera egin. Ekonomia sozialistaren garaian (1963-1970) herrialdea azpiegitura egokiez hornitu zuten. al Assad aginpidera iritsi zenean, berriz, inbertsioek hartu zuten lehentasuna (1970-1978). Baina ekonomia krisiarekin (1979-1988) agerian geratu zen sistemaren liberalizazioa ezinbestekoa zela. 1991n hasi zen liberalizazioak barne merkatuaren beharrak gutxitu zituen, enpresa pribatuak sustatzen baitzituen. Hala ere, Siria Golkoko herrialde petrolio ekoizleen mende dago. Golkoko Gerran (1990-1991) Iraken kontrako nazioarteko koalizioan parte hartu zuen Siriak, eta horrek onura nabarmenak ekarri zizkion: arabiar herriekin zituen mila milioi dolarreko zorra ezeztatu eta bi mila milioi dolarreko laguntzak onartu zitzaizkion.

Gudarosterako aurrekontuak pisu handia izan du beti Siriako aurrekontu orokorrean, %8,7 gutxi gorabehera. Merkataritza harremanei dagokionez, Europar Batasuneko herrialdeekin bideratzen ditu batez ere gaur egun. Nekazaritzak BPGren %30 hartzen du. Herrialdeko bertako beharrak asetzen baditu ere, nekazaritza gaien ekoizpena nahiko apala da. Kotoia da ekoizten den gai nagusia. Petrolioari dagokionez, eguneko 600.000 upel inguru ustiatzen dira, eta horren erdia, gutxi gorabehera, esportatu egiten da. Gas naturaleko hobi garrantzitsu bat aurkitu da Palmirako eskualdean. Hidrokarburoek, bestalde, esportazioen %70 hartzen dute. Turismoa gorantz doan sektorea da. Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak zenbait neurri jarri dute abian, helburu nagusia banku pribatuak zabaltzea eta zerga sistemaren erreforma bultzatzea dutenak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e Syria. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2017-01-03).
  2. Syria an Ancient Pearl, the Cradle of Civilizations where history began. homsonline.com (Noiz kontsultatua: 2017-01-04).
  3. Kadri, Ali. Ancient Syria and Mesopotamia, Cradle of Civilization. From Ancient to Modern Mashriq. globalresearch.ca (Noiz kontsultatua: 2017-01-04).
  4. Syria. weatheronline.co.uk (Noiz kontsultatua: 2017-01-04).
  5. Suny, Ronald Grigor; Muge Gocek, Fatma; Naimark, Norman M.. A Question of Genocide: Armenians and Turks at the End of the Ottoman Empire. Oxford University Press, books.google.es (Noiz kontsultatua: 2017-01-04).
  6. a b Report of the Commission Entrusted by the Council with the Study of the Frontier between Syria and Iraq. (Noiz kontsultatua: 2013-07-08).
  7. a b c d e f (Gaztelaniaz) «Siria: 10 años en guerra - El revés de los mapas - Ver el documental completo» ARTE (Noiz kontsultatua: 2020-12-24).
  8. «Siriako matxinoek al-Assaden erregimena mendean hartu dute» Berria 2024-12-08 (Noiz kontsultatua: 2024-12-08).
  9. a b Lopez, Axier. (2024-12-09). «Siriako gerra ez da amaitu» Begizta (Noiz kontsultatua: 2024-12-10).
  10. Syria Regional Refugee Response, data.unhcr.org. 2017ko urtarrilaren 3an kontsultatua
  11. Sherlock, Ruth; Samaan, Magdy. Christians flee Syria village that speaks the language of Jesus. telegraph.co.uk (Noiz kontsultatua: 2017-01-03).
  12. International Religious Freedom Report 2006: Syria. state.gov (Noiz kontsultatua: 2017-01-03).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]