Edukira joan

Sarraila

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sarraila
Mekanismoa

Sarraila metalezko mekanismo bat da, ipintzen dena ateetan. tiraderetan, kutxetan, autoetan eta abarretan, ireki ez daitezen eta edukia babesteko. Tradizioz, mekanismo horri giltza batekin eragiten zaio: metalezko pieza bat, eskuarki altzairuzkoa.[1]

Gaur egun, sarraila mekaniko tradizionalez gain, beste sistema batzuk erabiltzen dira ateak eta enparauak itxi eta irekitzeko, sistema elektromekanikoak edo elektronikoak; halakoetan, ohiko giltzaren ordez plastikozko edo PVCzko txartel bat erabili ohi da gehienetan.

Sarrailaren aurrekaria morroiloa da, Neolitoan gertatutako sedentarismoaren garaian, lehenengoz orduan sortu baitzen bizitokietako ateak itxita lagatzeko beharra:

  • Morroiloaren bitartez hasi ziren, lehenengoz, ateak segurtatzen: egurrezko zurtoin soil bat zen, erlaitz finko batean trabatuta gelditzen zena, atea kanpotik irekitzeko modurik egon ez zedin. Egiptoarrek asmatu zituzten morroiloak, K.a. V. mendean..[2]
  • Sarraila mota hura aise ireki zitekeenez, egurrezko belarri mugikor batez blokeatzen hasi ziren; hala, sarraila sortu zen.
  • Belarria desblokeatzeko, hortz bat (burdinazko gider bat) ezarri zen. Gero, ondorio bidez, ulertu zen gider horri zenbait hortz eginez gero belarri bat baino gehiago altxa zitzakeela; horrela jaio zen giltza.
Dogon (Mali) herriko sarraila eta giltza.

Brontze Aroan agertu ziren lehenengo sarraila metalikoak. Sarraila haiek atearen barruko aldean finka zitezkeen, eta, brontzezko giltza batekin, kanpotik sarraila zulotik itxi zitezkeen.[3] Metalezko sarraila neolitiko zelta (brontzezkoa, kobrezkoa) aldatu egin zen malgukia txertatu zenean eta, horren ondorioz, translazio hortzak asmatu zirenean. Erromatarrek burdinaren eta metalen forjaketa lana menderatu zutenez, garai hartan asmatu ziren sarraila lakoniar[4] deritzona asmatu zuten, eta, gero, errotazio sarraila, funtsean gaur egun erabiltzen direnen gisakoa.[5]

Aro Modernoan, Linus Yale estatubatuarrak sarraila zilindrikoa asmatu zuen; 1861ean, giltza lau batez eragin zitekeen lehenengo sarraila zilindrikoaren ―gaur egun erabiltzen direnen antzekoa― patente bat jarri zuen. Yaleren sarrailan, giltzak malguki batzuk igoarazten ditu neurri desberdinetaraino. Konbinaketak, bai malguki zenbakian eta baita igoera neurrian ere, ia mugagabeak dira

Eliza bateko atearen sarraila zuloa.

Begi izeneko zulotik sartzen da sarrailan giltza. Begi hori sarrailako mihiaren erdialdean egon ohi da, neurri txikikoa eta, beraz, eramangarria. Giltzak, sarraila begian ahokatzeaz gain, ireki edo ixteko mekanismoa eragin behar du. Gaur egun, zerra hortzen edo puntu hortzen giltzak dituzten buruxka mekanikodun sarrailen % 80 inguruk ez dute jada segurtasunik eskaintzen, Internet bidez bumping eta gisako teknikak hedatu direnez geroztik. Teknologiak sarrailei aplikatutako irtenbideak eskaintzen ditu, benetako segurtasuna ematen dutenak, hala nola zilindro elektronikodun sarrailak, giltza elektromekanikoekin.

Bestalde, zerra hortzeko giltzadun sarraila sistemak baino seguruago dira, gaur egun, gider bikoitzeko sarrailak.

Gider biko sarrailak irekitzeko, diametralki aurrez aurre dauden hortzak dituzten giltzak erabiltzen dira. Gider bikoitzeko giltzetan, gider baten azken alea, beste giderraren lehen hortzaren baliokidea da.

Sarrailak egin, konpondu edo instalatzeko langintza sarrailagintza da eta lanbide hori egiten duena sarrailagilea da.[1]

Sarraila baten zatiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sarraila zahar baten barrualdea.
Sarraila bat, Ulmeko etxe batean.

Sarrailaren mekanismo guztia burdinazko kutxa ijeztu itxi baten biltzen da. Kutxa horrek hondo angeluzuzenak ditu, eta horren gainean ertz etzanak edo tolestuak daude. Morroiloa pasatzen ez den hiru ertzei trenkada esaten zaie.

Sarrailako kisketa giltzarri batek mugitutako morroilo moduko bat da. Morroilo burua sarrailatik irteten den zatia da. Morroiloak, alde batetik, giltzak lan egiten duen zati irtenak edo larakoak ditu, eta, bestetik, arrakala batzuk non malgukiaren finkatzailea erortzen baita, ezinbestekoa morroiloa bere lekuan atxikitzeko eta giltzak eragin gabe mugi ez dadin. Giltzak, bizar batetik morroiloa bultzatzearekin batera, malgukia altxatu eta finkatzailea bere lekutik ateratzen du.

Morroiloa sinplea, zati bakarrekoa, izan daiteke edo eskuarekoa, zenbait hortz dituena. Sarrailaren barruan, giltzaren ebakinetan sartzen diren pieza inguratu batzuk daude, giltzaren hortzetan ahokatzen direnak; horrela, behar diren koskak ez dituzten giltzarrien mugimenduari aurre egiten diote.

Giltzaren zatiak dira: eraztuna, eskuarekin eragiteko buru zabala; geldigailua, sarraila zuloan giderra sartzerakoan muga egiten duena; eta giderra, hortzak edo ale borobilak dituen besoa.

Giderrak zenbait hozka edo hutsarte izan ohi ditu, eredu edo erabide desberdinekoak izan daitezkeenak, sarrailako barne larakoei eragiteko.

Sarrailaren enbor edo morroiloak ez du beti zulo zilindriko da; batzuetan, hirusta edo txuzo itxura izaten du. Zuloa sarrailaren barne larakoekin bat dator, eta kutxa ijeztuari sendotasunez itsatsita egon ohi da.[6]

Sarrailagintza Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sutegiko lana

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bai Euskal Herrian, baita Europako beste herrialde askotan ere, sarrailagilearen lanbidea zen sarrailak, giltzarrapoak, burdin hesiak, barandak eta, oro har, sutegian landu beharreko bestelako piezak egiteko arduradun. Alabaina, sarrailak gero eta mekanismo konplexuagoak bihurtu zirenez, alde batetik, sarrailagileak, eta, bestetik, errementariak bereizten hasi ziren.[7]

Sarrailagileak eta armagileak, eskulangileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tradizioz, sarrailagintza forjaketa lanbideekin lotuta zegoenez, Europa osoan herrialdeen zona jakin batzuetan kontzentratzeko joera izan zuen. Euskal Herriari dagokionez, armagintza Debagoieneko eskualdean garatzearekin batera gertatu zen sarrailagintza ere eskualde berean hasi zen, XVI. mendean.[8]

Unión Cerrajera enpresaren omenezko harria, Arrasaten.

Sarrailen eta lehen su armen mekanismoak, alde askotatik begiratuta, antzekoak zirenez, bi langintzak ia lanbide bakartzat jotzen ziren, funtsean antzeko prozedurak eta tresnak erabili behar zituztenez. Sarrailagintza molde industrializatuan ekoizten hasi arte, XIX. mende bukaeran, sarrailen eta antzeko gailuak eskuz egiten ziren osorik. Burdina edo beste metalak karrakarekin lantzen ziren; ezinbesteko beste lanabes batzuk ziren mailua, zizela, bedana eta terraila, besteak beste. Sarrailagileak lan mahai bat izan ohi zuen, gainean tornuzil birakari batekin[9] eta ingude batekin.[10]

Ekoizpen industriala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarraila molde industrialez ekoizten hasi ziren Euskal Herrian, XIX. mendearen amaieran, Yaleren sarraila asmatzearekin batera.

Industria ekoizpen horren erakusle handiena Arrasateko Union Cerrajera enpresa izan zen. 1906an sortu zuten Vergarajauregui, Resusta y Cia (1869an eratua) eta La Cerrajera Guipuzcoana (1901ekoa) enpresek bat egin ondoren.[11] Ekoizpena ia guztiz eskulanean oinarrituta jarraitu bazuen ere 1914ra arte, 1930eko hamarkadan milatik gorako sarraila eredu eskaintzen zituen.[12]

Arrasateko sarrailagintzak ospe handia hartu zuen XX. mende osoan, nahiz baziren beste enpresa sarrailagileak inguruan, Debabarreneko eskualdean. Juan San Martin euskaltzainak esaera hau bildu zuen, Eibarren burdin langintzaren hiztegi berezia biltzen aritu zenean:[13]

« Eibar’en be eitxen dira ate-morrolluak baña Mondrao’kuak fama geixao dake »



 

 

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b «Euskaltzaindiaren Hiztegia > sarraila» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-31).
  2. (Frantsesez) Guillemette Andreu et al. (2002). Les artistes de pharaon: Deir el-Médineh et la Vallée des Rois. Paris: Réunion des musées nationaux ISBN 978-2711844494. (Noiz kontsultatua: 2023-06-03).
  3. (Frantsesez) Michael Bübl. (2017). Savoir deverrouiller toutes les serrures Tous les secrets de l'ouverture des serrures. München: BookRix ISBN 978-3743801356. (Noiz kontsultatua: 2023-06-03).
  4. (Frantsesez) «Les serrures, clés et coffres de la nécropole gallo-romaine de Pontarion (Creuse) :» web.archive.org 2021-12-09 (Noiz kontsultatua: 2023-06-03).
  5. (Frantsesez) «Artisans et savoir-faire des Gaulois» Dossiers d'Archéologie (web.archive.org) 335 2009 ISSN 1141-7137. (Noiz kontsultatua: 2023-06-03).
  6. Diccionari d'arts i manufactures, Francisco de Paula Mellado. 1857
  7. «Sarrailagileak:> Aurkezpena» Antzinako lanbideak (web.archive.org) 2022-09-26 (Noiz kontsultatua: 2023-06-03).
  8. «Sarrailagileak eta armagileak» Antzinako lanbideak (web.archive.org) 2023-06-03 (Noiz kontsultatua: 2023-06-03).
  9. «Zurgintza Hiztegia» web.archive.org 2023-06-03 (Noiz kontsultatua: 2023-06-03).
  10. «Sarraileak > Artisau prozesua» Antzinako lanbideak (web.archive.org) 2023-06-03 (Noiz kontsultatua: 2023-06-03).
  11. Gipuzkoako Foru Aldundia - Kultura. (2023-06-04). Unión Cerrajeraren sorkuntza eta hasiera. web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-04).
  12. «Sarrailagileak > Industrializazioa» Antzinako lanbideak (web.archive.org) 2023-02-07 (Noiz kontsultatua: 2023-06-04).
  13. Juan San Martin. (1958). «Eibar-en erabiltzen diran burdin langintzako itz teknikoak» Euskera (Bilbo: web.archive.org) 3: 141-158. (Noiz kontsultatua: 2023-06-04).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]