Edukira joan

Kontinente-ertz

Wikipedia, Entziklopedia askea

Kontinente-ertza lurrazal kontinentalaren eta lurrazal ozeanikoaren arteko muga definitzeko erabiltzen den terminoa da. Litosfera kontinentalaren eta litosfera ozeanikoaren arteko muga zehaztea oso zaila da sedimentuz estalia edo guztiz deformatuta dagoelako beraz, ikusten den trantsizioari deritzo kontinente-ertz. Ozeanoetako hondoa osatzen duten hiru zonaldeetako bat da, besteak ozeano gandorrak eta lautada abisalak izanik. Kontinente-ertzen morfologia, ezaugarri tektonikoen arabera lau mota nagusi bereizten dira: ertz egonkorrak, ertz konbergenteak, ertz transformatzaileak eta arkuoste-ertzak[1].

Ertz egonkorrak edo atlantiar motakoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kontinente-ertz egonkor ez-bolkaniko baten egitura orokorra adierazten duen profila. Barne egitura simplifikatu egin da faila normalen sistema konplexuetaz osatuta daudelako; horretaz gain faila normal hauek estalki sedimentarioan errotuta egon daitezke, sinrift sedimentuetan. Kanpo egiturari dagokionez hiru eremu bereizten dira: Kontinente-plataforma, kontinente-ezponda eta kontinente-glazisa. Ez da eskala errespetatzen.

Kontinente-ertz egonkorrak edo pasiboak, aktibitate tektoniko adierazgarririk gabeko (lurrikara handiak, bolkanismoa…) kontinente-ertzak dira. Mota horretako ertzen sorrera lurralde baten rifting prozesuarekin eta ondorengo ozeanoaren zabaltzearekin lotzen da, ozeanoa zabaltzen doan heinean, ertz egonkorrak sistema sedimentario moduan progradatzeko joera edukitzen du. Ertz egonkorrak arro sedimentario guztiak bezala subsidentzia jasaten du eta sekuentzia sedimetario lodiak pilatzeko kapaz da; sedimentu sekuentzia hauetan, karbonatozko sedimentuak zein detritikoak aurkitu daitezke, sinrift (riftaren garaiko sedimentuak) eta postrift (riftaren osteko sedimentuak) sedimentuetan banatu daitezkenak[2]. Ertz-egonkorren morfologiak oso desberdinak izan daitezke, hala ere tipikoki hiru eremu bereizten dira, kosta-lerrotik lautada abisaleraino doazenak: kontinente-plataforma, kontinente-ezponda eta kontinente-glazisa. Ertz egonkorretako deformazio egitura nagusienei dagokionez, sedimentu estalkian zein azpiko basamentuan garatutako faila normalen sistemak dira. Kontinente-ertz egonkorren adibide adierazgarrienak ozeano Atlantikoaren inguruan garatutakoak dira. Magmen agerpenaren arabera ere bi mota bereiztu daitezke: ertz egonkor-bolkanikoak eta ez-bolkanikoak.

Kontinente-ertz ezegonkor baten profil simplifikatua. Lurrazal ozeanikoaren subdukzioaren eraginez topografikoki nabarmenak egiten dira. Ez da eskala errespetatzen

Ertz konbergenteak edo andear motakoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plaken arteko konbergentziaren eraginez ozeano-litosfera kontinente baten azpitik subduzitzen denean garatzen dira kontinente-ertz konbergenteak. Ertz honen sorrerak topografikoki inpaktu handia eragiten du: subdukzio eremuan garatutako fosa ozeanikoa sakonarengatik (2 kilometro eta 16 kilometro arteko sakonera dutenak aurkitu dira) eta baita kostaldetik 100-200 kilometrora eratutako arku magmatikoarengatik (5-6 km-ko garaierak)[1]. Hego-Ameriketako mendebaldeko kostaldean garatzen da kontinente-ertz konbergenteen adibiderik adierazgarriena.

Ertz transformatzaileak edo kaliforniar motakoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ertz transformatzaileak ez dira oso ugariak izaten, horrelakoak sortzeko beharrezkoa da plaken arteko muga transformatzaile bat litosfera ozeanikoaren eta litosfera kontinentalaren arteko trantsizioan garatzea. Ertz transformatzaileetan topografiaren aldaketa nabarmenak gertatzen dira; faila transformatzaileen bitartez kontinente-ertz irregularretako puntak moztu eta hauek mugitu egin daitezke ozeano arro eta kontinente zatien txandakatze nahasiak sorraraziz[1]. Gaur egungo adibiderik onena, Point Reyes National Seashore, San Andresko faila itsasoratzen den tokian ikus daiteke, Kaliforniako estatuan, Amerikako Estatu Batuetan.

Arkuoste kontinente-ertzak edo Japoniako itsasoko ertzen motakoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arkuoste-ertzak garatzeko beharrezkoa da ertz konbergente bateko plaka zamalkatzailearen arkuosteko estentsio-esfortzuen eraginez kontinente zati bat banatzea eta bien artean ozeano gandorra duen itsasoa garatzea[1]. Adibidez, Japonia Asiako kontinentetik bereizitako kontinente-lurrazaleko zatia da eta bien artean Japoniako itsasoa garatu da; horrela alde batean ertz egonkorra eta bestean ertz konbergentea garatzen dira. Mota honetako ertzen eremu egonkor zein ezegonkorrek aurretik bakoitzarentzat deskribatutako ezaugarri guztiak gordetzen dituzte.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d Apraiz Atutxa, Arturo, 1967-. (2005). Plaka-tektonika : lurraren funtzionamendua ulertzeko teoria. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 8484380750. PMC 433323972. (Noiz kontsultatua: 2019-05-02).
  2. Nichols, Gary.. Sedimentology and stratigraphy. (Second edition. argitaraldia) ISBN 9781405135924. PMC 259754358. (Noiz kontsultatua: 2019-05-02).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]