Edukira joan

Italiar faxismo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Italiako Alderdi Nazional Faxistaren ikurra

Italiar faxismoa XX. mendearen lehen erdian zehar Italian eman zen mugimendu politiko eta sozial totalitarioa da, nazionalismoa eta autoritarismoa oinarritzat zituena. Lehen Mundu Gerraren eta Bigarrenaren arteko garaian kokatzen da, non gerraosteko giro nahasia eta italiar testuinguruko borrokek ezker eta eskuinaren talka eragin eta erregimen faxista bat ezarri zuten.

Lehenengo Mundu Gerraren ondorengo garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo Mundu Gerraren ondorengo urteak ez ziren inondik inora ere errazak izan: Europa gizon desmobilizatuz beteta zegoen, gizon urduriz eta lanik gabekoz betea. Gainera, gerra garaian lanez lepo egondako fabrikak ez ziren gai lehenago zuten ekoizpenera itzultzeko: gehiegi ekoizten zuten eta ez zuten ekoiztutako guztia saltzen. Hori gutxi ez eta elikagai falta izugarria zegoen; Europako ekonomiak ez zuen orekarik aurkitzen.

Gerra osteko lehenengo urteetan demokraziak ezarri ziren Europako lurralde askotan, baina egoera ez zen erraza izan eta alderdien arteko hausturak geroz eta nabarmenagoak izan ziren: bazeuden erreformen alde zeuden sozialistak, klase borrokaren alde egiten zuten komunistak, indarra galtzen ari ziren alderdi liberalak eta nazionalista sutsuak. Italiaren kasuan, kaleko indarkeria eta basakeria eta ezker alderdien eta eskuin alderdien arteko talkak nabarmendu ziren.[1]

Faxismoaren ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Faxismoa ideologia totalitario eta antidemokratiko bat da, zeinaren helburua Estatu autoritario bat sortzea den, baina ez baitezpadako oinarri tradizional batzuen gainean, molde askotatik etorritako adarretatik baizik. Korronte ideologiko batzuen aldeko jarrera baino gehiago izan du oinarri beste ideologia batzuen arbuiatzea: ilustrazioa, arrazionalismoa, demokrazia, parlamentarismoa edo pluralismo politikoa esaterako; eta plano politikoan, liberalismoaren eta komunismoaren aurkakotasuna du euskarri. Historikoki ideologia honek arrakasta eduki duen lekuetan diktadurak ezarri dira. Alor ekonomikokoari dagokionean, helburua egitura ekonomiko nazional integratu, erregulatu eta pluriklasista bat sortzea da, zentralismo nabarmenarekin eta erabakimen totalitarioarekin.[2]

Badira erregimen faxista orok konpartitzen dituen ezaugarri batzuk, arlo teorikotik praktikoraino, faxismoa nolakoa den ulertzen laguntzen dutenak. Batetik, karisma handiko liderrak izan ohi dituzte erregimen faxistek, hauek mugimenduaren zentroan jarri eta botere guztia haren esku uzteraino, harekiko obedientzia eta mendekotasun itsua ezarriz. Horrez gain, banakoen gainetiko Estatuaren, indarkeriaren eta berdintasunik gabeko gizartearen -eta hortaz, maskulinitatearen- gorespena dira faxismoaren ezaugarri garrantzitsuetako batzuk, gaztaroarekiko exaltazioarekin batera, bizitzako beste faseen gainetik jarriz. Arrazakeriazko jarrerak dituen nazionalismoaren indartzean ere hartzen du leku faxismoak, beste herrialdeekiko zapalkuntza eta hedatze-estrategien aitzakiapean egindako erasoak justifikatzeraino. Azkenik, masen mobilizazioa ere antolatua izaten da, beti ere erakundeen bitartez bultzatzen den norbanakoen parte-hartzearen bidez.

Halako eta bestelako hainbat ezaugarrik osatzen dute faxismoaren espektro ideologikoa, autoritarismo eta antidemokratismo gorenean oinarrituta praktika zehatzak egiteko boterea eta kontrola gainjarriz. Funtsean, praktika batzuek edo besteek oinarrian dagoen ideologia errealitateratzea dute helburu, hura indartuko duten ekintza guztiak babestuko dituztelarik.[3]

Italiar estatu faxistaren garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo Mundu Gerraren hasieran, 1914an, Italiako gobernuak herrialdea neutral mantenduko zela adierazi zuen. Nolanahi ere, alemanen lehen porrotak ikusi ostean, italiar nazionalistek gobernu zentralari gerran sartzeko presioa egin zioten, horrek gerra ostean italiar inperioa zenbait lurralde berritara zabaltzeko aukera emango zielakoan.

Arlo politikoan, aipagarria da gerraren testuinguruan alderdi sozialistaren barnean gertatutako zatiketa: batzuek gerraren aurkako jarrera hartu eta proletagoaren iraultza sustatu nahi zuten, hots, neutral mantendu nahi zuten; beste batzuek, aldiz, gerran sartzeko aukeraren alde egin zuten. Alderdiaren barneko haustura hori italiar gizartean bertan islatzen zen, bi posizio nabarmen baitzeuden italiarren artean ere. Nolanahi ere, azkenean, Italia gerran sartu zen 1915ean. Diputatuen Ganberak nagusitasunez baina enfasi handirik gabe bozkatu zuen gerlaren alde, baina gobernuak erabateko eragina eduki zuen erabaki horretan, baita esku-hartzaileek sortutako beldurrak ere. Gerraren aurrean Italiak izandako kudeaketa kaxkarrak, elikagai eskasiak, gerrako estraperloak eta Errusiar Iraultzak sozialisten aktibazioa ekarri zuen eta horiek gobernuaren aurkako ekintza ugari egiteaz gain, jende askoren ahotsa bilakatu ziren garai hartan. Gerra amaitu zenean, Ententeko kideek, mundu gerran garaile suertatutako herrialdeetako ordezkariek, Parisko Bake Biltzarra sinatu zuten eta bertan, Italiak ez zituen eskuratu Enteteko kideekin 1915ean Londresko Itunean adostutako lurraldeak. Horrek haserrea sorrarazi zuen herrialde italiarrean.[4]

Monarkia parlamentarioaren garaia (1919-1925)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1919tik 1920 arteko garaiari “urte gorriak” deritze. Horietan sozialistek greba eta mugimendu ugari antolatu zituzten gobernuaren aurka: fabriken aurkako ekintzak egin ziren eta greba orokorrak antolatu ere bai.

Egoera ikusirik, Benito Mussolinik (Avanti! egunkari sozialistaren zuzendari izandakoa eta 1914an Italiako alderdi sozialistarekin harremanak hautsi zituena) 1919ko martxoaren 23an Fasci di Combattimento talde paramilitarra sortu zuen. Hasierako programak nazionalismo sutsua eta sindikalismo iraultzailea erkatzen zituen, horrela, eskuineko sozialisten, sindikalisten eta erdian kokatzen ziren alderdien babesa lortuko zutelakoan, alabaina, 1919ko hauteskundeetan ez zuen batere emaitza onik lortu Mussoliniren alderdiak. Ondorioz, eskuin muturreko talde izaera hartu zuen Fasci di Combattimentok eta sozialismoarekin lotura zuten elementuak programatik ezabatu zituzten. Hori gutxi ez eta Mussolinik “libre cambio” aldarrikatu zuen. Aldaketa horien ondorioz, Mussolinik zenbait ofizial eta eliteko militar bildu zituen bere inguruan, zeintzuek mugimendua militartu, erradikalizatu eta biolentoago bihurtu zuten. Garai hartako burgesen finantzazioa ere jaso zuen Mussolinik. Horren ondorioz eta alderdia geroz eta eskuinekoagoa zela ikusirik, Mussolinirekiko mesfidantza nagusitu zen alderdia osatzen zuten baina ezkertiar faxistak zirenen artean. Fasciek indarrezko ekintza ugari egin zituzten hasierako etapa hartan: sindikatuak ikaratu zituzten eta nekazal kooperatiben aurka jo zuten.[4]

1921eko hauteskundeen ostean tentsioa nabarmena zen gobernu zentralaren eta faxisten artean: faxistek geroz eta botere gehiago zuten eta sutsuki egiten zieten kontra sozialistei. Testuinguru horretan, 1921ean Alderdi Nazional Faxista sortu zuten Mussolinik eta haren ingurukoek. Gainontzeko alderdi antifaxistek ez zuten elkartzerik lortzen eta sozialisten indarra geroz eta murritzagoa zen faxisten boterearen aurrean. Mussolini Italiako politikariekin negoziazioetan ari zen bitartean, Erromarako Martxa deritzon estatu kolpea diseinatzen ere ari zen. Luigi Factak, garai hartako Italiako behin-behineko gobernuaren gidaritza zeramanak, pentsatu zuen Mussolini politikariekin izaten ari zen elkarrizketa horiek krisi politikoa apaltzearen seinale zirela. Alabaina, urri amaiera aldera faxistek estatu kolpea jo zuten. Gaizki antolatutako esku-hartze militarra izan bazen ere, ejerzitoko kideek, politikariek nahiz erregeak bat egin zuten Mussolinirekin; odolaren eta anarkiaren aurrean alternatiba bakarra Mussolinik zuzendutako gobernu bat zela sinetsita.[4]

Mussolinik gehiengo faxistarekin osatu zuen gobernua, oraindik ez baitzen behar bezain indartsua diktadura bat ezartzeko. Nolanahi ere, diktadurarako lehen pausuak urte horretako abenduan eman zituen. El Gran Congreso Fascista sortu zen urte hartan, itxuraz, gobernuaren eta alderdi faxistaren arteko harremana errazteko, baina oso azkar indar handia hartu zuen gabinetean kongresu hark. Era berean, Mussolinik alderdi komunistako kideak atxilotu zituen eta momentu hartatik aurrera klandestinitatean jardun behar izan zuten komunistek.

1924an hauteskundeak egin ziren eta faxistek gehiengo absolutua lortu zuten, horretarako mehatxua eta indarkeria erabili bazituzten ere. Mussoliniren alderdiak emaitza hobeak izan zituen hegoaldean iparraldean baino. Alderdi sozialistaren buruak, Giacomo Matteottik, hauteskundeak salatu zituen iruzurra eta manipulazioa egon zirela esanez. Egoera ikusirik, faxistek Matteotti bahitu eta hil egin zuten. Parlamentua faxistek gobernatzen zutela ikusirik, erregimena aldi berri baten atarian zegoen. Ekainaren 12an oposizioko diputatuek Parlamentua uztea erabaki zuten eta esan zuten ez zirela itzuliko konstituzioak xedatutakoa betetzen ez bazen. Oposizioko kideek ez zuten parlamentu alternatiborik eraiki, ezta aliantza onik ere; beraz, faxistek indar handia izaten jarraitu zuten. Faxista askok pentsatzen zuten Mussolini jarrera bakegileegia izaten ari zela eta bazela ordua diktadura faxista ezartzeko. Gizartearen aldetik jasotzen ari zen mehatxuen aurrean eta muturreko faxisten jokabidearen beldur izaki, Mussolinik Estatu Totalitario Faxista ezarri zuen 1925ean.

Diktadura garaia (1925-1939)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mussolinik pixkanaka ezarri zuen diktadura. Lehenengo, gobernutik kanporatu zituen faxistak ez ziren ministroak; martxoan, Roberto Farinacci faxista erradikala ezarri zuen alderdi faxistaren buru eta zenbait atxiloketa egin zituzten. Hori gutxi ez eta urrian Partito Socialista Unitario alderdia debekatu zuten eta Antonio Gramsci, komunisten liderra, kartzelaratu zuten. Italia alderdi bakarreko herrialde bihurtu zen; nolanahi ere, Mussolinik bazuen zeregina. Bera diktadore izan arren, monarkiak jarraitu egin zuen. Diktaduran zehar, barne-politika bat eta kanpo-politika bat jarri ziren martxan.

Benito Mussolini

Barrura begira zenbait erabaki hartu zituen diktadoreak. Hasteko, gobernuak ekonomian parte hartuko zuela erabaki zuen, helburua autarkia lortzea baitzen, hots, Italiako herritarrek ekoizten zutenarekin herritarren beharrak asetzeko aski izatea. Bigarrenik, maila sozialean, Mussoliniren helburua gizartea kontrolatzea eta gidatzea izan zen, eta horretarako, demografiaren hazkundea bultzatu zuen, hezkuntza eta kulturaren gaineko kontrola ezarri zuen eta herritarrak erakunde faxistetan afiliatzeko neurriak hartu zituzten. Azkenik, arlo politikoari dagokionez, demokrazia askatasunak kenduz amaitu zen, parlamentua deseginez, oposizioko kideak espetxeratuz eta polizia politikoa sortuz; botere guztia Mussoliniren esku gelditu zen eta klase-sindikatuak desegin egin ziren.

Kanpora begira, elizarekin harremanak berreskuratu zituen Italiak (Italiako batasunetik hautsita zeudenak) Mussoliniren eta Aita Santuaren arteko akordioa sinatuz. Akordio horren bidez, elizak estatu faxista onartu zuen eta estatuak eliza babestuko zuela esan zuen. Horrez gain, hedapen-politikak abian jarriz, 1935ean Abisinia (Afrika) erasotu eta bereganatu zuen Italia faxistak. Frantziak eta Britainia Handiak erasoaldi hura salatu zuten.

1936. urtetik aurrera, Italia Hitlerren Alemaniarengana hurbildu zen. Ondorioz, Berlin-Erroma ardatza eratu zen eta Italiak, Alemaniak eta Japoniak Sobietar Batasunaren aurkako akordioa sinatu zuten.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Briggs, Asa. (2000). Historia contemporánea de Europa : 1798-1989. (1. ed. argitaraldia) Crítica ISBN 84-8432-109-6. PMC 45292395. (Noiz kontsultatua: 2021-05-24).
  2. Payne, Stanley G.. (2014). El fascismo. (3ª ed. argitaraldia) Alianza Editorial ISBN 978-84-206-8330-0. PMC 871800147. (Noiz kontsultatua: 2021-05-24).
  3. MGH, Mundu garaikidearen historia, Batxilergoa : 3Dikasgela. (1. argit. argitaraldia) Vicens Vives 2015 ISBN 978-84-682-3251-5. PMC 952988253. (Noiz kontsultatua: 2021-05-24).
  4. a b c Kitchen, Martin. (D.L. 1992). El período de entreguerras en Europa. Alianza Editorial ISBN 84-206-0693-6. PMC 433859901. (Noiz kontsultatua: 2021-05-24).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]