Hezurdura
Hezurdura edo eskeletoa organismoaren estruktura eusten duen gorputzaren atala da. Halaber, gorputzaren hezurrek sortzen duten armazoi gogorra da, forma, babesa eta euskarria ematen diena ehun bigun, gihar eta organoei.
Hainbat hezurdura mota daude: exoeskeletoa, organismoen kanpoko azal egonkorra; endoeskeletoa, gorputz barruko estruktura osatzen duena; hidroeskeletoa, eta zitoeskeletoa.
Bestalde, eskeletoak edo hezurdurak, gihar-sistema eta nerbio-sistemaren zati batekin batera lokomozio-aparatua osatzen du, hau da, giza gorputza mugitzea ahalbidetzen duen aparatua.
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hezurdura edo eskeletoa antzinako grezieratik dator: σκελετος, skeletos = "gorputz lehortua", "momia"[1], eta latinez sceletus “momia, eskeletoa”, sceleton “gorputzeko hezurrak”. Aipatzekoa da hitz hau (σκελετος) Platon filosofo greziarrak (427-347 k.a.) erabili zuela bere lanetako batean.
Motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bi eskeleto mota daude: solidoa eta hidroeskeletoa edo fluidoz beteta dagoena. Solidoaren barruan kanpo hezurdura (exoeskeletoa), barne-hezurdura (endoeskeletoa), malgua eta zurruna daude. [2]
Solidoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Exoeskeleto edo kanpo-hezurdura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Exoeskeleto edo kanpo-hezurdura, organismoaren kanpoaldean dagoena. Kanpo-hezurdurek tamaina bereko endoeskeletoek baino pisu gutxiago mantentzen dute, horregatik ornodunek barne-hezurdura dute, handiagoak baitira (animalia urtar handi batzuk exoeskeletoa dute ur azpian pisu gutxiago mantendu behar dutelako). Exoeskeletoa ornogabe askok daukate, hala nola intsektuek (kilkerrek, labezomorroek), krustazeoek (karramarroek, otarrainek) eta moluskuek (barraskiloek, txirlek). Koralen kaltzio karbonatozko estalkia ere exoeskeletoa da. Exoeskeletoak jatorri ektodermikoa du eta osatzen duten elementu zurrunek eta sendoek zenbait funtzio bete behar izaten dituzte, hala nola gorputzeko ehun eta organoak estaltzea, babestea, eustea, iraiztea, zentzumena, elikatzea, forma lehortarretan deshidratazioa eragoztea, giharrak eranstea eta ingurunearekin elkarregitea. Konposizioari dagokionez, hainbat elementu aurkituko ditugu exoeskeletoan, hala nola kaltziozko mineralizazioak, knidario, ekinodermatu, molusku eta zenbait poliketotan; siliziozkoak, diatomea eta erradiolarioetan; kitina, artropodoetan; eta hezur eta kartilagoak, zenbait ornodunetan —ostrakodermo- eta plakodermo-fosiletan eta egungo dortoketan—. [2][3][4]
Endoeskeleto edo barne-hezurdura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Endoeskeleto edo barne-hezurdura, organismoaren barnealdean dagoena. Endoeskeletoak, gehienetan, mesodermoan du jatorria, eta animaliaren gorputza eusten du eta egitura eta forma ematen die. Ornodunetan da nagusi. Kordatuek eta ekinodermoek daukate horrelako eskeletoa. Ornodunetan bi ehun klasek osatzen dute: hezurrek eta kartilagoek. Hezurrak mineralizatutako edo osifikatutako egiturak dira eta kartilagoak hezurren osagarriak dira (gizakien kasuan sudurrean eta belarrietan gertatzen den bezala). Barne-hezurdura giharrei esker mugituko da eta tendoi edo zurdek elkartuko dituzte hezurrak giharren sistemara (hezurrak haien artean lotailuen bidez egongo dira lotuta). [2][3][4]
Hezurdura malgua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hezurdura malgua mugitzeko kapaza da, estresa aplikatzen zaionean deformatu (gihar-uzkurdura) eta berezko formara itzultzen da (gihar-erlaxazioa). Hezurdura malguak proteinez, polisakaridoz eta urez osatuta daude eta kartilagoak ere eduki ditzakete. Hezurdura malgua duten organismoak normalean ur azpian bizi dira, urak gorputzaren estruktura eusten baitu hezurdura zurrunak beharrean.[2]
Hezurdura zurruna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hezurdura zurruna ez da mugitzeko kapaza estresa aplikatzen zaionean, animalia lurtarretan euskarri gogorrak sortuz. Kitinaz, kaltzio karbonatuz edo silikatoz osatuta egon daitezke. Ur azpian bizi diren animaliek hezurdura hau babesteko edo azkar igeri egiteko giharrei euskarri handiagoa emateko erabiltzen dute.[2]
Hidroeskeletoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hidroeskeleto edo hezurdura hidrostatikoa, fluidoz beteriko barrunbe bat da, zelomatikoa edo pseudozelomatikoa, giharrez inguratua dagoena. Eskeleto-sistema sinpleena da. Fluidoaren presioak eta giharren ekintzak gorputzaren forma aldatu eta mugimendua sortzen dute. Izan ere, espazio itxian bildutako fluidoek bolumen zehatza betetzen dute, eta espazio horri forma jakina mantentzen laguntzen diote; beraz, kanpo-presioei sendoago edo ahulago eusten diete, barrunbea bera osatzen duten egituren ezaugarri fisikoen arabera. Horrela, barrunbeen bolumena ez da aldatzen, eta kanpoko presioek forma-aldaketak soilik eragin ditzakete. Ekinodermo, anelido, nematodo eta beste ornogabe batzuen lokomozioan parte hartzen du.[4]
Hezurdura duten organismoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ornogabeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekinodermo eta marmoka edo lur-zizareak bezalako gorputz biguneko beste ornogabe batzuen endoeskeletoa hidrostatikoa da. Gorputz barrunbea, hau da, zeloma, fluido zelomikoz beteta dago eta fluido honen presioak inguruko giharrekin batera lan egiten du organismoaren itxura aldatzeko eta mugimendua eragiteko.
Belakiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Belakien hezurdura kare- edo silize-espikula mikroskopikoz osatuta dago. Demospongiae klaseak belaki espezie guztien %90a hartzen du. Haien hezurdura espongina proteinaren zuntzak, silize minerala edo biak dituzten espikulaz osatuta dago. Silize-espikulak agertzen direnean, beira-belakien itxura desberdina dute.[5]
Ekinodermoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekinodermoen hezurdura, kaltzita minerala eta magnesio oxido kantitate txiki batez osatuta dago eta epidermisaren azpian kokatzen da, mesodermoan. Hezurdurak osatzen duen egitura porotsua da; hortaz, aldi berean sendoa eta arina da. Karedun hezur-xafla txiki batzuekin batera fusionatzen da, zeintzuk norabide guztietan haz daitezke; beraz, gorputz atal baten galera ordezkatu dezakete (itsas izarra, adibidez). Bestalde, giltzaduren bidez lotuta, hezurduraren atal bakoitza giharren bidez mugi daiteke.
Ornodunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ornodun gehienetan, hezurduraren osagai nagusiari hezur deritzo. Hezur hauek animalia mota bakoitzerako hezur-sistema edo hezurdura bakarra eratzen dute. Beste osagai garrantzitsu bat kartilagoa da, zeina ugaztunetan batez ere giltzadura guneetan agertzen da. Beste animalia batzuetan, arrain kartilaginosoetan adibidez (marrazoak haien artean), hezurdura kartilagoz osatuta dago erabat. Hezurduraren segmentu eredua ornodun guztietan ageri da (ugaztunak, hegaztiak, arrainak, narrastiak eta anfibioak) oinarrizko unitateak errepikatuz. Segmentu eredu hau bizkarrezurrean eta kutxa toraxikoan nabaria da.
Hezurrak, gainera, gorputza eusteaz gain, maila zelularrean kaltzioa eta fosfatoa biltzeko ere balio dute.
Arrainak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arrainen barruan euste-egitura osatzen duen hezurdura kartilagoz (kondriktioetan bezala) edo hezurrez (osteiktioetan bezala) osatuta egon daiteke. Hezurdura elementu nagusia bizkarrezurra da, arinak eta sendoak diren giltzatutako ornoz osatuta dagoena. Saihetsak bizkarrezurrera lotuta daude eta ez daude gorputz adarrik. Hezurrak giharren bidez soilik eusten dira eta hauek arrainen enborraren atal nagusiena osatzen dute. Arrainen kanpoko ezaugarririk nagusiena hegatsak dira.
Hegaztiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hegaztien hezurdura hegan egiteko moldatuta dago. Oso arina da baina aireratu, hegan egin eta lurreratzeko estresa edo tentsioa eusteko sendoa da baita ere. Moldaketa horretarako gako bat hezurren fusioa hezurtze bakarretan gertatzea da (pigostiloa, esaterako). Honen ondorioz, hegaztiek normalean beste ornodun lurtarrek baino hezur gutxiago dituzte. Bestalde, hegaztiek ez dute ez hortzik ezta benetako masailezur edo barailezur bat, horien ordez askoz arinagoa den moko bat garatu dute eta. Hegazti kume askoren mokoek arrautza-hortz izeneko irtengune bat dute, arrautza amniotikotik haien irteera errazten duena.
Ugaztun urtarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uretako ugaztunen mugimendua uretan errazteko, atzeko hankak galtzen dira (bale eta manatietan bezala) edo isats-hegats bakar batean batu (itsas txakurretan bezala). Baleetan, orno zerbikalak fusionatuta daude, igeri egiten duten bitartean egonkortasuna elastikotasunagatik ordezkatzeko.[6][7]
Gizakiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Giza hezurdura banakako eta elkarren artean fusionatutako hezurrez osatuta dago, hauek lotailu, tendoi edo zurda, gihar eta kartilagoen bidez eusten direlarik. Organoak eutsi, giharrak ainguratu eta burmuina, birikak, bihotza eta orno-muina bezalako organoak babesteko balio du.
Gorputzeko hezurrik handiena femurra da, beheko gorputz-adarren alde proximalean (izterrean) kokatzen dena; eta txikiena, bitarteko belarriko estribua.
Nahiz eta hortzek ez duten hezurretan ageri den ehunik, orokorrean hezurduraren ataltzat hartzen dira.[8]
Fusionatutako hezurren artean pelbis eta burezurrekoak ditugu. Dena dela, hezur guztiak ez dira zuzenean elkarri lotzen; bitarteko belarriko osikuluak (mailua, ingudea eta ointokia), adibidez, bata bestearekin giltzatzen dira soilik. Hioide hezurra, lepoan kokatzen dena eta mihia bertan ezartzeko balio duena, aldiz, ez da beste hezurrekin giltzatzen, gihar eta lotailuen bidez eusten delarik.
Heldu batean, hezurdura gorputzeko pisu totalaren %14 ingurukoa da[9] eta pisu honen erdia ura da. Heldu batek 206 hezur ditu. Hala ere, zenbaki hau hainbat ezaugarriren arabera alda daiteke: alde bakoitzeko pelbiseko hezurrak batera zenbat daitezke edo hiru hezur desberdin izango balira bezala (iliona, iskiona eta pubisa). Kokzixa edo uzkornoa lau hezur soltetzat har daiteke. Aldi berean, hezur sakroa normalean hezur bakartzat hartzen da, fusionatutako bost ornoen ordez. Bestalde, gehien bat zurdetan aurkitzen diren hezur sesamoideo txikien kopurua aldakorra da. Gorputzeko hezur sesamoideorik handiena patela edo errotula da (guztira bi ditugu; bat alde bakoitzean). Hau guztira zenbatzen da; hau da, hezur bakarra izango balitz bezala, jarraitua baita.
Hezur kopurua indibiduoen artean eta adinaren arabera aldakorra da; jaioberriek, adibidez, 270 hezur izan ohi dituzte[10][11][12], denborarekin hauetako batzuk hain artean fusionatzen direlarik. Izan ere, giza-hezurdurak 20 urte behar ditu erabat garatzeko.
Hezur hauek luzetarako ardatz batean antolatuta daude, ardatz-hezurdura (gorputzaren erdialdean), non gorputz-adarretako hezurdura lotzen den.[13]
Bestalde, emakumezkoen eta gizonezkoen hezurduren artean hainbat desberdintasun daude:
Gizonezkoen hezurdura, emakumezkoena baino handiagoa eta astunagoa da orokorrean. Pubis hezurren arteko angelua zorrotzagoa da; eta, horren ondorioz, gizonezkoen pelbisa borobil eta estuagoa da eta honen barneko ertza bihotz itxurakoa.
Emakumezkoen hezurduran, burezurreko hezurrak ertz gutxiagokoak dira; hau da, borobilagoak. Bularrezurra zabalagoa eta laburragoa da eta eskumuturrak argalagoak. Pelbisa zabalagoa eta ez hain sakona da haurdunaldia eta erditzea errazteko.[14][15]
Giza-hezurdurako hezurrak | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Ardatz-hezurdura |
| ||||||||||||
Gorputz-adarretako hezurdura |
|
Hezurrak eta kartilagoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hezurrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hezurrak ornodunen endoeskeletoaren organo zurrunak dira. Funtzioak organoen mugimendua, euskarria, babesa, zelula zuri eta gorrien eraketa eta mineralen metaketa dira. Hezur-ehuna ehun konektibo trinkoa da. Hezurrek hainbat forma dituzte, baina guztiek dute barneko eta kanpoko estruktura konplexua. Izan ere, arinak dira, baina oso gogorrak eta erresistenteak.
Hezurra ornodunen ehun-mota bereizgarria da; mineralizatutako ehun konjuntibo espezializatua da, eta, matrizean, kaltzio fosfatoa eta beste hainbat gatz jalkitzen dira. Garapen endokondralez eratzen diren hezurrei kartilagozko edo ordezkapenezko hezur deritze. Horiek garatzeko, kartilago bat sortzen da lehenik ehun mesenkimatikoetatik, hezurra izango denaren eredu, eta hori mineralizatu eta hezur bilakatzen da ondoren. Horrelako hezurrek jatorri mesodermikoa izaten dute. Hezur dermikoak, berriz, mesenkimaren osifikazio zuzenez eratzen dira. Gisa horretakoak dira kranioko hainbat hezur, bai eta gerri eskapular eta tegumentukoak ere. Dermiko izena ematen zaie haien jatorri mesenkimatikoa azaleko dermisean nabari delako, eta haien jatorria ektodermikoa izaten da.
Hainbat ehun motek osatzen dute hezurra; horien artean ehun mineralizatua dago, zurruntasuna eta abaraska estruktura ematen diona hezurrari, hau da, itxura porotsua. Beste mota batzuk muina, endostioa, periostioa, nerbioak, odol basoak eta kartilagoa dira.
Guztira 206 hezur daude heldu baten gorputzean[16], eta 270 ume baten gorputzean[17].
Kartilagoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Enbriogenesian hezurren aitzindaria kartilagoa da. Ondoren, substantzia hau hezurrek ordezkatzen dute haurdunaldiaren bigarren eta hirugarren hiruhilekoan, azala honen inguruan osatu eta gero. Modu honetan hezurdura sortzen da.
Kartilagoa ehun konektibo zurrun eta erresistentea da, animalia eta gizakietan hezurren artikulazioetan, kutxa torazikoan, saihetsetan, belarrian, sudurrean, ukondoan, belaunean, orkatilan, bronkioetan eta ornoen artean aurkitu daitekeena. Ez da hezurrak bezain zurruna, baina giharrak baino gogorragoa da eta elastikotasun txikiagoa du.
Kartilagoa kondrozito deituriko zelula espezializatuez osatuta dago. Zelula hauek zelula kanpoko matrize asko jariatzen dute, bigarren motako kolageno zuntzez beteta daudenak; eta elastinazko zuntz eta proteoglikano ugari dituen oinarrizko substantzia ere jariatzen dute.
Kartilagoa 3 motatan klasifikatuta dago: elastikoa, hialinoa eta fibrokartilagoa. Hiru mota hauen desberdintasun nagusia hiru osagai hauen kopuru erlatiboa da. Beste ehun konektiboek ez bezala, kartilagoak ez ditu odol basorik.
Kondrozitoak difusioz hornituak dira, kartilago elastikoaren flexioak edo kartilago artikularraren konpresioak sortzen duen ponpa akzioak lagunduta. Horregatik, beste ehun konektiboekin konparatuz, kartilagoa astiroago hazten da eta astiroago konpontzen da.
Sinbolismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mendebaldeko kulturan hezurdura sarritan heriotzaren eta paranormalaren ikur beldurgarri bezala ikusten da. Halloweeneko oporretako motibo ezagun bat da, baita Mexikon ospatzen den Hilen Eguna (Día de los Muertos) jaian ere.
Gainera, fikzioan, eskeletoa hildako bizidun bat izan ohi da, haragi ustel guztiak galdu dituena.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Oxford Dictionary of English 2nd edition. .
- ↑ a b c d e (Ingelesez) Skeleton. 2019-03-01 (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ a b «Esqueleto - EcuRed» www.ecured.cu (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ a b c «ZT Hiztegi Berria» zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-13).
- ↑ (Ingelesez) Barnes, Robert D.. (1982). Invertebrate Zoology. Philadelphia: Holt-Saunders International, 105-106 or. ISBN 0-03-056747-5..
- ↑ (Ingelesez) [Yellowmagpie.com «Beluga Whale»] Yellow Magpie (Noiz kontsultatua: 2019/03/14).
- ↑ (Ingelesez) [Whalesalive.org.au About Whales. ] (Noiz kontsultatua: 2019/03/14).
- ↑ (Ingelesez) «Skeletal System: Facts, Function & Diseases» Live Science (Noiz kontsultatua: 2019/03/14).
- ↑ (Ingelesez) William W. Reynolds, & William J. Karlotski. (1977). The Allometric Relationship of Skeleton Weight to Body Weight in Teleost Fishes: A Preliminary Comparison with Birds and Mammals. , 160-163 or. ISBN 10.2307/1443520..
- ↑ (Ingelesez) Miller, Larry. (2007/12/09). We're Born With 270 Bones. As Adults We Have 206. .
- ↑ (Ingelesez) [Yahoo! How many bones does the human body contain?. ] (Noiz kontsultatua: 2019/03/17).
- ↑ (Ingelesez) (PDF) https://education.sdsc.edu/download/enrich/exploring_human.pdf. (Noiz kontsultatua: 2019/03/17).
- ↑ (Ingelesez) Tözeren, Aydın. (2000). Human Body Dynamics: Classical Mechanics and Human Movement. Springer, 6–10 or. ISBN 0-387-98801-7..
- ↑ (Ingelesez) Balaban, Naomi. (2008). The Handy Anatomy Answer Book. , 61 or. ISBN 978-1-57859-190-9..
- ↑ (Ingelesez) Stein, Lisa. (2007). Body: The Complete Human: How It Grows, How It Works, And How to Keep It Healthy And Strong. National Geographic Society, 73 or. ISBN 978-1-4262-0128-8..
- ↑ (Ingelesez) Steele, D. Gentry; Claud A. Bramblett. (1988). The Anatomy and Biology of the Human Skeleton.. , 4 or. ISBN 0-89096-300-2...
- ↑ (Ingelesez) Schmiedeler, Edgar; Mary Rosa McDonough. (1934). Parent and Child: An Introductory Study of Parent Education.. , 31 or..