Edukira joan

Hauteskunde sistema

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bozketa sistema» orritik birbideratua)

Hauteskunde sistema hauteskundeetan lortutako emaitzak erakunde politikoetan islatzeko mekanismoa da. Beste modu batean esanda, boto kopurua eserleku kopuru bihurtzeko formula matematikoa da.

Zentzu zabalean, hauteskunde sistema bi daude: gehiengozko sistemak eta sistema proportzionalak. Sistema konkretu bat multzo batean sartzeko bere osagaiak izan behar dira kontuan.

Hauteskunde sistemen osagaiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauteskunde sistemak aztertzeko orduan, bost osagai hartzen dira kontuan zientzia politikoetan:

Hauteskunde barrutia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauteskunde barrutia da osagairik erabakigarriena. Eserleku kopuru jakin bat aukeratzen duen hautesle multzoa da. Gehienetan lurralde administrazioko unitate bati lotua egon ohi da (adibidez, probintzia, eskualde, konderri, etab.) baina batzuetan bestelako argudioak erabiltzen dira barrutiak osatzeko (enpresa, alderdi edo taldeetan egiten diren hauteskundeetan, adibidez, kargua, adina, lantaldea edo bestelakoak har daitezke kontutan).

Zenbait kasutan hauteskunde barruti bakarra dago. Horren arabera boto guztiak batera kontatzen dira eta eserleku guztiak banatzeko boto guztiek balio dute. Sistema hau Israeleko hauteskunde orokorretan erabiltzen da besteak beste. Kasu gehienetan, ordea, parlamentua aukeratu behar duen lurraldea unitate txikiagotan zatitzen da eta horietako bakoitzari eserleku kopuru jakin bat ezartzen zaio.

Hauteskunde barrutien tamainari dagokionez, eserleku bakarrekoak edo eserleku ugarikoak izan daitezke. Lehenengoetan barruti bakoitzean eserleku bakarra aukeratzen da eta boto gehien lortzen dituenak irabazten du. Bigarrenean, aldiz, barruti bakoitzak bi eserleku edo gehiago izaten ditu eta aukeraketa nolabaiteko sistema proportzional baten bidez egin ohi da.

Eserleku bakarreko hauteskunde sistemaren adibide garrantzitsuena Erresuma Batua da (Komunen Ganberarako egiten diren hauteskundeetan). Bertan, konderri bakoitzak ordezkari bakarra izendatzen du. Eserleku ugariko sistemak zabalduago daude Europan zehar; adibidez, Gasteizko legebiltzarra aukeratzeko hiru barruti daude eta bakoitzak 25na eserleku aukeratzen ditu.

Hauteskunde barrutien tamainak (bertan aukeratzen den eserleku kopuruak) erlazio zuzena dauka ordezkaritzaren proportzionaltasunarekin. Horrela, barruti handiagoetan (10-11 eserleku baino gehiago aukeratzen direnetan) proportzionaltasuna handitu egin ohi da (beste osagaiak kontuan izan gabe). Aldiz, barruti txikiagoetan (5 eserleku baino gutxiago aukeratzen direnetan) proportzionaltasuna murriztu egiten da.

Hauteskunde formula

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Formula eserlekuak banatzeko operazio matematikoa da. Bi taldetan banatzen dira: gehiengozko formulak eta proportzionalak. Bakoitzak bere logika jarraitzen du; lehenengoak baztertzea bilatzen du, bigarrenak banatzea.

Gehiengozko formulak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Formula hauen helburua boto gehien lortu dutenei jokoan dauden eserleku guztiak ematea da. Formularik ohikoena eta errazena ingelesez First-Past-the-Post deitutakoa da (euskaraz, Lehenengoak postua eskuratzen du). Erresuma Batuko hauteskunde orokorretan konderri bakoitzean formula hau erabiltzen da; boto gehien lortu duenak jokoan dagoen eserlekua hartzen du, beste hautagai guztiak kanpoan utziz.

Bi itzulitako gehiengozko sistemaren adibidea. Lehen itzulian boto gehien lortu duten biek bigarren itzulian parte hartzen dute.

Beste kasu batzuetan, gehiengoaren babesa bultzatzeko, bi itzulitako formula erabiltzen da: hauteskundeetan boto gehien lortzen duten bi hautagaiek bigarren itzuli bat egiten dute. Horrela, aukeratzen denak botoen %50a duela segurtatzen da. Sistema hau, besteak beste, Frantziako hauteskunde orokorretan erabiltzen da. Honen aldaera bat Australian erabiltzen da; bertan itzuli biak egun banatan egin beharrean batera egiten dira, hautesleak hautagaiak lehentasunaren arabera sailkatzen ditu eta.

Formula proportzionalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Formula hauek hautesleek egindako aukeren isla gauzatu nahi dute. Jasotako botoak era proportzionalean eserleku bihurtu nahi dituzte. Hemen ere bi azpimultzo banatzen dira:

Hondar handienaren formulak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kuota kalkulatzen da formula hauetan, hau da, eserlekua lortu ahal izateko jaso beharreko gutxieneko boto kopurua. Alderdi bakoitzak lortutako botoak kuotaz zatitzen dira eta zenbaki osoak besteko eserlekuak ematen zaizkio alderdiari. Soberan gelditzen diren eserlekuak dezimal edo hondar handiena dutenetik txikienera dutenetara banatzen dira.

Formula hauen aldaera berezienetakoa Irlandan eta Maltan (besteak beste) erabiltzen den Single Transferable Vote (euskaraz Boto bakar transferigarria) deiturikoa da. Hemen, alderdiak aurkeztu beharrean hautagaiak aurkezten dira eta boto emaileak lehentasunaren arabera sailkatzen ditu. Lehenengo botoak zenbatuta kuotara heldu den hautagai bakoitzari eserleku bana ematen zaio. Banatu gabe gelditu diren eserlekuak banatzeko, bigarren botoak zenbatu eta ponderatzen dira eta horrenbeste aldiz errepikatzen da prozedura bera eserleku guztiak banatu arte.

Media altuenaren formulak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Media altuenaren edo zatitzaileen formuletan, alderdi bakoitzak lortutako boto kopura zatitzaile zerrenda batez zatitzen da taula batean. Eserlekuak banatzeko taula horretako zenbakirik handienak hartu eta dagokion alderdiari horrenbeste eserleku ematen zaizkio. Serie edo zerrenda desberdinak daude baina ezagunenak D'Hondt (zenbaki jarraiak hartzen dira: 1, 2, 3, 4, 5, etab.) eta Saing Lagüe (zenbaki bakoitiak hartzen dira: 1, 3, 5, 7, 9...) dira. D'Hondt seriea erabiltzen da, adibidez, Hego Euskal Herriko hauteskunde gehienetan (udalekoak, autonomikoak, foralak...).

Boto egituraketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Alemaniako 2005eko hauteskundeetako boto txartel bat. Ezkerraldean barrutiko ordezkaria aukeratzen du hautesleak eta eskuinaldean maila nazionalean banatuko diren eserlekuetarako bere gustuko alderdiari botoa ematen dio.

Botoak emateko prozedura da. Gehien zabaldutako egituraketa boto bakarra da: hautesle bakoitzak boto bakarra eman dezake, bai hautagai bakar bati (gehiengozko sistemetan) bai zerrenda bati (sistema proportzional gehienetan). Aldiz, beste zenbait eratako egituraketan ere badaude. Boto preferentzialetan (goian aipatutako Irlanda edo Maltako kasuetan adibidez) hautesleak hautagaiak lehentasunaren arabera sailkatzen ditu. Boto anitzean (Espainiako senatua aukeratzeko erabiltzen da) hautesle bakoitzak eserleku kopurua adinako boto kopurua du (gutxiago ere izan daiteke, adibidez, 4 eserlekuko barruti batean hautesleak 3 boto eman ditzake), hau da, hautagai bati baino gehiagori botoa eman diezaioke baina lehentasunik ezarri gabe.

Azken aldaera esanguratsua boto bikoitza da. Hau Alemania eta Italiako parlamentuak aukeratzeko erabiltzen da, besteak beste. Sistema honetan hautesleak bi boto ditu hauteskunde barruti bitan parte hartzen duelako: batetik eserleku bakarreko hauteskunde barrutian botoa ematen du barruti horrek izango duen ordezkaria aukeratzeko (gehiengozko formulaz) eta bestetik nazio mailan hauteskunde barruti bakarrean parte hartzen du gainerako eserlekuak banatzeko (formula proportzionalaz).

Hautagai zerrenda

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Boto paperak hartzen duen itxura da. Eserleku bakarreko barrutietan izen bakarra izan dezake (hautesleak aukeratutako hautagaiarena) edo hautagai guztien izenak ager daitezke eta hautagaiak beraietako bat aukeratu behar du.

Eserleku bat baino gehiago duten barrutietan hiru motatako zerrendak aurki daitezke:

Itxia eta blokeatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alderdi bakoitzak bere hautagaiak nahi dituen ordenan aurkezten ditu. Hauteslearen aukera bakarra nahi duen alderdia aukeratzea da baina ezin du hautagaien ordena aldatu. Zerrenda hauek alderdien nagusitasuna azpimarratzen dute, hautesleen aukeratzeko eskubideen gainetik.

Itxia baina blokeatu gabea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Preferentziazko boto txartela (zerrenda irekia). Hautesleak hautagaiak nahi dituen ordenan jar ditzake.

Hautesleak ordena alda dezake. Preferentziazko boto sistemetan gertatzen da. Alderdiek zerrendak proposatzen dute, eta hautesleek ordena hautaketa ordena egiten dute. Alderdien boterea proposamenak egitea da; eta hautesleak alderdiaren barruko lehentasuna bere aukera egitea ahalbidetzen du.

Hautesleak bere gogoko zerrenda osa dezake nahi dituen hautagaiak aukeratuz. Alderdiek ez dute botererik, proposamen soilak egin ditzakete. Erabaki ahalmen guztia hautesleen esku dago.

Eserleku bat baino gehiagoko barrutietan, eserleku banaketan parte hartzeko lortu beharreko gutxieneko boto kopurua (normalean boto portzentajea zehazten da). Muga horretara iristea ezinbestekoa da banaketan sartu ahal izateko (horrek ez du zertan eserlekuren bat lortuko denik esan nahi). Muga hauek gehiegizko zatiketa eta aniztasuna eragozteko jartzen dira. Gasteizko legebiltzarrerako hauteskundeetan, adibidez, barruti bakoitzeko baliozko botoen %3a lortu behar du alderdi batek banaketa prozesuan sartu ahal izateko.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • (Ingelesez)Aceproject Hauteskunde sistemei buruzko informazio zehatza.