Frantses
Frantsesa[1] (français, la langue française) erromantze hizkuntza da, hizkuntza indoeuropar bat. Erromatar Inperioan hitz egiten zen latin arruntetik eratorri zen, beste hizkuntza erromantzeak bezala. Hizkuntza galo-erromantzeetatik eratorri zen, Galian hitz egiten zen latinaren forma, zehazkiago Iparraldeko Galian. Bere ahaiderik gertukoenak Frantziako iparraldean eta Belgikako hegoaldean tradizionalki hitz egin diren beste Oïl hizkuntzak dira, frantsesak ia guztiz gainditu dituenak. Frantsesak Galia Belgikako hizkuntza zelten eragina izan du, eta beranduago frankiar hizkuntzarena, frankoen inbasioaren ondorioz. Gaur egun, Frantziak iraganean izandako itsasoz-haraindiko hedapena dela eta, frantziar kreolerak ugari dira, Haitiko kreolera nabarmen. Frantsesa hitz egiten duen pertsona edo nazio bati frankofono (frantsesez: Francophone) deritzo.
Frantsesa hizkuntza ofiziala da munduko 29 herrialdetan, kontinente guztietan[2]. Horietako gehienak Organisation Internationale de la Francophonie (OIF) erakundeko kide dira, frantsesa erabili edo irakasten duten 84 herrialdeen elkartea. Lehen hizkuntza gisa erabiltzen da Frantzian (baita Ipar Euskal Herrian ere), Kanadako Quebecen zein Ontario eta New Brunswicken, Belgikan (bereziki Valonia eta Bruselan), Suitzako mendebaldean (Berna, Friburgo, Geneva, Jura, Neuchâtel, Vaud, Valais kantonamenduetan), Monako, Ameriketako Estatu Batuetako eskualde batzuetan (Louisiana, Maine, New Hampshire eta Vermont), Luxenburgoko eskualde batzuetan, Italiako iparraldean (Aostako Harana) eta munduan zehar dauden hainbat komunitatetan[3]. 2015ean L2 zein hiztun partzialen %40 Europan bizi zen, %35 Saharaz hegoaldeko Afrikan, %15 Afrikan eta Ekialde Hurbilean, %8 Amerikan eta %1 Asia eta Ozeanian[4]. Frantsesa Europar Batasunean hitz egiten den laugarren hizkuntza nagusia da[5], eta Europan beste lehen hizkuntza bat duten baina bigarren hizkuntza bat hitz egiteko gai direnen %20 inguruk frantsesa du bigarren hizkuntzatzat[6]. Frantsesa da EBn gehien irakasten den bigarren hizkuntza[7]. Frantsesa da ere munduan natiboki gehien hitz egiten den 18. hizkuntza, hiztun kopuru osoaren arabera 6.a eta munduan zehar gehien ikasten den bigarrena, 120 milioi ikaslerekin[8].
Frantziar eta belgikar kolonialismoaren ondorioz XVI. mendetik aurrera, frantsesa asko hedatu zen Amerikan, Afrikan eta Asian zehar. Bigarren hizkuntza frantsesa dutenen gehiengoa Afrika Frankofonoan bizi dira, bereziki Gabon, Aljeria, Maroko, Tunisia, Maurizio, Senegal eta Boli Kostan[9].
Académie française izeneko erakunde beteranoa, 1635ean sortua, hizkuntzaren araugilea da.
Historia
Erromatarrek Galia konkistatu ondoren hitz egiten zen latinetik, latin arruntetik, sortu zen bertako erromantzea. Gero, frankoak iritsi zirenean, Galiako iparraldeko erromantzea frantses bihurtu zen; Galiako hegoaldean, franko gutxi izanik, erromantzea gutxiago aldatu zen. Horregatik, Frantzian erromantzeak bi multzo nagusitan banatuta daude: oc hizkuntza, batetik,eta oil hizkuntza, bestetik. Erromantzez idatziriko lehenengo testu ezaguna 842koa da, eta latinetik erabat bereizita dago; hizkuntza horrek VIII. mendera bitartean izandako bilakaeraren berririk ez dago. Hainbat gertaera historiko zela medio, Parisko dialektoa (oil hizkuntza taldekoa) nagusitu zen, eta egungo frantsesaren —XVI. mendetik Frantziako estatuko hizkuntza ofizial estandarra denaren— oinarri bilakatu. Era berean, frantses estandarra okzitanierari (edo oc hizkuntza izendapena eman zitzaion hizkera multzoari) tokia jaten joan zitzaion.
Antzinako frantsesak (X-XIII. mendekoak) ezaugarri bereziak zituen, latinarekin alderatuz gero: bi deklinabide kasu, preposizioen erabilera handiagoa, artikuluaren sorrera, eta aditz jokoko zenbait aldaketa. XIV-XVI. mendeetan, latina baztertu eta frantsesa erabat erabili zen literaturan, administrazioan, eta abarretan. Garai hartan, lexikoa aberastu (inguruko hizkuntzetara joz), deklinabidea galdu eta, horren ondorioz, preposizioen erabilera nagusitu zen.
XVII. eta XVIII. mendeak frantses klasikoaren garaia izan ziren, eta literatura hizkuntza sortu eta kodetu zen: beste hizkuntzetatik hartutako lexikoa garbitu (eta, azken batean, lexiko aberastasuna murriztu) eta sintaxia finkatu zen. Frantziako Iraultzaren garaian, nazio eremuko hizkuntz politikaren ondorioz, eskoletan hizkuntza estandar bakarra irakasten zen, dialektoak eta Frantziako gainerako hizkuntzak baztertuta. Horixe izan da ondorengo erregimenen politika.
Egungo frantsesean, alde handia dago hizkuntza idatziaren eta hizkuntza mintzatuaren artean: lehena finkatua da, eta bigarrenak bilakaera handia du. Funtsean, latinaren hiztegia gorde du, baina gramatikaren aldetik latina baino sinpleagoa da eta, fonetikaren aldetik, aldaketa ugari izan du. Beraz, beste hizkuntza erromanikoekin parekatuz gero, ahoskera arras ezberdina du.
Frantziaren kolonialismoa zela bide, mintzaira herri askotan ezarri zen. Deskolonizazioaren ondoren sortutako estatu gehienetan, ordu arte Frantziako kolonia izandako lurralde gehienetako hizkuntza ofizial bilakatu da. Horretaz beste, Belgikako waloniarren artean eta Suitzako kantoi batzuetan ere erabiltzen da. Guztira, 85 milioi hiztunen lehen hizkuntza da, eta beste 200 bat milioiren bigarren hizkuntza.
Kolonizazioaren eraginez, Afrikan eta Amerikan (Haiti, Martinika eta abar) kreolerak sortu dira.
Literatura
Frantsesezko idazle famatuak historian zehar hainbat izan dira: besteak beste, Alexandre Dumas, Jules Verne, Victor Hugo, Albert Camus, Jean-Paul Sartre, Simone Beauvoir eta Marguerite Duras.
Dozena bat idazle baino gehiagok eskuratu dute Literaturako Nobel Saria, hizkuntza horretaz idatziz. Bestela, Goncourt Saria frantsesezko idazleen artean banatzen da urtero eta Frantziako garrantzitsuena da.
Musika
Hizkuntza horretaz abestu duten artista ezagunen artean, Édith Piaf, Jacques Brel, Charles Aznavour, Georges Brassens, Georges Moustaki, Manu Chao eta Youssou N'Dour ditugu, besteak beste.
Zinema
Lumière anaiak izan ziren zinemaren sortzaileak, eta ordutik frantsesezko zinemak ohorezko lekua du, bai Europan, bai mundu osoan ere. Artista guztiz arrakastatsuak Brigitte Bardot, Alain Delon, Yves Montand, Catherine Deneuve, Gérard Depardieu, Juliette Binoche, Jean Reno eta Audrey Tautou ditugu, esate baterako.
Zinema zuzendarien artean, Jean Vigo, Jean Renoir, Jean-Luc Godard, François Truffaut, Éric Rohmer, Luc Besson eta Krzysztof Kieslowski azpimarratzekoak dira.
Frankofonia
Munduan frantsesez hitz egiten duen komunitatea da, 150 bat milioi pertsonak osatua; seigarren hizkuntza komunitaterik handiena da gaur egun. Kide gehienak Afrikako herrialdeetakoak dira, frantses eta belgikar kolonialismoen ondorioz.
Erreferentziak
- Artikulu honen iturrietako bat Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa da.
- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ «Countries and Languages - Megalanguages around the World - Nations Online Project» www.nationsonline.org (Noiz kontsultatua: 2019-02-26).
- ↑ Government of Canada, Statistics Canada. (2017-08-02). «Census in Brief: English, French and official language minorities in Canada» www12.statcan.gc.ca (Noiz kontsultatua: 2019-02-26).
- ↑ (Ingelesez) étrangères, Ministère de l'Europe et des Affaires. «The status of French in the world» France Diplomatie :: Ministry for Europe and Foreign Affairs (Noiz kontsultatua: 2019-02-26).
- ↑ «Wayback Machine» web.archive.org 2016-01-06 (Noiz kontsultatua: 2019-02-26).
- ↑ «Why learn French?» web.archive.org 2008-06-19 (Noiz kontsultatua: 2019-02-26).
- ↑ «Le français est la deuxième langue la plus étudiée dans l'Union européenne» FIGARO 2017-02-25 (Noiz kontsultatua: 2019-02-26).
- ↑ (Ingelesez) Babbel.com; GmbH, Lesson Nine. «How Many People Speak French, And Where Is It Spoken?» The Babbel Magazine (Noiz kontsultatua: 2019-02-26).
- ↑ Francophonie., Organisation internationale de la. (2007). La francophonie dans le monde. 2006-2007. Nathan ISBN 9782098821774. PMC 144615162. (Noiz kontsultatua: 2019-02-26).
Ikus, gainera
Kanpo loturak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Frantses |
Hizkuntza honek bere Wikipedia du: Bisita ezazu. |
- (Frantsesez) Frantses Akademiaren webgunea
- (Frantsesez)(Ingelesez)"Alliance Française" erakundea
- (Frantsesez) Hiztegi Euskara/Frantsesez
Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak | ||
---|---|---|
Alemana · Bulgariera · Daniera · Errumaniera · Eslovakiera · Esloveniera · Estoniera · Finlandiera · Frantsesa · Gaelera · Gaztelania · Greziera · Hungariera · Ingelesa · Italiera · Letoniera · Lituaniera · Maltera · Nederlandera · Poloniera · Portugesa · Suediera · Txekiera |