Transoxiana
Transoxiana Erdialdeko Asiako Turkestango eskualde historiko bat da, Aral itsasoa eta Pamir goi-ordokiaren artean dagoena, gaur egun Uzbekistan, Tajikistan, Kazakhstan eta Turkmenistanen artean banatua dagoena. Bere izenak "Oxus ibaitik haratago" esan nahi du, hau da, gaur egungo Amu Daria ibaitik iparraldera. Tamerlan eta timuridoen dinastiaren (XIV. mendea eta XV. mendea) inperioaren erdigunea izan zen. Bere hiriburua Samarkanda zen. Baliteke Zoroastro edo Zaratustraren jaiolekua izatea.
Transoxiana greziarrek Oxus ibaitik haratago zegoen lurraldea izendatzeko erabili zuten izena da. Akemenidarrek Sogdiana deitu zuten, eta Baktrianarekin batu zuen Alexandro Handiak satrapia bakar batean. Independizatua, Diodoto I.aren Grekobaktrianar Erresuma eratu zuen, beranduago Kusan Inperioak inbaditua, azkenean, VIII. mendean arabiarrek okupatua izan zelarik. Han garatu zen hurrengo mendeetan Europari utzi zioten zientziaren zati handi bat.
XIII. mendean Mongoliar Inperioak okupatu zuen, eta XIV. mendean Tamerlan bere hiriburua zen Samarkandan ezarri zen, arte, lanbide eta merkataritza guztietako jendea erakarriz: greziarrak, txinarrak, egiptoarrak, pertsiarrak, siriarrak, armeniarrak, etab... Eskualdea, jarraian zenbait islamiar hiri-estatu independentek gobernatu zuten, XIX. menderarte, Errusiar Inperioak inbaditu zuenean. Gaur egun, gehienbat Uzbekistanen zati da, 1991tik independentea den herrialdea. Bukhara, Samarkanda eta Khiva dira, ziuraski Transoxianaren historia milenarioaren ordezkaririk ospetsuenak.